Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

“Tabakorik gabeko airea, aire osasungarria” kanpainaren xedea gizartea erretzaileak ez direnen eskubideez ohartzea izango da

2010.eko ekainak 24

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak erretzaileak ez diren pertsonen eskubideez kontzientziatzeko kanpaina bat martxan jarri du

Toki publiko itxietan erretzea debekatuko duen Legea indarrean sartuko dela eta, Jaurlaritzak herritarrek Legea “nahi dutelako eta ez inposatzen zaielako” betetzea lortzeko kanpaina “adeitsu” bat diseinatu du. “Jendeak Legea saihesteko bideak bilatu beharrean, osasunerako ona dela ulertzea espero dugu”, azaldu du Gemma Zabaleta sailburuak. “Euskadi eta drogak 2010” azterlanaren arabera, Euskadin herritarren % 66a ez-erretzailea da.

“Kerik gabeko Euskadi bat” da Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak toki publiko itxietan tabakoa kontsumitzea debekatuko duen Legearen bidez erdietsi nahi duen helburua. Hilabete barru, gutxi gorabehera, Gobernu Kontseiluak Legea onartuko du eta martxan jartzen denerako, Gemma Zabaletaren sailak herritarrak erretzaileak ez diren pertsonen eskubideez kontzientziatzeko kanpaina bat diseinatu du. “Erretzeko eskubidea eta erretzaileak ez diren pertsonen eskubidea ez daude kontrajarrita. Kerik gabeko tokiez gozatzeko eskubidea soilik dago”, azpimarratu du Zabaletak. Sailburuak herritarrek legea “nahi dutelako eta ez inposatu dietelako” beteko dutela espero du.

 

“Tabakorik gabeko airea, aire osasungarria” kanpainak spot bat eta iragarkiak barne hartuko ditu, horrez gain, kalean jarduerak gauzatuko dira, esaterako, ekainaren 28tik, astelehenetik, trikiti bat Euskadiko hiru hiriburuetatik ibiliko da. Kanpaina Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak eta Celina Pereda Droga-menpekotasunen zuzendariak aurkeztu dute gaur goizean Bilbon.

 

Sailburuak lege honen azken helburua ez dela debekua "euskal herritarren osasuna defendatu eta babestea baizik" azpimarratu du, izan ere, toki itxietako tabakoaren kea "oso kaltegarria da erretzaileentzat nahiz ez-erretzaileentzat". "Ezin dugu tabakoa kontsumitzea galarazi, baina tabakoaren keak erretzen ez duten pertsonak gogaitzea ekidin dezakegu", gehitu du.

 

"Euskadi eta drogak 2010" azterlanaren arabera, euskal herritarren % 66k ez-erretzailea dela adierazten du eta erretzaileen kopuruak behera egiten jarraitzen du: 2008an erretzaileak herritarren % 35,8a ziren, 2010ean, aldiz, % 34,1a. horrek tabakoaren arriskuei buruzko mezuak euskal gizartean eragina izan duela esan nahi du eta erretzeari uzten saiatu diren erretzaileen kopurua (% 58a) ere horren adierazgarri da. Datu negatiboei dagokienez, aipagarria da emakume erretzaileen kopuruak hazten jarraitzen duela eta 15 eta 17 urte bitarteko gazteen % 15ak erretzeko ohitura daukala.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gemma Zabaleta, saillburua