Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Udalerrietan merkataritza estrategia berri bat garatzeko GISCOM Euskadi Jaurlaritzaren egitasmoa hasi da fruituak ematen

2015.eko otsailak 23
  • Proiektuak lehendabiziko aldiz Euskadiko udalerri bakoitzean merkataritza, jatetxe-arlo, ostalaritza, aisialdi eta turismo establezimenduek bizi duten benetako egoera ezagutzea ahalbidetuko du.
  • Azken urtea Euskomerrekin, foru aldundiekin eta udalekin lanean eman ondoren, Euskadiko biztanleen % 56,7 hartzen dituzten hamahiru udalerrietako datu zehatzak bildu dira jada, eta, bi urteko epean, gainontzeko guztietakoak ere prest izango dira.
  • Horrek guztiak jarduera komertzialaren garapen eta sustapena, enpresa ekintzailetza, eta sektore eta azpisektore hauen hazkundearen zein lurralde antolamendu eta plangintzaren kudeaketa laguntzea du helburu.

Eusko Jaurlaritzak Euskomer Euskadiko Merkataritza Konfederazioarekin batera 2014an abian jarritako GISCOM Euskadi proiektua hasi da jada lehendabiziko fruituak ematen. GISCOM Euskadi informazio geografikoko sistemetan oinarritutako lanabesa da, gure herrietako errealitate sozioekonomikoa ezagutzea eta askotariko analisiak egitea ahalbidetzen duena. Izan ere, lehendabiziko aldiz, landa lanetan bildutako datuak erreferentziazko iturriek emandakoekin gurutzatzea ahalbidetzen du, adibidez udalak, diputazioak edota Eustat bera.

Egitasmoaren hasierako helburua merkataritza eta ostalaritza arloko enpresa txiki eta ertainei zein sektorearekin lotutako elkarte eta erakundeei posizionamendu eta lehiakortasun estrategiak garatzeko tresna bat eskaintzea da. Hala, GISCOM Euskadiri esker, udalerri bakoitzeko merkataritza errealitatearen argazki zehatza izango dugu lehen aldiz, orain arte eskura genituen estatistikek datu orokorragoak ematen baitzizkiguten, ez udalerriz udalerri sailkatutakoak.

Dagoeneko elkarrekin 1.243.073 biztanle dituzten hamahiru udalerritako datuak bilduta daude. Euskadiko biztanleria osoaren % 56,72 hartzen duten herri horiek honakoak dira: Amurrio, Laudio eta Gasteiz Araban; Irun, Errenteria eta Donostia Gipuzkoan, eta, azkenik, Bilbo, Barakaldo, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Getxo eta Leioa Bizkaian.

Eusko Jaurlaritzak eta Euskomerrek aurkeztu dute jada GISCOM Euskadi aipatutako herrietan, eta, horrenbestez, bertan eskura dute jada udalerriotako establezimendu kopuruaren, establezimenduon maila eta kokapenaren eta lokal hutsen gaineko informazioa. Hain zuzen ere, datu geografikoak, estatistikoak zein jarduera ekonomikoaren gaineko datuak dira lanabes hau konfiguratzeko jaso direnak. Erabili den metodologia, berriz, honakoa izan da:

  • Udalerri bakoitzean kale mailan dauden jarduera ekonomikodun establezimenduen errolda.
  • Landa lana behaketa zuzena erabiliz egin da lehenik, eta, ostean, establezimenduak udalerri bakoitzeko oinarri kartografikoan erregistratu dira.
  • Datu bilketa jarduera ekonomikoen honako kodifikazioan oinarrituta egin da:

–Merkataritza.

–Ostalaritza.

–Gainontzeko jarduera ekonomiko guztiak.

–Lokal hutsak.

Erregistratutako establezimendu bakoitzaren kasuan, kokapena, izen komertziala eta jarduera zehaztu dira.

Landa lana egin aurretik, errolda egin behar zen herrietako udalekin, hiru foru aldundiekin eta Eustatekin bilerak egin ziren proiektuaren berri eman eta sistema aberasteko informazioa eskatzeko. Informazio hori etorkizunean jasotako gainontzeko aldagaiekin erabili ahal izatea da helburua. Era berean, eragileoi landa lana egiteko laguntza eskatu zitzaien.

Itziar Epalza Merkataritza eta Turismo sailburuordeak proiektu honek erakundeen arteko eta eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetzarako eskaintzen duen aukera azpimarratu du.

Euskadiko gainontzeko udalerrietan ere egingo da landa lan hori hurrengo hilabeteetan; aurten bertan izango da prest herritarren % 70 hartzen dituzten herrietako GISCOM Euskadi mapa, eta egitasmoa hurrengo urtean amaituko da.

Egitasmoa Eusko Jaurlaritzaren 2013-2016 Merkataritza Planaren baitan kokatu behar da, hau da, ezagutzan oinarritutako ekonomia sustatuz jarduera komertziala bultzatzeko gobernuaren plangintzaren baitan. Ildo berean, egitasmoa onuradun ezberdinak izateagatik bereizten dela nabarmendu behar da, baita onuradun horietako bakoitzari funtzionalitate ezberdinak eskaintzen dizkiolako ere.

Jarduera komertzialarekin lotutako elkarteak/erakundeak:

    • Hornikuntza komertzialaren sektorearen egoera ezagutzea.
    • Beste erakunde batzuekin sinergiak sortzea.
    • Jasotako informazioan oinarrituta sustapen ekintzak definitzea.
    • Datu errealetan oinarritutako proposamenen bidez Administrazioarekin elkarlanean aritzea.
    • Ekintzak:

–Jarduera komertzialaren bilakaera ezagutzea.

–Ardatz komertzialak detektatzea.

Administrazio Publikoa:

    • Hornikuntza komertzialaren sektorearen egoera ezagutzea.
    • Udalerri ezberdinetan garatutako jarduerak zehaztea eta aztertzea.
    • Erabakiak hartzea erraztea.
    • Bestea arlo funtzional batzuetan azterketak egitea.
    • Ekintza zehatzak:

–Komertzialki hornitu gabeko arloak detektatzea. 

–Ardatz komertzialak zehaztea.

–Laguntza lerroak planifikatzea.

–Sektoreari emandako zerbitzuak optimizatzea.

Txikizkako merkataritzako enpresariak eta ekintzaileak:

    • Eskaintzaren gaineko informazioa sektore eta lurraldeka jasotzea, baita eskariaren gaineko informazioa bereizita eta lurraldeka jasotzea ere.
    • Ekintza zehatzak:

–Marketin zuzeneko jardueretan baliabideak kudeatzea.

–Banaketa ibilbideak planifikatzea.

–Lehiaren azterketa egitea.

–Bezeroen kanibalizazioaren azterketa egitea.

–Salmenta toki berriak bilatzea.

–Merkatu nitxoak detektatzea.

Kontsumitzaileak:

    • Jarduera komertzialak bilatzea.

Funtzionalitate hauek www.giscomeuskadi.eus  atarian daude eskuragarri eta informaziora sarbidea izateko bidea erabiltzaile bakoitzaren profilaren araberakoa da.

GISCOM Euskadik informazio sozioekonomiko eguneratua jartzen du sektorearen, erakundeen eta euskal gizartearen eskura, errealitatearen askotariko aldagaien analisia egitea, sektorearen eta bere joeren bilakaera ezagutzea, agertoki berriak simulatzea eta informazio modu grafiko eta ulergarrian aurkeztea ahalbidetuz. Informazio hau urtero eguneratuko da.

Merkataritza, jatetxe-arlo, ostalaritza, aisialdi eta turismoko lokalek gizarteari aberastasuna eskaintzen dioten sektoreak dira, bai arlo sozialean bai ekonomikoki. Gizarte arloan, sektoreak espazio publikoarekin duen harreman estua kontuan izan behar da. Horregatik da hain garrantzitsua establezimenduen kokapen eta antolamendu espaziala ezagutzea; hain zuzen ere, informazio geografikoko sistemek ematen digute merkataritzak hiri-bilbearekin duen loturaren berri, merkataritzaren egitura bera azalaraziz.  Sistemok ekintza bakoitza informazio osatuarekin planifikatzeko aukera ematen dute.

Horrek eragin positiboa izango du bai politika publikoen definizioan bai zerbitzu eskaintza antolatzerako orduan. Era berean, onuragarria izango da enpresari txikien inbertsioen estimazioa eta jarraipena egiteko, enpresariek egungo bezeroen zein bezero potentzialen ezagutza maila altuagoa izatea ahalbidetuko baitu.

Azken batean, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako egitasmoak Euskadiko merkataritza eta ostalaritzaren irudi errealagoa izatea posible egingo du, eta, horrek, noski, dagokion elkarte eta erakundeek euren laguntza politikak zehaztu eta hobetzea erraztuko du. Egoeraren argazki osoa izateko oraindik bi urte falta badira ere, orain arte bildutako datuak oso argigarriak dira dagoeneko.

Esate baterako, orain arte zenbatutakoen artean %40 dira merkataritzako lokalak: %41,8 Bizkaian, %38,7 Gipuzkoan eta %38,9 Araban. Kaleko lehen lerroan jarduten duten establezimenduen artean %17 ostalaritzakoak dira: %18,4 Bizkaian, %14,1 Gipuzkoan eta %17,6 Araban

Merkataritzako establezimenduen kopurua, azpisektoreka, ondorengoa da:

    • Elikadura                                          %28,3
    • Ekipamendu pertsonala                      %30
    • Etxeko ekipamendua                         %17
    • Askotariko merkataritza                     %24,8

 

Udalerri hauetan jarduten duten lokalen %1,3 kultura eta turismo alorretakoak dira: %1,3 Araban daude, %1,1 Bizkaian eta %1,6 Gipuzkoan.

Udalerri hauetan dauden lokalen %61ek du jarduera ekonomikoa. Aztertutako udalerrietan dauden lokal hutsak eskuragarri dauden guztien % 38,7 dira, eta datu hori oso esanguratsua da GISCOM Euskadik eskainitako informazioak ondorioak ateratzeko duen garrantzia ulertzeko, portzentaje hori izugarri aldatzen baita herri batetik bestera. Izan ere, lokalen % 1,2 besterik hutsik ez dituen herri batek eta lokalen % 40etik gora hutsik dituen beste batek dituzten beharrak zeharo ezberdinak dira.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @SShopsDonostia
    2015.eko otsailak 24

    Comentario de Twitter:
    http://t.co/hkeQfSDzPw Buenos días!GV activa GISCOM-Euskadi para desarrollar una nueva #estrategia #Comercial #hosteleria #comercio #retail

  • @i3com_es
    2015.eko otsailak 23

    Comentario de Twitter:
    Gobierno Vasco activa GISCOM-Euskadi para desarrollar una nueva estrategia comercial en los municipios http://t.co/zy3oFwaPy3

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • • Jon Andoni Aspuru, presidente de Euskomer • Daniel Revilla, GISCOM