Berriak Segurtasuna
Eu

2014an % 12,86 murriztu da delituen kopurua Gasteizen, eta dagoeneko 4 urtetan jarraian jaitsi da

2015.eko otsailak 20
. 10 delitutatik 7 ondarearen kontrakoak dira, eta horiek % 14,05 jaitsi dira
. Hiriburuko delitu tasa % 12,67 jaitsi da (% 5,3 puntu gutxiago)
 
Gasteizen 2014an erregistratutako delituen kopurua % 12,86 murriztu zen aurreko urtearen aldean, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren datuen arabera. Gasteizko Udaleko Herritarren Segurtasunaren Saileko zinegotzi Alfredo Iturrichak jakinarazi ditu datu horiek, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuorde Josu Zubiaga, Udaltzaingoko buru Luis Cid eta Ertzaintzako Arabako lurralde buru Mikel Trekurekin batera emandako prentsaurrekoan.
 
Zehazki, iaz guztira 14.826 delitu eta falta egin ziren; 2013an, berriz, 16.429 erregistratu ziren, hau da, ia 10 puntu portzentual gutxiago (% 9,76 zehazki).

Herritarren Segurtasunaren Saileko zinegotzi Alfredo Iturrichak esan duenez, "Gasteizek oso hiri segurua izaten jarraitzen du. Izatez, euskal hiriburuen arteko seguruena da. Hala ere, egunero zertxobait seguruagoa izan dadin ahalegintzen gara. Fronte guztietan dihardugu, bereziki kalean egonda eta herritarrekiko gertuko harremana izanda, auzoko poliziaren bidez. Orobat, Ertzaintzarekin koordinatzen gara, segurtasuna kopuru kontua izateaz gain herritarrekin partekatutako sentsazioa ere izan dadin".

Bestetik, "Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza funtsezkoa da Arabako hiriburua bizikidetzarako hiria izan dadin, eta gero eta seguruagoa. Herritarrei zerbitzua eta segurtasuna emateko helburua partekatzen dugu, informazioa, analisiak eta jokabideak partekatzen ditugu, eta neurriak eta planak taxutzen sakontzen jarraitu behar dugu, gure hirian erregistratzen diren delituak eta faltak murriztuz joateko", adierazi du Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagak.

Aurreko hiru urteetan ere jaitsi da kopuru hori, beraz, dagoeneko lau urtetan jarraian jaitsi da. Gainera, delituen tasa (1000 biztanleko delitu kopurua) ere jaitsi da, 2013ko milako 67,98tik 2014ko milako 61,15era igaro baita.

Delitu larrienak, giza hilketak, bitik batera murriztu ziren 2014an; hilketa saiakerak, berriz, hirutik zerora.

Delitu larriengatiko lesioak zertxobait handitu ziren: 2013an, 133, eta 2014an, 142 (+ % 6,76); familia barruko tratu txarren ondoriozkoak ere handitu ziren, % 23,07 zehazki. Familia barruko ohiko tratu txarrak, berriz, % 15,12 gutxitu ziren, 2013an 513 kasu eta 2014an 435 izan baitziren.

Sexu askatasunaren kontrako delituak nabarmen gutxitu ziren (- % 11,76) eta "indarkeriazko delinkuentzia" –lesioak, sexu-erasoak eta indarkeria edo larderia erabiliz egindako lapurretak barne hartzen dituena– ere %9,97 murriztu zen.

Ondarearen kontrako delituak kopuru osoaren % 68,9 dira, eta % 14,05 murriztu ziren: 4.773 kasutatik 4.102ra.

Atal horren barruan, indarkeria edo larderia erabiliz egindako lapurretak jaitsi egin ziren (-% 11,29), baina etxebizitzen barrukoak % 14 hazi ziren.

Indarkeria erabiliz beste leku batzuetan egindako lapurretak ere gutxitu ziren (- %23), ibilgailua motordunen lapurretak (- % 19,80), bai eta alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzearekin lotutakoak ere (-% 9,63), azken urteetako joerari jarraituz.

Horretaz gain, droga trafikoarekin zerikusia duten delituek ere beherantz egin zuten (-% 6,45): 62tik 58ra.

Aitzitik, % 5,85handitu ziren liskar, borroka eta antzekoekin lotutako delituak, bai eta ordena publikoarekin lotutakoak ere(+7,73 %).

Azkenik, faltak % 7,54 jaitsi ziren.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • El concejal de Seguridad Ciudadana del Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz, Alfredo Iturritxa