Iriarte: “Donostialdea-Bidasoa Lurralde Plan Partzialari bultzada berria eman nahi diogu, biztanle eta garraiobide gehiago ez ezik, kokapen estrategikoa aparta ere duen Gipuzkoan, lurralde-antolamendu egokiagoa izateko.”
- «Eremu funtzionalean datozen urteetan jarduteko arlo estrategikoak antolatu ditugu; zehazki, Txingudi, Irun, Lezo-Gaintxurizketako korridorea, Pasaiako badia eta Urumeako ibai-korridorean jarduteko»
- Euskadiko Lurralde Antolamendurako Batzordearen bilera: Donostialdea-Bidasoa Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partziala azken fasean sartu da
- «Erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa da, eta udalaz gaindiko hirigintza-tresna baten beharra du, sektoreen beharrei erantzun egokia emateko»
- Eusko Jaurlaritzak prestatu berri duen dokumentuak lehentasun handiagoa ematen dio jada eraikita dagoena birgaitzeari, hiria zabaltzeari baino
- Helburua: hiriaren hazkundeak ingurumenean sor dezakeen inpaktua minimizatzea eta lurraldearen antolamendu jasangarria bermatzea
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikako sailburuorde Izaskun Iriarteren iritzian, «Donostialdea-Bidasoa eremuko Lurralde Plan Partzialak argi eta garbi zehazten ditu Gipuzkoako gune jendeztatueneko azpiegitura-beharrak. Bertan, garraiobide ugari daude, kokapen estrategiko berdingabea du, muga bertan da, eta denetariko azpiegitura logistikoak daude. Eta ez dugu ahaztu behar inguru natural pribilegiatua dela».
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak gaur goizean bertan aurkeztu die Euskadiko Lurralde Antolamendurako Batzordeko kideei, Ana Oregi sailburuaren gidaritzapeko bilera batean, Donostialdea-Bidasoa eremu funtzionalaren antolamendurako behin betiko proposamena, Lakuan. «Garrantzi handiko dokumentua da –adierazi du Iriartek–, Gipuzkoa osoan dentsitate demografiko handiena duen eremu funtzionala antolatzen baitu. Eremu hori Arku Atlantikoaren belaunburuan kokatuta dagoela esan genezake; hortaz, garrantzi estrategiko eta logistiko nabarmena du Euskal Autonomia Erkidegoan eta inguruan, hain zuzen ere lotune delako penintsularen eta Europaren artean, korridore atlantiko guztiaren artean.
Kokapen hori dela eta, garraio eta logistikaren aldetik azpiegitura trinkoak dira bertan, eta, beraz, ezinbestekoa da horiek guztiak bikain koordinatu eta definitzea. Ez dugu ahaztu behar eremu horretan garraiobide ugari direla: trenbideko hainbat garraio mota, errepide eta autobideak, aireportuak, portuak eta eremu logistiko zein intermodalak. Hori guztia ondo zaindu beharreko ingurune natural batean dago kokatuta (Jaizkibel, Txingudi, Aiako Harria, Igeldo, Ulia eta Urumea)», erantsi du sailburuordeak.
Lehentasunak
Dokumentu berriak hainbat proposamen jasotzen ditu, hiria zabaltzera jo beharrean lehentasuna jada eraikita dagoena birgaitzeari ematearren; horrenbestez, txikitu egin dira etxebizitzen kopurua ugaritzeko aurrez egin ziren aurreikuspenak. Guztia ere, hiriaren hazkundeak ingurumenean izan dezakeen inpaktua minimizatzeko eta lurraldearen antolamendu jasangarria bermatzeko xedez. Gainera, hiriaren inguruetan hainbat parke sortzeko proposamena ere jasotzen du plan partzialak.
Garrantzi handia ematen die, halaber, dauzkaten balio naturalengatik babes berezia merezi duten espazioei; hala, landa-habitata sendotzeko esanguratsuak diren eremu batzuk zehaztu ditu, eta figura berri bat jaso du, eremu funtzionalean estrategikoak diren nekazaritzako eta abeltzaintzako eremuak nabarmentzeko, eta, hala, erreserba agrologikoen lurralde-estrategia ezartzea bultzatzeko.
Lurralde Plan Partzialak hainbat eremu estrategiko finkatzen ditu eremu funtzionalean, eta datozen urteetan seguruenera aktibo izango diren eremuak zehazten ditu. Erakundeen arteko lankidetza oinarrizkoa denez eremu horien garapena bultzatzeko, udalaz gaindiko hirigintza-tresna bat lantzeko beharra dagoela nabarmentzen du, eremuan dauden sektoreen beharrei erantzun egokia eman ahal izateko. Eremu funtzional horrek biltzen dituen eremu estrategikoak ondoko hauek dira: Txingudi, Irungo, Lezo-Gaintxurizketa korridorea, Pasaiako badia eta Urumeako ibai-korridorea.
Kontuan hartu behar da eremu funtzional horrek, ezaugarri fisiko eta hirigintza-baldintza bereziak izateaz gain, dentsitate demografiko handia duela, eta azpiegitura ugarik zeharkatzen dutela, bai eremukoek bertakoek, bai korridore atlantikoko komunikazioa konfiguratzen dutenek. Hori horrela, plan partzialak sektoreko beharrak zehazten ditu, eta, mugikortasunari dagokionez, proposamen bat jasotzen du, hainbat alderdi aintzat hartuta: oinezkoak eta txirrindulariak; bide-azpiegiturak; ADIF, NRFV eta Euskotrenen trenbide-azpiegiturak; Pasaiako portuko itsas komunikazioak eta Hondarribiko aireportua.
Datozen hogei urteak
Lurralde-antolamenduari buruzko dokumentu hori oinarrizkoa izango da eremu funtzionalak datozen hogei urteetan izango duen garapen jasangarriari dagokionez, eta haren inguruan ardaztuko dira, estrategia bateratuan, eremu horretako udaletako antolamendu-planak eta gainerako sektorekako lurralde-planak.
Zehazki, Donostiako Lurralde Plan Partzialean daude jasota eremu horretako hamahiru udalerrien lurralde-antolamendurako ildo nagusiak; hots, honako hauetakoak: Andoain, Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Urnieta eta Usurbil. Bertan antolatutako lurraldeak 376 km2 hartzen ditu orotara, eta 400.000 biztanletik gora bizi da bertan.
1992an ekin zitzaion Lurralde Plan Partziala idazteari, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, Gipuzkoako Lurralde Historikoari eragiten dioten beste bost lurralde-plan ere prestatzeko prozesuan.
Plana idazteko lanei hasiera eman zitzaienetik hona, dokumentua hainbat aldiz egon da jendaurrean ikusgai; besteak beste, 1995ean, aurrerapena prestatu zenean, bai eta 2001etik aurrera landutako agiri berrien kariaz ere. Azterlan osagarri batzuk egin ostean, 2008an beste dokumentu bat idazten hasi ziren, eguneratua; agiri horrek 2010eko uztailean jaso zuen Eusko Jaurlaritzaren hasierako onespena, eta bat egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gero, jendaurreko informaziorako epe bat zabaldu zen eta Administrazio interesdunei entzun zitzaien. Fase hori 2011ko urtarrilean amaitu zen; 90 alegazio-idazki jaso ziren ordurako.
Alegazio horiek guztiak aztertu ostean, gogoeta-faseari eman zitzaion hasiera; bertan, diagnostiko eguneratua egin zen, eta, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlan teknikoan jardunez, beste irizpide batzuk finkatu ziren, izapidetze-prozesuan aurrera egiteko. Horren guztiaren ondorioz, 2014an Lurralde Plan Partzialaren dokumentu berri bat prestatu dute. Agiri horrek funtsezko aldaketak jasotzen dituenez, berriro eman beharko zaio hasierako onespena, eta, gerora, jendaurrean jarriko da eta entzunaldi publikoa zabalduko da.