Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna

Eusko Jaurlaritzak 1.300.000 euro bideratuko ditu esnetarako behien, patataren eta erremolatxaren sektoreetara

2015.eko otsailak 19
  • Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak aurreikusitako laguntza neurriak nekazaritza eta ingurumenaren laguntza gisa aurkeztu dira
  • Patata eta erremolatxa laboreetarako 800.000€ erabiliko dira, eta esnetarako behien sektorerako 500.000 € 

Vitoria-Gasteizen emandako prentsaurrekoan, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak patata eta erremolatxa laboreetarako eta esnetarako behien sektorerako hartutako laguntza neurrien berri eman du, horretan 1.300.000 euro erabiliko direla jakinarazita.

“Ekoizpen sektore horietara bideratutako laguntza berezia sektore horiek izaten ari diren zailtasun berezien ondorioz jaio da”, esan du Oroz sailburuordeak-“bereziki, esnetarako behien sektorearen egoerarengatik, datorren martxoaren 31tik aurrera esne kuotak desagertu egingo direlako eta horrek ziurgabetasun handia eragiten dielako. Era berean, erremolatxaren sektorea une kritikoan dago, izan ere, 2017tik aurrera ez da azukre kuotarik egongo, laguntza europearrak murriztu egin dira eta Mirandako azukre lantegiaren etorkizuna ez da batere ziurra. Jakina da, gainera, patataren sektorea ere egoera zailan dagoela Araban, bereziki azken urtean, salmenta prezioak produkzio kostuen azpitik egon direlako”, azpimarratu du Orozek. 

Urtebete baino gehiago da Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiekin batera, lanean ari dela 2015-2020 aldirako LGP berriaren diseinuan, bai eta euskal administrazioen diruarekin soilik finantzatuko diren beste laguntza neurri batzuk sortzen ere. Paraleloki, Eusko Jaurlaritza bilerak egiten ari da Europako Batzordearekin eta Nekazaritzako Ministerioarekin, eta bertan datozen urteetan ezarriko diren lineak negoziatzen ari dira. 

 

“Horregatik, Eusko Jaurlaritzatik, jakinda zer garaitan gauden eta gure nekazariak garai honetan beraien ereintzak planifikatzen ari direla, eta sektoreari lasaitasuna transmititzeko helburuarekin, erabaki dugu 2015ean laguntza lerro batzuk planteatzea patata zein erremolatxaren laboreetarako, eta era honetan, bi laborantza hauen etorkizunaren alde bultzada bermatzen dugu", esan du Orozek. Azpimarratu du, halaber, "neurri hauek ingurumena hobetzen laguntzen duten nekazaritza jarduerak mantentzeko eta beraietan egin beharreko aldaketak bultzatzeko direla”.

Esnetarako behien ongizateari lotuta hartutako neurriak aurreikusitako helburuak ondo bete ditu azken urteetan, beraz, egokitzat jotzen da 2015ean ere neurri hori programatzea, eta baldintza berdinetan programatzea ere bai. Laguntza horiek derrigor egin beharrekotik haratago abereen ongizatearen alde euren borondatez zerbait egiteko konpromisoa hartua duten abeltzainei ematen zaizkie. Laguntza neurri horretaz baliatzen ez ziren abeltzain berrientzat, 2015ean laguntza espezifiko bat artikulatuko da baldintza berdinetan.

Patata eta erremolatxa laborantzen kasuan, Eusko Jaurlaritzak emango duen laguntza maximoa 300 €-koa izango da ha bakoitzeko. Eusko Jaurlaritzak gehienez 7.500€-ko laguntza maximoa emango du ustiategiko eta neurri horiek foru aldundiek beraiek paraleloki bultzatu ditzaketen beste laguntza batzuekin osatu ahal izango dira. Laguntza neurri hauen eskaera hilabete eta erdi barru egiteko aukera izango dute erreglamenduko baldintzak betetzen dituzten  onuradunek.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, foru aldundekin eta sektoreko eragileekin elkarlanean jarraituko du, nekazaritza eta ingurumenari begira sektoreko eskaerei erantzun eta Europako Erkidegoaren jarraibideekin bat etorriko diren neurri batzuk diseinatzeko, 2016tik aurrera programatzeko.

Iruzkin bat
  • @Coiaanpv
    2015.eko otsailak 20

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco destina 1.300.000 euros para los sectores de vacuno de leche, patata y remolacha http://t.co/olIh4DJYTH

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak