Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

2015-2018 Unibertsitate Plana: kontsentsu politikoa eta etorkizunerako erronkak

2015.eko otsailak 25

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak, berak hala eskatuta, agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Gobernu Kontseiluak berriki onartu duen 2015-2018 aldirako Unibertsitate Plana azaldu du bertan xehetasunez. Informazioa emateaz gain, Plana talde parlamentarioekin eztabaidarako irekitzea proposatu zuen sailburuak, hauek ere euren hobekuntza proposamenak Gobernuari helarazi ahal izan diezazkieten. Batzordean onarturiko ebazpenekin, 2015-2018 Unibertsitate Planak taldeen ekarpenak jasotzen ditu, eta honela, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak kontsentsuaren alde lan egiteko eta sentsibilitate politiko desberdinen arteko elkarrizketa sustatzeko duen borondatea nabarmentzen da.

2015-2018 Unibertsitate Planak Euskal Unibertsitate Sistemaren gaineko ikuspegi partekatua proposatzen du. Ikuspegi hau unibertsitateekin adostua izan da orientazio estrategiakoari, lan ildoei eta helmuga kuantitatiboak ezartzeari dagokionean. Planak ondorengo lau urteetarako Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitateentzat orientazio estrategikoak eta finantziazio publikoa ezartzen ditu. Euskal Unibertsitate Sisteman unibertsitate publiko bakarra izaki, Euskal Herriko Unibertsitatea da plan honek helburu duen eragile nagusia.

Uriarte sailburuaren esanetan, “Planak pertsonen aldeko eta hazkunde adimentsuaren aldeko apustua egiten du. Lehenik, aurreko etapan sortutako lanpostuak era progresiboan egonkortzeko mekanismoak ezartzen ditu, eta hazkunde adimentsuari dagokionez berriz, belaunaldien arteko erreleboa bermatuko duen ikerlari gazteen formazioaren alde egiten du, nazioarteko talentua erakartzea barne. Horrek, une honetan euren ikerketa lana atzerrian burutzen ari diren ikertzaile asko unibertsitatera itzultzea ahalbidetuko du”.

Ikerketaren eta transferentziaren aldeko apustua izan da Uriarte sailburuak azpimarratu duen beste alderdietako bat. 75, 5 milioi euroko finantziazioa eskainita –aurreko planetan eskainitako kopuruak baino handiagoa- bi arlo horiekiko duen konpromiso irmoa nabarmendu du.

Ezaugarri nagusiak

Unibertsitate Plana bi printzipiotan datza: Euskal Unibertsitate Sistemaren nazioarteko proiekzioa, kalitate bereizgarri gisa, eta unibertsitateen espezializazioa.

Euskal Unibertsitate Sistemaren nazioarteko proiekzioa izango da 2015-2018 Unibertsitate Planaren zeharkako lan-ildoetan ardatzetako bat, horiekin zerikusia duten ekintzak eremu guztietan burutuko direlarik: formazioan, ikerketan eta transferentzian.  

2015-2018 Unibertsitate Planak lau helburu estrategiko jasotzen ditu:

1)      Euskal Gizarteak dituen goi mailako prestakuntza beharrei erantzutea, irakaskuntza-eredu eta metodologia  berritzaileen bitartez.

2)      Euskal Unibertsitate Sistemaren baliabide eta gaitasunak garatzea, bikaintasunezko ikerketa eta nazioarteko proiekziodun ikerketa egiteko

3)      Euskal gizartearen erronka ekonomiko eta sozialei ekarpen erabakigarriak egitea, ezagutza-transferentziaren bidez eta profesionalen etengabeko prestakuntzaren bidez.

4)      Zerbitzu-eskaintza inklusiboa eta kalitatezkoa izango duen Euskal Unibertsitate Sistema bermatzea, baliabideen eta teknologia berrien erabilera jasangarria, gardena eta ingurumenarekiko arduratsua egingo duena, eta finantziazio eredu orekatua eta jasangarria izango duena.

Lau helburu estrategiko hauen hedapena hamasei lan-ildoren bidez gauzatzen da. Lan-ildo hauek, 2015-2018 Unibertsitate Planak sustatuko dituen ekintzei zentzua ematen diete eta taldekatu egiten dituzte.

Azalduriko lau helburuen garapenaren bidez, agerian gelditzen da Planak pertsonekiko duen konpromisoa: lan-munduan txertatzea, ekintzailetzari bultzada, enplegagarritasunaren edo ekitatearen sustapena, inklusioa eta aukera-berdintasuna.

2015-2018 aldirako Unibertsitate Planak, aurreko planekin alderatuta, errealitate eta testuinguru desberdinean du abiapuntua. Testuinguru honetan, argiro, ezinbestekoa da baliabideen planifikazio eraginkor eta errealista egitea, Euskal Unibertsitate Sistemak bere inguruan duen inpaktua maximizatzea ahalbidetuko duena. Horretarako, Planaren bidez 2015-2018 aldirako hitzemandako baliabideek, eta finantzatzen dituen jarduerek, efikazia, eraginkortasuna eta jasangarritasuna izan beharko dituzten oinarrizko irizpide. Efikazia eta eraginkortasuna, behar-beharrezko baliabideak erabilita hitzartutako emaitzak lortzeko; eta jasangarritasuna, abian jarritako jarduerek denboran bideragarritasuna izango dutela ziurtatzeko. Beraz, plan errealista, zuhurra eta malgua da.

 

Gasteizen, 2015eko otsailaren 25ean

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)