Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
qrcode

Arantxa Tapia Gernikako MAIER enpresan izan da

2015-02-19

Sailburuak berme osoa eman die Euskadiko teknologia-programei, gure industria gure lehiakideenarengandik bereizten laguntzen baitute

Gernikako MAIER enpresan izan dira gaur Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia, eta Teknologia eta Lehiakortasuneko bere taldea: Estibaliz Hernáez, sailburuordea, eta Leire Bilbao, zuzendaria.

«Euskal enpresa eredugarria» dela esan du Tapiak, 1400 langile dituen MAIER kooperatibari buruz. Izan ere, atzerriko merkatu estrategikoetan ezarri da, esaterako, Erresuma Batuan eta Indian; I+G+Baren aldeko apustu garbia egin du, eta arriskuak hartzen ditu bere produktuak etengabe hobetu ahal izateko, eta, gainera, inbertsioari eusteko ahalegin handiak gauzatu ditu.

Enpresa aitzindaria da automobilgintzaren diseinu aurreratuan eta premium bezero sorta zabala du; horien artean, automobilen sektoreko etxerik ezagun eta prestigiotsuenak.

Enpresaren ekoizpen- eta esportazio-gaitasuna dela eta trakzio-enpresa nagusietako bat da Urdaibai inguruan, eta alderdi hori oso positibotzat jo du sailburuak, enpresaren zuzendari nagusi Martín Ugaldek gogor eutsi nahi baitio enpresak hurbileko ingurunearekin duen loturari, nazioartean zabaltzea ezinbestekoa den une hauetan.

Ekoizpen-plantaz gain, MAIERek I+Gko unitate bat du ehun bat langilerekin. Eusko Jaurlaritza enpresarekin lankidetzan aritu da hainbat teknologia-programaren bitartez; horien artean daude Gaitek eta Etorgai.

Sailburuak berme osoa eman die programa horiei, produktu eta zerbitzu berrien ikerketa eta teknologia-garapena gauzatzen dituzten enpresa aurreratuenak babesten baitituzte, eta haiek ahalbidetzen baitute, hain zuzen, gure industria munduko gure lehiakideek egiten dutenarekiko bereizgarri egitea.

Aurreko guztia dela-eta, Tapiak berretsi egin du, MAIERek bezalaxe, tokiko hornitzaileei bultzada eman eta nazioartekotzearen eta I+G+Baren alde egiten duten enpresak babesten jarraituko duela.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)