Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak krisialditik irteteko "adostasunerako borondatea" eta "elkarrekin sakrifikatzeko ahalmena" eskatu du

2010.eko ekainak 23

Juan de los Toyos Fundazioak Barakaldoko sindikalista eta politikari historikoaren bizitza kontatzen duen liburua aurkeztu du

Lehendakariak liburuaren hitzaurrea egin du, eta bere esku-hartzean, sindikalista honen printzipioak baloratu ditu eta gaur egun ere krisitik ateratzeko “behar ditugula” azaldu du.“Balorerik onenen defentsan sendo mantendu zen, elkar ulertzeko borondatea erakutsi zuen eta elkarrekin sakrifikatzeko ahalmena zuen”, horiexek dira Lópezek “krisitik ateratzeko” eta Euskadi “baketsu eta tolerantea” lortzeko beharrezkotzat jo dituen baloreak.

Patxi López lehendakariak liburuaren hitzaurrea idatzi du eta Juan de Los Toyosen jarduera sindikal eta politikoa bultzatu zituen “baloreak” azpimarratu ditu. Lehendakariak balore horiek gaur egun aurrean dauzkagun zailtasunei heltzeko erreferente izaten jarraitzen dutela azaldu du. “Oraindik ere baloreak, adostasunerako, elkar ulertzeko eta elkarrekin sakrifikatzeko borondatea behar ditugu krisitik irteten ari garen bezala irteteko”, azpimarratu du.

 

EITBren BOXean (Bilbon) aurkeztu da Juan de Los Toyosen biografia eta ekitaldia haren izena duen Fundazioak antolatu du. Juan de los Toyos Fundazioa UGTren eta Euskadiko Langileen Mugimenduaren memoria historikoa berreskuratzeko eratu da. Lehendakariarekin batera Gemma Zabaletak, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, ere parte hartu du ekitaldian.

 

“Euskal sozialismoko pertsonaia hau”, lehendakariaren hitzetan, “geure herrialdearen bilakaerarentzako” erabakigarria izan den “garai baten erretratua” da. Pertsonaia honen inguruan mugimendu sindikalaren historia biltzen da. “Lan baldintza duinak lortzeko greba eta protesten buru izan zen oso garai gatazkatsu batean”; Alfa taldeko kooperatibo izan zen eta taldea “Eibarko langile apal batzuen nahitik eratu zen”; politikaria izan zen, “II. Errepublikan”; estatutua lantzen lagundu zuen, “lehenengo Eusko Jaurlaritzako hiru ordezkari sozialistetako bat izan zen” eta garai lazgarriak igaro zituen “gerra galdu zuen” aldeko kide zelako.

 

Hori guztia dela eta, Lópezek De Los Toyosen irudia aldarrikatu du, baita “Euskadi bidezkoago eta demokratiko baten alde egin zuen borroka” ere. “Herritar askeak dituen Euskadi bat, milaka identitatek osatzen dutena, aniztasunetik jaioa, aniztasuna errespetatzen duena”, gehitu du. Zentzu horretan, lehendakariaren hitzetan, “batzuk oraindik euskal herritarra izatea zer den eta zer ez den definitu nahian ari dira, beraz, Juan de los Toyosen irudia berreskuratzeak Euskadiren historiaren pasarte garrantzitsu hau deskribatzen laguntzen digu. Denbora gehiegi korapilatuta izan gaituen zirkulu bat ixten du eta etorkizunerantz segurtasunez aurrera egiten laguntzen digu”.

 

Lehendakariak, bere esku-hartzearen bukaeran, Juan de Los Toyos bezalako adibideak berreskuratu behar direla azaldu du, izan ere, “balorerik onenen defentsan sendo mantendu zen, elkar ulertzeko borondatea erakutsi zuen eta elkarrekin sakrifikatzeko ahalmena zuen”, horiexek dira Lópezek “krisitik ateratzeko” eta Euskadi “baketsu eta tolerantea” lortzeko beharrezkotzat jo dituen baloreak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria