Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak bihar, asteazkena, alerta laranja aktibatu du Gipuzkoan prezipitazio iraunkorrengatik eta abisu horia Bizkaian

2015.eko otsailak 24

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatuko du bihar, asteazkena, Gipuzkoan 00:00etatik 24:00etara, prezipitazio iraunkorrengatik. Bizkaian, ordea, abisu horiarekin jarraituko dute.

Halaber, gaur bi alerta laranja dauzka aktibatuta itsas bazterreko arriskuengatik: bata 00:00etatik 24:00etara, nabigaziorako, eta bestea, 19:00etatik 23:00etara kostaldeko inpaktuagatik.

Euskalmet, Meteorologiako Euskal Agentziaren ustez, Atlantikoko Azoreetako antizikloiaren eta Uharte Britainiarretan eta Italiako iparraldean dauden bi depresioren arteko korridore batean hainbat fronte ari dira igarotzen, eta horiek EAEri eragiten diote.

Denboraleak hobera egingo du ostiraletik aurrera, hilak 27, baina prezipitazioak oso ugariak eta iraunkorrak izango dira, batez ere asteazken goizean, hilak 25. Euria eta haize gogorra izango ditugu, eta itsasoaren egoera txarra izango da. Baliteke olatuek 7 metroko altuera gainditzea.

Gaur, zaparrada biziak izango dira, eta baliteke ekaitzak eta txingorra ere izatea. Pilaketak nabarmenak izango dira, 50 mm ingurukoak Kantauri isurialdean. Elur-maila 600 metrotik 1.000 metrora igoko da egunaren amaieran.

Kontuz desizoztearekin

Bihar, asteazkena, hilak 25, fronte epel batek prezipitazio ertainak eta iraunkorrak utziko ditu han-hemenka. Kantauri isurialdeko ekialdean, Gipuzkoako ekialdean, pilatutako kantitateak 70-80 mm-tik gorakoak izan daitezke.

Gainera, elur-maila nabarmen igoko da, 2.000 metroetaraino. Horrenbestez, kontuz ibili beharko da ibaien emariarekin, prezipitazio iraunkor eta oso ugariei, urtuko den elurra gehitu behar baitzaie. Ostegunean eta ostiralean, hilak 26 eta 27, prezipitazioak izango dira, baina ez hain ugariak. 

Gaur eta batez ere bihar, hilak 25, haizeak mendebaldetik eta ipar-mendebaldetik joko du indar handiz, eta baliteke 90 eta 100 km/h-ko boladak ere ibiltzea kostaldean eta mendi inguruetan. Haizeguneetatik kanpo, haize-boladak 50-80 km/h artekoak izango dira. Ostegunetik aurrera, hilak 26, haizea baretzen joango da.

Asteartean, hilak 24, eta asteazkenean, hilak 25, hondoko itsasoa eta haize itsasoa izango dira, eta oso baldintza txarrak sortuko dira nabigaziorako horren ondorioz. Kostaldeko inpaktuari dagokionez, itsasaldiak ez dira hain biziak izango egunotan.  

Dena den, gaurko bigarren itsasgoran (20:46erako dago aurreikusita), 6-7 metro arteko olatuak ibiliko direla aurreikusi dute, 17-18 segundoko tarteekin, eta horrek baliteke nolabaiteko inpaktua sortzea.

Oharra: Eguraldi iragarpenak eta abisuak Euskalmeten bidez jarraitzea gomendatzen da (http://www.euskalmet.net). Abisuen kasuan, jarraipena Twitter bidez egitea aholkatzen da (@Euskalmet).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau