Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregi: “Amañan trenbide gaineko pasealekua estaltzean, Eibarrek lekua berreskuratuko du”

2015.eko otsailak 18
  • Obrek trenbidearen trazatua hirigunean hobeto integratzeko aukera emango dute
  • Geltoki berriko nasak eta plataformak jarrita daude jadanik

 Amaña-Ardantza zatia bikoizteko eta estaltzeko obrek, lanek aurrera jarraitzen dutela erakusten duten mugarri berriak gainditu dituzte. Horren adibide argia Amañako lur azpiko geltoki berria da. Nasa eraiki ondoren forma hartu du. Azpiegitura horrek Eibarko auzo ezagun horretako geraleku zaharra ordezkatuko du. Halaber, aste honetan jarri da ingurune horretako trafikoa antolatuko duen errotonda berria eutsiko duen azken zutabea. Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburuak gaur goizean egiaztatu ahal izan du lekuan bertan lanen aurrerapena, Antonio Aiz Garraio sailburuordearekin, Miguel de los Toyos herriko alkatearekin eta ETS-Euskal Trenbide Sarea Euskadiko trenbide kudeatzaileko teknikariekin batera egin duen bisitan.

 Bisitan parte hartu duten pertsonak trenbide gaineko pasealekuan ibili dira, eta plaza berria eraikiko den eta biribilgunea egongo den lekua ere ikusi ahal izan dituzte. Halaber, lur azpiko geltoki berriko nasara jaitsi ahal izan dira lehen aldiz. Oregi Sailburuak adierazi duenez, “Amañan trenbide gaineko pasealekua estaltzean Eibarrek lekua berreskuratuko du. Obraren berezitasun nagusia, Eibarko hirigunearen erdian egotea da”.

 Oregi interesatuta agertu da, “eraikuntza lanak eta Eibarko biztanleen eguneroko jarduna eta tren zerbitzuekin jarraitzea zelan uztartu ahal izan den jakiteko. Deserosotasunak egon diren arren, denbora gutxi barru lan horren emaitzak Eibarko pertsona guztiek aprobetxatu ahal izango dituzte, eta baita inguru osotik, Ermutik, Elgoibartik eta Debatik datozen guztiek ere”.

 Bilbo-Donostia lineako zati horretako lanak 2012ko udazkenean hasi ziren. Altxatutako pasealekuaren zatia, ETS-ren eta Eibarko Udalaren artean, udalerri horretan trenbidearen trazatua hirigunean hobeto integratzeko, sinatutako lankidetza hitzarmenaren barruan sartzen da. Obra zibilak 12.623.577 €-ko aurrekontua du (BEZ aparte), eta datorren udaren hasierarako amaituko dela aurreikusten da.

 Jarduketa horien barruan trenbidearen 650 metro bikoiztuko dira, Amañan lur azpiko geltoki berria eraikiko da, lehen zegoen geralekua ordezkatzeko, eta obrek ukitutako gune guztia estaliko da, bide eta jendearentzako gune berriak sortuz.

 Lan horiei esker, 8.500 m2-ko azalera handi altxatua sortu ahal izango da, eta horrek goitik behera aldatuko du inguruaren fisonomia, Amañako auzoak Eibarko gainerako lekuekin duen iragazkortasuna hobetuz. Une honetan lanaren azken faseak ari dira egiten. Trenbidearen bikoizketa lanak amaituta daude eta trenak bikoiztutako trenbidetik ari dira zirkulatzen duela zenbait hilabetetik.

 Beste alde batetik, obra ingurune guztia estaltzeko egitura errematatzeko lanak egiten ari dira. Azken egunotan egitura osoko zutabe luzeenak jarri dira. Oraindik bistan dauden zutabe horiek izango dira inguru horretako trafikoa arautuko duen altxatutako biribilgunearen euskarriak. Glorieta hori, Arrateko bide-zubiak, Eibarko scalextric izenez ezagutzen zenak, lehen hartzen zuen inguruan egongo da. Azpiegitura hori eraistea izan zen obrako lanik konplexuenetakoa.

 Trenbidearen trazatua estali da jada San Andres kaletik igarotzean, eta Legarre kalearen pasealeku paralelo berria sortu da. Denbora gutxi barru amaituko dira Amañako geltoki berria eraikitzeko lanak, eta urbanizazioa lanak aurreratuko dira.

 Obraren berezitasun nagusia Eibarko hirigunearen erdian egotea da. Alderdi horrek eragin handia du egin beharreko lan guztietan, izan ere, betebehar, mugimendu edo aldaketa bakoitzak gestio asko eta asko eskatzen baititu, obrak ezinbestean dituen eraginak murrizteko xedez. Hori dela eta, eraikuntza lanak Eibarko biztanleen eguneroko jarduna eta trenbideko trafikoa bateragarri egiteko esfortzuari erantzunez, obra hainbat fasetan banatu da.

 Erdigunea

 Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak hainbat lan daramatza aurrera Bilbo-Donostia trenbide linearen erdigunean, eta azken urteetan 41,3 milioi euroko lanak egin ditu. Horien artean, Ermuan dagoen Izelaietako trenbide pasagunea kentzea, Eibarren San Lorentzo-Unibertsitatea zatia bikoiztea, Ardantzako geltoki berria, udalerri horretako geltoki zaharra berriztatzea, Txarakuako trenbide pasagunea, Txarakua-Azitain zatiaren bikoizketa  eta Karakateko gurutzaketa daude.

 Halaber, aurreikuspenen arabera, ekitaldi honetan bikoizketa lanak eta Ermuko geltoki berria eraikitzeko lanak ere hasiko dira, eta azterketa fasean daude Ardantza-Eibar zatia bikoizteko eta Ardantza-Azitain zatia estaltzeko lanak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)