Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunerako manifestua aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak eta Euskal PEN Klubak

2015.eko otsailak 20
  • Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Urtzi Urrutikoetxea Euskal PEN Klubeko presidenteak aurkeztu dute manifestua
  • Bihar ospatuko da, otsailaren 21ean, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna

“Euskara, guztion etxe, guztiontzat zubi” izenburuarekin prestatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Euskal PEN Klubak elkarrekin aurtengo Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunerako manifestua. Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Urtzi Urrutikoetxea Euskal PEN Klubeko presidenteak aurkeztu dute gaur goizez Bilbon testua. “Mundua ulertzeko eta bizipen nahiz sentimendu sakonenak adierazteko tresna kuttun” definitzen du manifestuak ama hizkuntza. Euskararen lurraldean ere ehundik gora direla elkarrekin bizi diren ama hizkuntzak gogorarazten du, eta haiekiko begirunea erakusten, guztiak jotzen baititu aberasgarri.

1999an izendatu zuen UNESCOk otsailaren 21a Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egun, eta urtero ospatzen da 2000tik aurrera, kultura aniztasuna eta eleaniztasuna sustatzeko asmoz. Nazio Batuek emaniko datuen arabera, egun munduan hitz egiten diren ia 7.000 hizkuntzetatik %96a mundu osoko biztanleriaren %4k erabiltzen du, eta ohartarazten du, gainera, oso litekeena dela ondorengo belaunalditan hizkuntza horietatik guztietatik erdia baino gehiago galtzea. Ehunka gutxi dira munduan hezkuntza sisteman eta arlo publikoan erabiliak izatera iritsi diren hizkuntzak, eta ehun baino gutxiago dira eremu digitalerako jauzia egin dutenak. 

Otsailaren 21a Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egun izendatzeko arrazoia berrogeita hamargarren hamarkadan eta Bangladeshen aurkitu behar da. 1952ko otsailaren 21ean manifestazio jendetsua burutu zen herrialde hartan (Ekialdeko Pakistan zeritzon orduan Bangladeshi), Pakistango gobernuak urduera Estatuko hizkuntza bakarra izendatzeko hartu zuen erabakiaren aurka, eta bengaleraren ofizialtasuna aldarrikatzeko, gobernuaren asmoak herritar askoren hizkuntza eskubideen ukapena eta bazterketa baitzekarren. Segurtasun indarrak gogor oldartu ziren manifestarien aurka, eta unibertsitate ikasle bi ere hil ziren istiluetan. Gertaera hauen ondorioz, Bangladesheko gobernuak ahalegin handiak egin izan ditu otsailaren 21a Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egun izendatua izan zedin, eta halaxe izendatu zen 1999an.

 

 Manifestua:

EUSKARA, GUZTION ETXE, GUZTIONTZAT ZUBI

Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna (2015eko otsailaren 21a)

Ama hizkuntza. Lehen hizkuntza. Pertsonak, bizitzaren lehen arnas eta zaintzekin batera jasotzen duen hizkuntza. Beti bihotzean gordeko duen hori. Bizi osoan kilikatuko duen hizkuntza bereena. Mundua ulertzeko eta bizipen nahiz sentimendu sakonenak adierazteko tresna kuttuna.

Hori dena eta askoz ere gehiago da ama hizkuntza, lehen hizkuntza, gutariko bakoitzarentzat. Eta gutariko bakoitzak merezi eta behar dugun errespetu bera merezi eta behar du ama hizkuntzak. Nor bakoitzaren osagarri garrantzitsu bat delako.

Ehundik gora dira euskararen lurralde osoan, geure inguruan, elkarrekin bizi diren ama hizkuntzak. Hiztun gutxi nahiz ugari izan, guztietan eta bakoitzean sartzen da mundu osoa, guztiek eta bakoitzak aberasten gaituzte. Eta gutariko bakoitzak galduko genuke oso gurea den zerbait, hiztun batek bere ama hizkuntzari uko egin beharko balio. Aniztasuna delako, gaurko gizarte eta gizaki gisa, definitzen gaituen balio funtsezkoenetako bat.

Eta aniztasunak, euskal gizartearen ezaugarri garbienetariko horrek, bizikidetza harmoniatsuan du garabiderik seguruena. Eta euskarak ere halaxe. Euskara baita, bere lurraldeetan, guztion etxea eta guztion arteko zubia. Elkarren errespetuaren gainean eraikitako aniztasunean.

Euskaratik eta euskaraz hizkuntza guztien balioa aitortzen dugu; bihoakie gure begirune aparta euskararen lurraldeko etxeetan –etorri berriak tarteko– hitz egiten diren ehundik gora hizkuntzei. Bihoakie euskararen besarkada, guztiontzat etxe eta zubi den euskararen agurra.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @EUSKALPEN
    2015.eko otsailak 21

    Comentario de Twitter:
    Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunerako manifestua aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak eta Euskal PEN Klubak http://t.co/nO3EUYteg6

  • @PatxiSaez
    2015.eko otsailak 21

    Comentario de Twitter:
    .

    «Euskara, guztion etxe, guztiontzat zubi».

    1)http://t.co/ZrScQyNfx5

    2)http://t.co/A7pUSzLUr6

    3)http://t.co/JCF747hp8C

    .

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Euskal PEN Kluba: Laura MIntegi eta Urtzi Urrutikoetxea