Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua egiteko baimena ematen dena, diru-sarrerak bermatzeko eta gizarte bazterkeriaren aurkako abenduaren 23ko 18/2008 Legean ezarritako gizarte-larrialdietarako laguntzen prestazio ekonomikoetarako. (2015-02-24(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko otsailak 24

LABURPENA

GIZARTE LARRIALDI EGOEREI AURRE EGITEKO 22 MILOI EUROKO AURREKONTU SAILA ONARTU DU EUSKO JAURLARITZAK

Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren proposamenari erantzunez, Gobernu Kontseiluak 22 milioi euroko gastua onartu du gaur 2015ean gizarte larrialdi egoerei aurre egiteko, 2014an baino milioi eta erdi euro gehiago.

Gizarte larrialdiko laguntzen helburu nagusia bazterketa egoerak saihestea da, bai arlo pertsonalean, bai arlo sozialean, bai lan arloan. Gizarte larrialdiko laguntzak prestazio ez periodikoak dira, izaera ekonomikoa dutenak, eta gastu zehatz ohiko zein ezohikoei aurre egiteko asmoz ematen dira gizarte bazterketa egoerak prebenitu, saihestu edo arintzeko.

Gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legeak bazterketa arriskuari aurre egitera bideratutako instrumentuak arautzen ditu, baita bazterketa pertsonal, sozial eta laborala arintzera zuzendutakoak ere. Era berean, herritarren gizarte eskubideak gauzatzeko bitarteko pertsonal, sozial edo ekonomikoak ez dituzten pertsonen gizarteratzea erraztea ere badu helburu, adibidez gizarte larrialdiko laguntzak jasotzea bermatuz. Gizarte larrialdiko laguntzek, eskubide subjektiboak diren diru-sarrerak bermatzeko errentarekin eta etxebizitza alokairurako prestazio osagarriarekin batera, diru-sarrerak bermatzeko euskal sistema osatzen dute.

Gaur Eusko Jaurlaritzak onartutako aginduak, familiek jaso beharreko laguntzen ehunekoak ezartzen ditu familion diru-sarreren eta kide kopuruaren arabera. Era berean, diru-sarrerak bermatzeko errentaren % 150 baino gutxiagoko diru-sarrerak dituztenek gizarte larrialdiko laguntzak jasotzeko eskubidea dutela ezartzen du.

Horrez gain, aginduak udalen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko informazio sistema bat ezartzen du unean-unean laguntzak jasotzen dituzten pertsonen gaineko informazioa izan eta programaren bilakaera jarraitzeko. Behin udal bakoitzari dagokion aurrekontu muga ezarrita, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila bera izango da udal bakoitzari hiru hilez behin esleitutako diru-kopurua helaraziko diona, betiere aldiz aurretik hartzaileen gaineko informazioa jaso baldin badu.

2014an 48.000 pertsona baino gehiagok jaso zituzten laguntzok, hau da, 27.800 familia inguruk. Lurraldeka, Bizkaian 25.832 lagunek jaso zituzten laguntzok, Gipuzkoan 13.873 lagunek eta Araban 8.699 lagunek.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau