Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

Erabakia, Familia eta lana bateratzeko 2010eko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuko 1. artikuluko a), b) eta d) paragrafoetan aurreikusita dauden diru-laguntza lerroak finantzatzeko 5.000.000tik gora euro gastatzeko baimena emateko. (2015-02-24(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015-02-24

 

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK 31,37 MILIOI EURO BIDERATUKO DITU FAMILIA ETA LANA UZTARTZEKO NEURRIETARA

Eusko Jaurlaritzak 31,37 miloi euro bideratuko ditu guztira familia eta lana uztartzeko neurriak sustatzeko egitasmoetara. Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenari erantzunez, Eusko Jaurlaritzak 2015ean laguntzok arautuko dituen agindua onartu du gaur goizean egindako bileran. Hain zuzen ere, 2014arekin alderatuta, % 81,13 haziko dira laguntzok.

Lana eta familia uztartzeko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuak familiei zuzendutako hiru jarduera lerro eta enpresei zuzendutako beste bat biltzen ditu. Laugarren lerro hori Lanbide berak kudeatzen du eta langileen ordezkapena ahalbidetzea du xede. Familiei zuzendutako jarduera lerroei dagokionez, lehendabizikoa seme-alabak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi murrizketa eskatu duten langileei bideratuta dago, bigarrena mendekotasun egoeran edo osasun egoera larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi murrizketa eskatu dutenei, eta, hirugarrena, azkenik, seme-alabak zaintzeko langileak kontratatu dituztenei.

Aipatutako hiru jarduera lerrook 2011-2015 Familiei laguntzeko Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde arteko III. Planaren baitan jasotzen dira. Hain zuzen ere, planaren helburu nagusia euren bizitza ziklo guztian familiak laguntzeko politikak sustatzea da.

Aurrekontu sail handiena duen laguntza lerroa seme-alabak zaintzeko eszedentziak edo lanaldi murrizketak eskatzen dituztenei bideratutakoa da. 2014an, 13.515 lagunek (horietatik batzuk 2013koak izan ziren) jaso zituzten haurrak zaintzeko laguntzok. Horietatik 1.850 lagunek eszedentzia eskatu zuten, eta, 11.665 lagunek, lanaldi murrizketa. Jasotako laguntza 1.243,36 eurokoa izan zen batez beste.

Aginduak jasotako bigarren laguntza lerroa mendekotasun egoeran edo osasun egoera larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi murrizketa eskatu dutenei bideratuta dago. 2014n, 280 lagunek jaso zituzten laguntzok, batez beste 1.246,48 euro. Horietatik 30 lagunek eszedentzia eskatu zuten, eta, 250 lagunek, lanaldi murrizketa.

Azkenik, hirugarren laguntza lerroa seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzen dituztenei bideratuta dago. Hain zuzen ere, enplegatzaileari Gizarte Segurantzako kostuak ordaintzeko laguntza ematen zaio, betiere familia unitatearen errentaren arabera. 2014n, 313 lagunek jaso zituzten laguntzok, batez beste 525,55 euro.

Taula: Onuradunak 2014an

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko