Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak segurtasun-dispositibo berezia ezarriko du Athletic – Torino partidurako

2015.eko otsailak 24
Italiatik 2.500 zale etortzea aurreikusten da
 
Ertzaintzak segurtasun-dispositibo berezia ezarriko du Europa League futbol-lehiaketaren barruan Athleticek eta Torino FCk ostegunean jokatuko duten partidua dela eta. Arrisku handikotzat jo dute partidua, eta Italiatik etorritako 2.500 zale ere egongo dira zelaian. Italiako poliziako bi agente Bilbon egongo dira Ertzaintzarekin in situ elkarlanean.
 
Datorren osteguneko norgehiagokan Athletic eta Torino FC nor baino nor arituko dira Europa League txapelketako final-hamaseirenetako itzuliko partiduan. Arrisku handikotzat jo dute partidua. Hori dela eta, dispositibo berezia prestatu du Ertzaintzak zaleen segurtasuna bermatzeko, hala San Mames Barria futbol-zelaian eta haren inguruan nola hiri osoan; bi taldeen zaleak, izan ere, elkarrekin egongo dira hirian partiduaren aurreko eta osteko orduetan.

Halaber, Bilbora partidua ikusteko sarrera duten 2.500 italiar iritsiko dira. Zale horiek asteazken eta ostegun artean iritsiko direla aurreikusi dute, gehienbat autobusez, bidaiatzeko prestatutako furgoneta txikiz, ibilgailu partikularrez eta hegazkinez Madrilera eta handik ibilgailuak alokatuz.

San Mames eta ingururako prestatutako dispositiboari dagokionez, zelaiko sarbideak bereziki kontrolatuko ditu Ertzaintzak; zorrotz jokatuko du, orobat, zelaian Kirol Legeak debekatutako objektuak sar ez ditzaten (bengalak, petardoak, botilak...), eta mezu iraingarriak edo indarkeria bultzatzen dutenak jasotzen dituzten pankartak edo ikurrak sartzea ere eragotziko dute.

Era berean, alkoholaren edo drogen eraginpean daudenei ez zaie estadioan sartzen utziko. Horregatik, zelaira ohi baino lehenago joatea gomendatzen zaie zaleei ilarak eta jende-pilaketak saihesteko. Ertzaintzak, gainera, babes handiena ere emango die bi taldeetako jokalari eta teknikariei zelaian sartzeko orduan.

Hirian aurreikusitako dispositiboari dagokionez, zaleak bildu ohi diren tokietan arazoak gerta ez daitezen saiatuko da bereziki Ertzaintza. Turingo zaleak elkartzeko gunetzat Moyua plaza ezarri dute, halaber, ordua iristen denean San Mames Barria zelairaino berme guztiez laguntzeko.

Ertzaintzak ez ezik, Bilboko Udaltzaingoak, segurtasun pribatuko agenteek eta Athleticeko langileek ere hartuko dute parte dispositiboan. Azkenik, Ertzaintzak Athleticen zaleei eta bilbotarrei oro har dei egin nahi die taldearen eta hiriaren ahalik eta irudi onena eman dezaten nazioartean oihartzun handia izango duen gertakari honetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau