Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak, Ezkoziako Parlamentuan, nazioartekotzaren alde egin du enplegua sortzeko eta ekonomia leheneratzeko

2015.eko otsailak 19

Eskoziako Parlamentuak Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza gonbidatu du Euskadiko kanpo-politikaren ildo nagusiak azaltzeko.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak Eskoziako Parlamentuan azaldu duenez, nazioartekotzea herrialdeko apustua eta baztertu ezin daitekeen erronka da, baita ekonomia leheneratzeko eta enplegua sortzeko tresna ere. Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak Eskoziako Parlamentuaren gonbidapena onartu zuen eta gaur izan da Europako Gaietako eta Kanpo Harremanetako Batzordearen aurrean Eusko Jaurlaritzak joan den apirilean onartu zuen Nazioartekotzeko Estrategia Markoaren ildo nagusiak azaltzen.

Eskoziako Gobernuak nazioartean konprometitzeko moduak aztertzen ari da. Horregatik, parlamentuak Euskadiren, Kataluniaren eta Flandriaren nazioartekotze-politikak ezagutzeko interesa zuen, eskualde estrategiko kontsideratzen baititu.

Elorzak Eusko Jaurlaritzaren kanpo-ekintzako ibilbide-orria azaldu du hitzaldi batean. Basque Country estrategian oinarrituta dago eta Euskadi nazioartean ezagutaraztea, posizionatzea eta presentzia handiagoa izatea du helburu.

Marian Elorzak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak sektorekako interesak Euskaditik kanpo sustatzen eta bultzatzen ditu. Hala, kanpo-ekintzaren xedea aukerak identifikatzea eta ateak irekitzea da, baita erakunde eta agente sozioekonomikoen gaitasuna indartzea ere, nazioarteko merkatuetan lan egin ahal izan dezaten.

Eskoziako Parlamentuan emandako hitzaldiaren beste momentu batean, Elorzak Euskadiren eta Europaren arteko harremanak aipatu ditu. Euskadik Europar Batasunean bere espazioa edukitzea da Eusko Jaurlaritzaren helburua. Halaber, Euskadiren autogobernuari eragiten dioten erabakiak hartzen dituzten eta Euskadiren eskumenekoak diren gaiei buruzko politikak sortzen dituzte foroetan aktiboki parte hartzea eskatu du.

Marian Elorzaren arabera, Euskadiren kanpo-politikaren beste helburu bat ezagutza biltzea da. Hala, hainbat arlotan erreferenteak diren herrialdeekin edo eskualdeekin harremanak sendotu nahi ditu, jardunbide egokiak ezagutzeko eta egokitzeko eta politika publikoak hobetzeko.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzako arduradunak berritzeko gaitasuna dutelako edo Euskadiko merkatuei aukerak ematen dizkietelako Euskadiren interesekoak diren lehentasunezko lurraldeak identifikatu ditu.

Europari dagokionez, EB ez ezik, Euskadiri Eskandinaviako herrialdeak ere interesatzen zaizkio, gizarte-ongizateko estandar altuak dituztelako, eta Alemania, Frantzia eta Erresuma Batua, Euskadiren merkatu nagusiak biltzen dituztelako.

Bestalde, Amerikan, Estatu Batuak, Euskadiko enpresa ugari han biltzen direlako, eta Mexiko, Brasil, Kolonbia eta Peru nabarmendu ditu, esportatzeko aukerak ematen dituztelako.

Azkenik, Asiari dagokionez, Korea, Singapur, India eta Txina lehenetsi ditu, beren merkatuen potentzial handiagatik, eta Afrikan, Hegoafrika.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)