Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Hedabideek ez dute islatzen emakumeek egiten duten kirolaren kalitatea eta kantitatea

2015.eko otsailak 19
  • Horixe da Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kiroletako zuzendaritzak kirol denboraldi oso batean egindako jarraipenaren ondorio nagusia
  • Emakumezkoen kirolaz soilik arduratzen diren albisteak ez dira %5era iristen

“Emakumeen kirola: presentzia eta trataera orotariko euskal prentsan eta kirol egunkarietan. 2013-2014 denboraldia” izenburupean , hamar egunkaritako kirol informazioa aztertu da: horietatik zortzi informazio orokorrekoak dira (Berria, Deia, Diario de Noticias de Álava, Diario Vasco, El Correo Álava, El Correo Bizkaia, Gara, Noticias de Gipuzkoa) eta bi kirol egunkariak (Mundo Deportivo eta Marca). Jarraipena denboraldiko lau hilabetetan zehar egin da, hilabete bakoitzean aste oso bat hartuta (7 egun jarraian): 2013ko irailaren 10etik 16ra; 2013ko abenduaren 10etik 16ra; 2014ko martxoaren 11tik 17ra; eta 2014ko ekainaren 10etik 16ra. 

Azterketa honek, aurrez, 2013ko apirilean egin zen azterketaren ondorioak berresten ditu. Hau da, hedabideek emakumeen kirolari  ematen dioten arreta desegokia eta selektiboa dela eta, askotan, genero-mailako estereotipoak indartuz edo beraien emaitzak gutxietsiz agertzen direla. Kezkagarria da ere, hedabideetan gehiago agertzeko helburuz, geroz eta nabariagoa den emakumeen gorputzaren merkantilizazioa, konnotazio sexualak medio, errendimendu eta kirol emaitzei zor zaien arreta aldenduz.

Azterketa honek, gainera, nabarian uzten du hedabideetan emakume kirolariek duten presentzia kualitatibo eta kuantitatibo eskasa ez dela egoera zehatz baten ondorio, ohitura eta funtzionatzeko modu sistematikoen ondorio baizik. Gizonezkoen kirolaren presentziak jarraipen izaera du eta, nagusiki, ez da lortutako emaitzen ondorioa. Emakumeen agertzea, aldiz, ez-ohizko kirol emaitzak lortzera baldintzatuta dago nagusiki; hala nola, Munduko txapelketetan, Europako txapelketan edo Kopako finaletan arrakastak erdiestera.

Emakumeek praktikatzen duten kirolari hedabideek ematen dioten arreta eza edo eskasa funtsezko kontua da; ez emakumezko kirolarientzat soilik, kirol sistema guztiarentzat baizik. Emakumeen kirola hedabideetan kalitatez agertzea ezinbestekoa da babesak, ikusleak eta beste dirusarrera batzuk erakartzeko eta bere gabeziak errotik baldintzatzen du emakume kirolarien profesionalizazioa (baliabide eza berarizko entrenamenduak lantzeko, nazioarteko txapelketetan parte hartzeko, edo publizitatea egiteko, adibidez). Bitxia bada ere, hedabideek argudiatzen dituzten arrazoi berberak emakumeen kirolaren berri ez emateko.

Gazteria eta Kiroletako zuzendaritzak egin duen “Kirolean Berdintasuna Plana”ren baitan kokatzen da azterlana eta euskal kirol sisteman benetako berdintasun eraginkorra sustatzea du helburu.

AZTERKETAREN ONDORIO KUANTITATIBOAK

Hautatutako epeetan, eta aipaturiko 10 egunkarietan, 15.316 informazio zenbatu dira gizonezkoen nahiz emakumezkoen kirolaz ari direnak. Kazetaritza genero guztiak hartzen dituzten informazioak dira (albisteak, erreportajeak, elkarrizketak, argazki-albisteak…), eta askotarikoak hedadurari nahiz kokapenari dagokionean.

  • Aztertutako 15.316 kirol informazio horietatik, %91,44 gizonezkoen kirolari buruzkoak dira erabat
  • Emakumezko talde, kirolari edo kategoriak aipatzen dituzten albisteak, argitaratutako kirol informazio guztien artean %8,56 soilik dira (15.316tik 1.280)
  • Oso osorik emakumeen kirolaz ari diren albisteak ez dira %5era iristen. %4,96an gelditzen dira 

Azalak: 10 egunkari horien azaletara iritsi diren kirol albiste guztien batura 632 da

  • Horietatik %4,11k emakumeen kirolari egiten dio aipamena
  • Gainerako %95,89ak ez du emakumeen kirola aipatzen 

Titularrak: modu batean edo bestean emakumeen kirola mintzagai duten 1.280 informazio horien artean

  • %73,5en albistearen buruan dago emakumeen kirolari eginiko erreferentzia
  • Gainerako %26,5ean titularrak ez du erakusten albisteak emakumeen kirolari buruzko informazioa jasotzen duela 

Luzera: emakumeen kirolari buruzko albisteen %40,4 albiste laburrak dira; %16,2 orrialdeko albiste nagusi gisa nabarmentzen dira; %3,6k orrialde osoa hartzen dute. Orrialde bikoak eta hirukoak urriagoak dira.  

Kirol modalitateak: emakumezkoen kirolaz arduratzen diren albisteek 42 kirol modalitateren berri eman dute. Albiste kopuruari begiratuta, arretarik handiena jaso duten modalitateak hauek dira:

-Eskubaloia (225)

-Futbola (152)

-Atletismoa (150)

-Tenisa (87)

-Saskibaloia (86)

-Igeriketa (75)

-Txirrindularitza (72)

-Neguko kirolak (61)

Lurraldetasuna: emakumeen kirola jasotzen duten 1.280 berrietan erdiak (%50) autonomia erkidegoaren eremukoak dira. %35 estatukoak eta gainerako %15 nazioartekoak.

Argazkiak: emakumeen kirolaz ari diren 1.280 albisteetatik 602k bakarrik dute argazkia, eta 386tan soilik ageri da emakume kirolariren bat. Hau da:

  • Emakumezkoen kirolari buruzko informazioa ematen duten 3 berritatik batek bakarrik du hizpide duten emakumezko kirolariaren irudia

ZENBAIT KASU ETA ADIBIDE, emakumezkoen eta gizonezkoen kirolean egiten den trataera desberdintasunaz

Abizenik ez:  ohikoa izaten da emakumezko kirolariei abizenak kentzea eta izena bakarrik uztea. 2013ko irailaren 12an, Serena Williamsek AEBetako Openean lortutako garaipena jasotzen zuten hamar titularrek. Bitan bakarrik ageri da abizena; beste zortzietan, izenarekin bakarrik aipatzen dute.

Familia: behin eta berriz aipatzen da familia emakume kirolarien inguruko berri sakonera handiagoz ematen duten informazioetan (erreportaje edo elkarrizketak): kirolariaren amatasunak, seme-alabek, senarrak edo gurasoek, familia bizitzak, informazioaren zati bat hartzen du. Gizonezkoen kasuan aldiz, alderdi profesionala nabarmentzen da. 

Estereotipoak: apaintasuna, feminitatea, fisikoaren inguruko aipamenak, paternalismoa. Adibideak:    

  • Oso ezaguna ez den emakumezkoen kirol baten erreportajea: roller derbyarena. Erreportajearen kutsua eta komentario batzuk, oso desegokiak dira. "Emakume hauek erakusten duten gogortasunagatik, neska zakarrak, oldarkorrak direla pentsa liteke”. Ukipen kirola egin arren feminitatea ez dela galtzen justifikatu edo azaldu behar dela dirudi.
  • Gimnasia erritmikoan txapeldun izan den neskatila bati erreportajea: Topiko bilduma: begien distira, ahoko irribarrea, alaitasuna beti aurpegian…
  • Eskubaloi jokalariari elkarrizketa, Espainiako selekzioarekin golegile nagusia. Solasaldia tonu profesionalean burutu da, baina elkarrizketatzaileak amaieran zera dio: “Ez esan jateko modukoa ez denik”.   

Emakumearen gorputzaren erabilera merkantilista: Ez dio inporta kirolariak diren ala ez diren. Hedabide batzuetan, ez da ezohikoa kirol informazioarekin batera biluzik edo oso arropa gutxirekin dauden emakumeen argazkiak (posatuak hobe esan) aurkitzea. Modeloak eta kirolari famatuen bikotekideak izaten dira: Azken Munduko Txapelketan, emakume zaletu ‘ikusgarri’en argazki ugari argitaratu dira, bai eta hango edo hemengo selekzioren bateko jokalari baten neskalaguna, barruko jantzitan.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ikasfit
    2015.eko otsailak 19

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritzaren arabera:

    Hedabideek ez dute islatzen emakumeek egiten duten kirolaren kalitatea eta... http://t.co/lny1m9RjxB

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Dorleta Ugalde, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako teknikaria