Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritza, EITB eta kulturako profesionalak elkarrekin, euskal kulturaren agerikotasuna eta kontsumoa helburu dituen egitasmoan

2015.eko otsailak 23
  • Euskal kultur ekoizpenek euren publikoekin topo egitea da helburua
  • EiTBrekiko elkarlana funtsezkoa da euskal kulturaren agerikotasuna ziurtatzeko, bai musikan, liburuetan, zineman nahiz antzerkian

Cristina Uriarte sailburuak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak kultur arloko profesionalekin eta EiTBrekin batera abian ipini duen plana aurkeztu du gaur goizez Bilbon. Gure herrian ekoizten den kulturaren agerikotasuna, erakargarritasuna eta kontsumoa sustatzea ditu helburu planak. Aurkezpenean partaide izan dira Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea, Edurne Ormazabal, EiTBren ordezkari, eta ekimenean parte hartzen duten elkarte profesionaletako ordezkariak, hala nola: Alberto Bocos Kultura Live-koa, (Zuzeneko Musika duten Areto Pribatuen Elkartea); Andres Fernandez, Liburu denda Elkarteen Federaziokoa; Amaia Ibañez Eskenakoa, (Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkarteak), eta Alfonso Benegas EZAEkoa, (Euskadiko Zine Aretoen Elkartea).

Elkarte hauek dira, nor bere sektorean, publikoarengandik hurbilen lanean ari direnak. Kontzertu aretoak, liburu dendak eta zinema aretoak hartzen dituzte. Antzerkiaren kasuan berriz, Eskenarekin da elkarlana, antzerki ekoizleen elkartearekin. Eurak dira, azken finean, kultur produktua kontsumitzailearen esku ipintzen dutenak. Hori baita xedea: euskal kultur ekoizpenei merkatura eta publikoarengana iristen laguntzea.

Duela bi hilabete baino gehiago abiatu zen proiektuak, EiTBren bidezko komunikazio kanpaina batean du oinarria. Baina horri, pizgarri ekonomikoa duten unean uneko zenbait ekintza gehitzen zaizkio.

EiTB Kultura Flash

EiTBn euskal kultur ekoizpena aurkezten duten iragarkiak dira, ETB1en eta ETB2n, audientziarik handieneko ordutegian, EITB Kultura Flash izenarekin. Baina ez dira kulturaren aldeko mezu orokorrak, kultur lan edo produktu jakin batzuen iragarkiak baizik. Plan honekin, eta Eusko Jaurlaritzak EiTBrekin lotu dituen akordioen bidez, musika kontzertuek, antzerki emanaldiek, literatura argitalpen berriek, eta zinema estreinaldiek leku nabarmena dute EiTBren programazioan. Sektore-elkarteek eurek aukeratzen dute tarte horietan erakutsi beharreko produktuak zeintzuk diren. Esperientzia hau aurki zabalduko da EiTB taldeko irratietara ere.

Iragarkiak astero berritu egiten dira. Honek, elkarte profesionalen eta EiTBren arteko koordinazio lan handia eskatzen du, eta beraz, proiektua eraginkorra da kultur eragileen eta telebista publikoaren arteko harreman hobea ezartzeko ere.

Sektorekako proiektuak

Kultura Flash atalean iragarri beharreko produktuen aukeraketa kultur eragileen euren ardura da. Proiektu honekin, euskal publikoarenganaino iristeko bitarteko bat dute, telebista, euren baliabide ekonomikoekin iristen zaila egin izan zaien hedabidea. Gainera, telebista publikoan kultur informazioaren ardura duten profesionalekin harremanean egoteko komunikazio bide bat ere irekitzen zaie.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak elkarte profesional hauetako bakoitzaren esku funts bat ere ipintzen du, deskontuak eta promozio ekonomikoak gauzatu ahal izateko. Sektorearen berezitasunak aintzat hartuta, elkarte profesionalek eurek erabakiko dute deskontuak, edo bezeroak erakarri nahiz leialtzeko kanpainak, noiz eta nola gauzatu. Horretarako, 2015ean 200.000 euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak EiTB Flash Kultura tarteak ekoitzi, diseinatu eta emititzeko. Kopuru horri, ekimenean parte hartzen duen sektore bakoitzera bideratuko diren 50.000 euroak gehitu behar zaizkie.

Musika zuzenean eskaintzen duten aretoek Bihar Kontzertura!! kanpaina abiarazi dute hilabete hauetan, Kultura Live elkartearen koordinatzaile Alberto Bocosek azaldu duenez. Sortu berria den EZAE (Euskadiko Zine Aretoen Elkartea) elkartearen izenean berriz, Alfonso Benegasek Zinema Txartela ekimena aurkeztu du: filmak deskontuekin ikusteko bonua, Ikuslearen leialtasuna helburu duena. Bost film ikusteko aukera emango du txartelak, Europako ekoizpenak edo euskarara itzulitako edozein film. Liburu Denden Federazioak Euskadin sortutako euskal literaturaren promozioaren aldeko apustua egiten du, euskaraz nahiz gaztelaniaz, Andres Fernandezek azaldu duenez. Eskenak, aldiz, publiko berria antzokietara erakartzeko proiektu bat garatu du, aurrerantzean garatuko dituzten formulen bidez.

Abian den proiektua

Proiektua ez da orain abiatzen. Dagoeneko errealitatea da, abenduan jarri baitzen martxan. Jaurlaritzak probarako epe bat proposatu zien orduan sektoreei: kultur iragarkien bidezko komunikazioa eta unean uneko promozioak uztartzen dituen elkarlan honen funtzionamendua, eraginkortasuna eta eredua bera testatu ahal izateko epe bat.

Elkarlanean oinarritutako proiektua izanik, kudeaketa luzea behar izan du, parte hartzaile guztien arteko koordinazio handiarekin. Kulturako sektoreek aparteko protagonismoa dute egitasmo honetan, eta euren markak eta euren eskaintzak dira publikoarenganaino iritsi beharrekoak. Horregatik kanpaina honek ez du izen propiorik.

Sektoreen balorazio positiboa ikusirik, Eusko Jaurlaritza eta EiTBren arteko akordio berria lortu da, proiektua urte guztira zabaltzeko. Komunikazioa, iragarkiak emititzea, urte guztian zehar egingo da. Kanpainak berriz, aldikakoak izango dira, sektoreekin adostuak, arlo publiko eta pribatuen arteko lankidetzan.

Laburrean

Plan honen balioak, hiru hitzetan sintetizatu daitezke:

  • Lankidetza proiektua:

Eusko Jaurlaritza kultur sektoreekin eta EiTBrekin ari da lanean, baina kulturako profesionalak dira proiektua definitzen eta kudeatzen dutenak. Jaurlaritzak bitartekoak ipintzen ditu EiTB eta kultur eragile profesionalen arteko harreman egonkor eta dinamikoa gauzatzeko.

  • Proiektu iraunkorra:

Ez da uneko proiektua. Hurrengo urteetan ere jarraitzeko asmoekin sortutako ekimena da.

  • Proiektu bizia:

Lehen pausoak duela hiru hilabete egin zituen proiektuak. Elkarlanak berarekin dakar guztiok ikasten dugula besteengandik, eragile pribatuek eta erakundeek, markatutako helburuak lortzeko bidean. Urtean zehar ideia berriak planteatu eta aztertuko dira, formula berriak, profesionalekiko adostasuna oinarri izanda beti ere.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @CamiladeEpalzaA
    2015.eko otsailak 24

    Comentario de Twitter:
    Gobierno Vasco, EITB y profesionales de la cultura, juntos en proyecto visibilización y fomento consumo cultura vasca http://t.co/1urKkCd5ga

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Edurne Ormazabal; Eskena, EZAE, Kultura Live, Federación de Asociaciones de Librerías