Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak baimena eman dio EEEri BBGren partaidetzaren erosketa egiteko

2015.eko otsailak 20
  • Inbertsio horren guztizko zenbatekoa 23,2 milioi eurokoa da
  • Aurrerantzean, Enagásen eta Energiaren Euskal Erakundearen esku egongo dira  BBGren akzioak, %50naka
  • Gas sisteman gehien erabiltzen den plantetariko bat da BBG, eta Arku Atlantiko osoan gas horniketa bermatzen du

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena eman dio Energiaren Euskal Erakundeari Sociedad Bahía de Bizkaia Gasen partaidetzak erosteko, Bilboko portuan kokatu eta gas natural likidotua birgasifikatu eta biltegiratzeko plantaren kudeatzailea den Sozietatearenak, hain zuzen ere. Eragiketa hori burutu da Arzak Infraestructuras-ek (Alemaniako REEF izeneko funtsaren bazkidea) BBGen zituen akzioak salgai jarri ondoren. Erosketa horren ondorioz, Sozietatearen akzioak erdi bana banatuko dira bazkideen artean, hau da, %50na, Energiaren Euskal Erakundearen eta Enagásen artean. 

2015eko hasieran, Alemaniako REEF funtsak jakinarazi zuen BBGen zuen partaidetza saldu nahi zuela, akzioen %30 zena. Horren aurrean, lehentasunez harpidetzeko eskubidea duten bi bazkideek, orduan akzioen %40 Enagásen esku eta %30 EEEren esku izanik, elkar hartuta, egoki iritzi zioten gas azpiegituraren titulartasuna partekatzeari, bakoitzak %50eko akzioak bereganatuz, eta hartara, Sozietatearen kudeaketa orekatua aurrera eramatea. Horretarako, dagokion kontratua sinatzeaz gain, zenbait akordio eta egokitzapenak ere egin dituzte bazkide biek. Hori horrela, salgai jarritako akzioen edo partaidetzaren %20 EEEk erosiko ditu eta gainerako %10a Enagásek eskuratuko ditu.

Erosketaren tramiteari ekin aurretik, Euskadiko Ondareari buruzko Legeak dioenari jarraiki, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren berariazko baimena lortu behar izan da. Hala, atzoko Jaurlaritzaren akordioaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak baimena eman dio Energiaren Euskal Erakundeari akzioak erosteko; orotara, 23.200.000 euroko balioa duten 1.200 partaidetza.

Gas-instalazio estrategikoa Euskadirentzat

BBGren gas natural likidotua biltegiratu eta birgasifikatzeko planta, zalantzarik gabe, azken urte hauetan, Euskadin garatutako energia proiektu handinahi eta garrantzitsuenetakoa da, eta Euskadiri gas naturalaz hornitzeko bermea ematen dion azpiegitura. 2003. urtean jarri zen abian.

Proiektuaren sorrera 90eko hamarkadan garatu zen; garai horretan, Euskadin gasifikazio industrialaren maila handia bazen ere, baziren konpondu edo egokitu beharreko gabezia eta hutsune batzuk hornidurari zegokionez, euskal sektore produktiboak eta Arku Atlantiko osoak zituzten premia gero eta handiagoei erantzun ahal izateko. Hala, gas naturalaren hornidura bermatzeko xedez eratu zen BBG proiektua. Aldi berean, Euskadi gas sareen konexio-gune garrantzitsua izateko bidean jarri nahi zen. Hasierako filosofia horri jarraiki, iragan urtarrilean, hiru urteko lanak egin eta 130 milioi euroko inbertsioa burutu ondoren, GNLa biltegiratzeko hirugarren tankea inauguratu zuen BBGek. Hartara, gasa natural likidotuaren biltegiratze ahalmena nabarmen areagotu zuen; zehazki, 450.000 m3-eraino. 

Hasieran, Bahía de Bizkaia Gasek bi tanke zituen, bakoitzak 150.000 m3 gas natural likidotu biltegiratzeko ahalmenarekin; beraz, 300.000 m3 GNLa edukitzeko gai zen. Orain, berriz, tanke berriari esker, 450.000 m3-raino areagotu da ahalmen hori. Funtzionamenduan daraman hamarkadan zehar, guztira 500 metano-ontzik baino gehiagok deskargatu dute BBGen, 300 milioi tona GNL utziz bertan. BBGren instalazioen erabilera maila handia eta ematen dituen zerbitzuak gero eta gehiago direnez gero, biltegiratzeko edukiera eta hornidura zerbitzuei lotutako kontratu berriak hartzeko gaitasuna edo ahalmena mugatua edo txikia geratzen ari zitzaizkion plantari. Hori dela eta, planta handitzeari ekin diote.

Era berean, azken urte hauetan metano-ontzien eraginkortasuna nabarmen handitu da. Izan ere, 90eko hamarkadan, metano-ontzien garraio-ahalmena 135.000 m3 ingurukoa zen; gaur egun, ordea, BBGen deskargatzen duten Qmax deritzen metano-ontziena 265.000 m3-koa da. Hori horrela, BBGen gasa biltegiratzeko ahalmena handitzeak (450.000 m3-raino) lagundu eta erraztu egingo du horrelako ontziak hartzen, biltegiratzeko minimoetan ibili beharrik gabe, haien kargak deskargatu ahal izango baitituzte.

Aurrekoaz gain, egungo gas merkatuaren ezaugarrietara egokitzeko eta balio erantsia dakarten zerbitzu berriak eskaintzeko asmoz, BBGek sistema berritzaile batzuk ezarri ditu. Hala, metano-ontziak birkargatzeko sistema berriari esker, GNLa tankeetatik metano-ontzietara bideratu ahal izango da; hartara, gaur egun, gasa banatzeko dituen guneak zabaldu edo ugaritzeko aukera izango da. Azken batean, sistema berri horren bidez, zerbitzu gehiago eskaintzeko aukera izango du BBGek, plantaren erabilera areagotuz, eta ondorioz, lehiakorragoa izateko bidean izango da. Gaur egun, BBGren birgasifikatzeko ahalmena (GNLa berriz gas egoera eraldatzeko) 800.000 Nm3/h-koa da, eta 2014. urtean, Espainiako Estatuan, gas sisteman gehien erabili zen bigarren planta izan zen.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)