Berriak Segurtasuna
Eu

Parez Pare 2015 jardunaldi-zikloa hasi dute Arkautin, adingabeen kriminalitatea aztertzeko jardunaldi batekin

2015.eko otsailak 19

Segurtasun-zerbitzuetako langileentzat bideratutako hamaika jardunaldietatik lehena izan da

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak gaur hasi ditu 2015eko Parez Pare jardunaldiak, Euskal Autonomia Erkidegoko adingabeen kriminalitateari buruzko azterketa-jardunaldi batekin. Aurtengo edizioan guztira hamaika konferentzia tekniko izango dira, eta aurreko astean izan zen aurkezpena Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediaren eta Akademiako zuzendari Malentxo Arruabarrenaren eskutik.

Gaurko jardunaldia adingabeen kriminalitateari buruzkoa izan da, eta bi mahai-inguru antolatu dira. Lehendabizikoan adingabeen delinkuentzia eta gazte-justizia aztertu dute, ikuspegi kriminologikotik eta juridiko-penaletik. Mahai-inguru horretan, Kriminologiako Euskal Institutuko (UPV/EHU) ikertzaile Estefanía Ocáriz Passevantek parte hartu du eta gai honi buruzko txosten bat azalduko du: «Adingabeen kriminalitatea: fenomenologia kriminala EAEn eta erantzun juridiko/penala». Kataluniako Ikasketa Juridikoen eta Prestakuntza Espezializatuaren Ikerketa Zentroaren arduradun Manuel Capdevilak ere parte hartu du eta gai honi buruz hitz egin du: «Gazteen justiziaren efikazia: gaur egungo egoera eta etorkizuneko erronkak». 

Bigarren mahai-inguruan gai hau planteatu dute: «Adingabeen kriminalitatearen gaur egungo adierazpenak: indarkeria-era berriak eta gauzatze-era berriak ». Hizlarietako lehena Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko Prestakuntza diputatu Miguel Alonso Belza izan da eta gai honi buruz aritu da: «Adingabeen delinkuentzia eta teknologia berriak: sare sozialen bidez gauzatutako delituei aipamen berezia». Azkenik, Euskal Herriko Unibertsitateko Portaeren Zientzien Metodologiaren arloko Psikologia irakasle Izaskun Ibabek gai honi buruz hitz egin du: «Aurreko ahaideen kontrako indarkeriaren errealitatea EAEn. Seme-alaben eta gurasoen arteko indarkeriari buruzko azalpen-eredua eta aurreikuspen-faktoreak».

Parez Pare 2015

Ostegunean hasi ziren jardunaldiak honako erakunde hauekin elkarlanean egingo dira: Kriminologiako Euskal Institutuarekin, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailarekin, Integraziorako eta Kulturen arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzuaren bidez (Biltzen), Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarekin eta Ertzaintzaren Zuzendaritzarekin. 

Arkauteko akademian, aurten, otsaila eta azaroa bitarte, landuko diren hamaika gaiak hauek izango dira: adingabeen kriminalitatea EAEn; ingurumen-kriminologia eta delituaren prebentzioa; laneko berdintasuna eta diskriminazio eza; polizia-negoziazioak; polizia-instituzioko kontu-ematea, polizia-bitartekaritza; biktimak, biktimizazio- eta desbiktimizazio-prozesua; desagertutako pertsonak: dizplinarteko eta diziplina anitzeko ikuspegi batetik helduta; suizidioak, segurtasuneko eta larrialdietako komunikazioaren kudeaketa eta trenbide-istripuetako esku-hartzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko