Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak bere egin du ikerkuntza eta berrikuntza bultzatzeko Europar Batasunaren Horizonte 2020 programa markoan parte hartzeko erronka

2015.eko otsailak 23
Delinkuentziari aurre egiteko gaitasuna hobetzeko Europako Batzordearen ekimena
 
Ertzaintza Europar Batasuneko polizia, enpresa teknologiko eta unibertsitateekin elkarlanean arituko da polizia ikerkuntza eta herritarren segurtasuna hobetzeko ekimenen diseinuan. H2020 bezala ezagutzen den ekimena Europako Batzordeak sustatu du eta teknologia berriek gaizkile talde antolatuei eskaintzen dizkieten bitartekoei aurre egiteko ahalmen poliziala hobetu nahi du.
 
Segurtasuna da Europar Batasuneko herritarren lehentasun nagusietako bat. Europak uneotan dituen arrisku eta mehatxu handienetakoak terrorismoa, antolatutako delinkuentzia, droga trafikoa, ziberdelinkuentzia, pertsonen salerosketa, haur pornografia, haurren sexu esplotazioa, delinkuentzia ekonomikoa, ustelkeria, arma trafikoa eta mugarteko delinkuentzia dira. Gainera, legez kanpoko jarduera horietan aritzen diren gaizkile taldeak oso azkar egokitzen dira berrikuntza zientifiko eta teknologikoetara gure gizartearen balioak eta ongizatea erasotzeko asmoz.

Horren jakitun, Ertzaintzaren plan estrategikoak garrantzi berezia ematen dio berrikuntzari bere kudeaketa ereduan, ekintza ezberdinak bultzatuz berrikuntza Ertzaintzaren kultura korporatiboaren parte izan dadin. Bestalde, H2020 berrikuntza programaren bitartez, Europako Batzordeak Ertzaintzarenak ere badiren hainbat erronka egiten ditu bere, adibidez herritarren askatasuna eta eskubideak babestea, kooperazioa hobetzea, segurtasun eza eragiten duten arrazoiei aurre egitea, prebentzio eta aurre hartzeari lehentasuna ematea edota askatasun eta justizian oinarritutako kultura indartzea.

“Gizarte seguruak” izenburupean, H2020 programak Europar Batasuneko kide diren herrialdeetako segurtasuna sustatu nahi du aurrekaririk ez duen aldaketa testuinguru batean, elkarren arteko dependentzia eta mehatxu globalak gero eta handiagoak direla jakitun. Noski, Euskal Autonomia Erkidegoa bera ere ez dago testuinguru horretatik kanpo. Horiek horrela, Europako Batzordea berrikuntza, teknologia, ezagutza eta fidagarritasuna sustatzen duten proiektuak finantzatzen ari da herritarren segurtasuna areagotzeko. Proiektu horiek Europar Batasuneko estatu ezberdinetako partaideak izango dituzten partzuergoak eratzea exijitzen dute, segurtasun ezaren kontrako borrokan aplikatzeko moduko produktu eta teknologia berritzaileak garatutako dituzten enpresa edo/eta erakundeek osatutako partzuergoak.

Arlo horretan egindako hausnarketa estrategikoaren fruitu gisa, Ertzaintzak berak ere berrikuntza arloko hainbat ekintza bultzatzea erabaki du H2020 programako proiektuak sustatuko dituzten partzuergoetan azken erabiltzaile gisa parte hartzeko asmoz. Horrek Europar Batasuneko polizia, enpresa teknologiko eta unibertsitateekin elkarlanean Ertzaintzak ere Europako Batzordeak finantzatutako proiektuetarako proposamenak egitea ekarriko du.

Azken finean, Europa osoan herritarren segurtasuna bermatzeko egiten ari diren ahaleginekin bat egingo du Ertzaintzak, gainontzeko polizia indarrekin zein eragile sozialekin ezagutza eta esperientziak partekatuz. Hurrengo hilabeteetan ezagutuko dira Europako Batzordeari proiektuak garatzeko egingo zaizkion hainbat proposamen eta Ertzaintzak horietako batzuetan azken erabiltzaile gisa parte hartu ahal izatea espero da.

Lehen urrats gisa, hori bai, H2020 egitasmoaren baitako proiektuak bultzatzeko formakuntza programa bat burutuko da eta bertan hainbat ertzainek hartuko dute parte.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko