Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadirako aurreikusitako Europako funtsen kudeaketan zuzenean parte hartzea proposatu du lehendakariak

2015.eko otsailak 26
  • Iñigo Urkulluk Europako Batzordeko presidenteorde Jyrki Katainen finlandiarrarekin eta EBrako Estatuko idazkariarekin batera parte hartu du Bilbon politika europarrei buruz eginiko Herritarrekin solasaldia izeneko foroan.
  •  EBko Inbertsio Plana aurkezteko bisitatu du Euskadi Katainenek (315.000 milioi euroko aurrekontua du). 
  • «Funtsak jasotzeko eta hasiera-hasieratik horiek lanean jartzeko prest gaude», adierazi du lehendakariak. 

Herritarrekin solasaldiaizeneko foroan parte hartu du gaur goizean Bilbon lehendakariak Europako Batzordeko presidenteorde Jyrki Katainen finlandiarrarekin eta Europar Batasunerako Estatuko idazkari Iñigo Méndez de Vigorekin batera. Europako Batzordeak Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean antolatutako foro horretan herritarrek Euskadiri eta politika europarrei buruz egindako galderei erantzun diete.

Europako presidenteordea Euskadira etorri da Europan hazkundea eta enplegua sustatzeko azaroan iragarritako EBren inbertsio-plana, Juncker Plana deitutakoa, aurkeztera. Plan horrek 315.000 milioi euroko aurrekontua du guztira.

Europako Batzordearen ekimenez abiarazitako eztabaida-foro bat da Herritarrekin solasaldiak izenekoa; hainbat saio ditu, eta horrelakoetan Europako erakundeek gauzatutako politikei buruzko galderak eta iritziak helaraz diezazkiekete herritarrek ordezkari politikoei. Gaur goizean Euskalduna Jauregian izandakoan 200 lagunek baino gehiago hartu dute: ikasleak eta gizarte zibilaren eta finantza munduaren ordezkariak, batez ere. 

Lehendakariak foro hori egiteko Euskadi hautatu izana eskertu dio Europako Batzordeari, eta Euskadiko erakundeak proiektu europarrarekin konprometituta daudela nabarmendu du, «Herrien Europan, subsidiariotasunean eta oinarritik abiatutako eraikuntzan sinesten baitugu», gaineratu du.

Subsidiariotasunari dagokionez, EBk Euskadin eta Arku Atlantikoan egin asmo dituen suspertze- eta inbertsio-politiken kudeaketan euskal erakundeek zuzenean parte hartzea proposatu die lehendakariak Europako arduradunei, izan ere, azaldu duen moduan, Europako inbertsio osoaren % 55 udalerriek, lurraldeek eta erkidegoek egiten dituzte. Haren iritziz, Euskadik zuzenean parte hartzeak inbertsioaren etekina eta emaitza hobetuko lituzke.

Pertsonak ezin dira zain egon

«Funtsak jasotzeko eta hasiera-hasieratik horiek lanean jartzeko prest dago Euskadi», adierazi du lehendakariak; izan ere, ekintzaileak, enpresak, inbertsioak eta industriaren proiektuak ezin dira zain egon, haren iritzian. 

Gaur egungo egoera ekonomikoari buruz, Euskadiren BPG % 1,2 hazi dela esan du Urkulluk, eta, bi urtez atzeraldian murgilduta egon ostean, jada sei hiruhilekoz jarraian gora egin duela. Krisia hasi zenetik, halaber, lehen aldia da enplegu garbia sortu dena. 

«Ziabogan gaude, joera-aldaketa bete-betean, eta elkarrekin egin behar dugu arraun. Horregatik, ongietorria egiten diegu suspertze-politikei eta Inbertsio Estrategikoen Europako Funtsari», adierazi du.

Gure Juncker Plana

Doikuntza eta austeritatetik suspertze eta enplegura behin betiko igarotzearen alde agertu da lehendakaria, pertsonen duintasuna eta bizi-kalitatea zein aukerak bermatzeko, eta Euskadik bere Juncker Plana ere baduela azaldu du, 2016ra arteko Enpleguko eta Susperraldi Ekonomikoko Hitzarmenean laburbiltzen dena, baita horretara 6.475 milioi euro bideratu direla ere.

Foroaren beste momentu batean, benetako ekonomia suspertzeko eta ETEak zein ekintzailetza laguntzeko politikak oinarri hartzen dituen Europa bat espero duela adierazi du Iñigo Urkulluk. Europa horrek, orobat, gazteentzako politikei eman behar die lehentasuna eta Europako Arku Atlantikoa biziberritzeko plan espezifikoa lagundu behar du, komunikazio-azpiegituren inbertsioak (abiadura handia, portuak) eta energia-proiektuak ez ezik, hiri- eta ingurumen-eraldaketako inbertsioak ere barne hartuta.

Azkenik, Bilbon eginiko Herritarrekin solasaldia foroak Europa hobetoxeago ezagutzeko balio izan duela esan du lehendakariak, eta gehitu du Euskadik defendatzen duen herri-proiektua Europaren partea dela eta erakunde europarren estimulua, laguntza eta finantzaketa behar dituela.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Jyrki Katainen Vicepresidente de la Comision Europea