Berriak Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak “ebatzitzat” jo du Urdaibain Guggenheim bat eraikitzeko proiektuaren gaia

2010.eko ekainak 24

Lehendakariak Museoaren Patronatuaren ezohiko bilera baterako deialdia egin du Jaurlaritzaren erabaki “irmoa” berretsiko duen Plan Estrategikoaren aldaketa onesteko

Guggenheim Museoaren Patronatuak ezohiko bilera egingo du 5 egun barru gutxienez, Bilboko pinakotekaren Plan Estrategikoa Eusko Jaurlaritzak Urdaibaiko eskualdean beste Guggenheim bat ez eraikitzeko hartu duen erabaki “irmo”ra egokitzeko. Eusko Jaurlaritzak “ebatzitzat” jo du proiektu hau. Blanca Urgellek, Kultura sailburuak, “bideraezina” eta “desegokia” dela adierazi du eta Jaurlaritzak ez du proiektuaren finantziazioan parte hartuko. “Kale itsu bat da, izan ere, Jaurlaritzak inbertsioaren ehuneko 50a eta instalazioa mantentzeko gastuen ehuneko 50a jarri beharko luke baina proiektuan ez parte hartzea erabaki du”, adierazi du Urgellek gaur arratsaldean Museoaren Patronatuarekin izan duen bileraren ondoren.

Eusko Jaurlaritzak ez du Urdaibaiko eskualdean beste Guggenheim museo bat eraikitzeko proiektua finantzatuko. Horixe izan da Blanca Urgell sailburuak Guggenheim Museoaren Patronatuko gainerako kideei adierazi dien erabaki “irmoa”. Urgellen hitzetan, Bizkaiko Aldundiak sustatu duen proiektua aztertu ondoren, Jaurlaritzak ez dela “ez bideragarria, ez egokia” ondorioztatu du, hori dela eta, “proiektu hau ebatzitzat jotzen dugu”, esan du. “Kale itsu bat da, izan ere, Jaurlaritzak inbertsioaren ehuneko 50a eta instalazioa mantentzeko gastuen ehuneko 50a jarri beharko luke baina proiektuan ez parte hartzea erabaki du”, gehitu du.

Guggenheim Museoaren Patronatua gaur arratsaldean Bilboko pinakotekan batzartu da eta Patxi López izan da bileraren burua. Patronatuaren batzarraren osteko prentsaurreko batean Kultura sailburuak Eusko Jaurlaritzaren apustuak “Guggenheim Bilbao marka indartzea” barne hartzen duela azaldu du, hori dela eta, ez dago ados Guggenheim Urdaibaiko eskualdera hedatzearekin.

Eusko Jaurlaritzak Urdaibain beste Guggenheim museo bat eraikitzeko proiektua ez babestea erabaki duela eta, pinakotekaren Plan Estrategikoa aldatu egingo da eta horretarako, Patxi López lehendakariak, Patronatuko presidente gisa, Plana hedapen hori barne hartzen ez duen egungo egoerara “egokitzeko” ezohiko bilera bat egiteko deialdia egin du. Deialdi hori bi erakundeek Patronatuko gainerako kide pribatuak erabaki honetatik kanpo utzi nahi dituztelako ere egin da. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak ezohiko bileran aurkeztuko duen aldaketa baieztapen bidez onetsiko da Patronatuko kideek gaiaren inguruan duten iritzia ematea ekiditeko.

Egoera ikusita, sailburuak Eusko Jaurlaritzak “proiektua ebatzitzat jotzen duela” errepikatu du, beharrezkoa baita Patronatuko bi bazkide nagusien adostasuna lortzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Blanca Urgell, sailburua