Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Arantxa Tapiak egoera ahula duten inguruetan industria-inbertsioa bultzatzea iragarri du

2015.eko otsailak 16
  • Lurraldeen arteko industria-oreka handiagoa berreskuratu nahi du EBk baimendutako moduan
  • Singapurreko bulego berri bat eta ETEetarako nazioarteko finantzaketa bilatzeko programa, nazioartekotzeko politikaren berritasunak

Gaur goizean Bilboko Ercilla hotelean egindako Europa Foroaren tribuna irekian hitz egin du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak, eta Euskadiren azterketa politikoa eta ekonomikoa eskaini du.

Azaldu duenez, uneotan, hamarkada askoren ostean, euskal gizarteak suspertze ekonomikoa eta elkarbizitza baketsua uztartu ahal eta behar ditu. Eusko Jaurlaritzak, hasiera izugarri zailaren ondoren, egoera iraultzea eta gobernu-programaren betetze-mailan aurrera egitea lortu du.

Lurraldeen arteko industria-oreka

Eusko Jaurlaritzak aurten Bizkaiko ezkerraldean eta Pasaialdean industria-inbertsioa laguntzeko programa bat bultzatuko duela iragarri du sailburuak; EBk berak egoera ahula duten ingurunetzat hartzen ditu eskualde horiek.

Tapiak adierazi duenez, «industria-hazkundeari eta enplegu-sorrerari lotutako berrikuntza kontuan hartuta, Euskadik, EBren estrategiarekin bat etorriz, lurralde guztietan ahalik eta jarduera orekatuena eduki behar du, eta hartarako arreta berezia jarri behar zaie egoera ahulena duten inguruneetako enpleguari eta jarduerari». 

Programa horrek –azaldu du– Europar Batasunak egoera ahulean daudela zehaztutako inguruneetan kokatutako industria-inbertsio produktiboa diruz lagunduko du. Ingurune horiek, gure ondorioetarako, Nerbioi itsasadarra eta horren ezkerraldea zein Pasaiako ingurunea eta Oarsoaldea dira. 

Lurraldeen arteko beharrezko industria-orekaz gain, berrikuntza eta nazioartekotzea aipatu ditu lehiakortasunaren funtsezko ardatz gisa.

Indiarako misioa eta ETEentzat nazioarteko finantzaketa bilatzea

Horri dagokionez, ekainean Indiara erakunde- eta enpresa-izaerako misioa egingo dutela iragarri du, baita SPRIren nazioarteko sarearen Singapurreko bulegoa bisitatu eta inauguratuko dutela ere. Bulego hori Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan ireki duen bigarrena izango da Munichekoaren ondoren.

Halaber, Euskadiko ETEek nazioarteko proiektu eta finantzaketa multilateraletan parte har dezaten laguntzeko, Eusko Jaurlaritzak programa berri bat abiaraziko du euskal enpresek nazioarteko lehiaketa eta lizitazio multilateraletan parte har dezaten bultzatzeko. Zehaztu duenez, izapide konplexuak kudeatzeko laguntza izango dute uda baino lehenago; horrela bada, aholkularitza emateaz gain, baliabide ekonomikoak, teknikoak eta humanoak eskuratzen ere lagunduko zaie. 

«Begirada kanpoan jarrita dugu, eta horri esker azken helmugatzat gure herrialdea duten inbertsio berriak erakartzeko aukerei adi ere egon gaitezke», adierazi du Tapiak.

Egoera ekonomikoaren hobekuntza

Adierazle positibo batzuek itxaropena ematen digutela onartu arren, krisialditik astiro aterako garela gaineratu du Arantxa Tapiak. 

Nazioarteko egoera ekonomikoari dagokionez, oso aldakorra dela eta ez dagoela inolako ziurtasunik nabarmendu du. «Juncker planaren xehetasunak zein Draghik bultzatuta Europako Banku Zentralak hartutako neurrien ondorioak ezagutu beharra dago, baita Greziako hauteskundeen ondoren irekitzen diren agertoki berriak ere. Eta ez ditugu ahaztu behar Ukrainiako gatazkaren tankerako faktore ezegonkortzaileak». 

Prestakuntza-maila handiko langileen garai industrial berria

Bezeroen premietara, merkatuaren eskakizunetara egokitutako fabrikazio-estrategia modernoa bultzatzen du Jaurlaritzak. Material berriak, fabrikazio-prozesu berriak (gehitze-fabrikazioa, 3D inprimaketa...) erabiliz «garai digitalean enpresa berrasmatzea»ren alde agertu da; Basque Industry 4.0 izena du horrek.Orobat, industria horrek prestakuntza-maila handiko pertsonak, behar besteko espezializazioa, malgutasuna eta egokitzeko ahalmena dituztenak, beharko dituela ere esan du; lider izateko ahalmena ez ezik, euskal industria garatuko den ingurune zibernetikoa ongi ezagutu ere egin behar dute.

Turismoa eta lehen sektorea

Turismoa goraka ari den sektorea dela gogorarazi du; krisialdia gorabehera, egonkortzen ari da, BPGrako ekarpena eta langile kopurua handitu egin dira, eta 2014ak emaitza historikoak izan ditu.

Nekazaritzako elikagaien sektorea Euskadiko funtsezko balioetako bat dela adierazi du, eta Euskadiko Elikagaien Industriaren Lehiakortasun Plana aurki aurkeztuko dutela iragarri du.

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @anamarti4
    2015.eko otsailak 16

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [#INDUSTRIA] @Arantxa_Tapia anuncia incentivar la inversión industrial en áreas desfavorecidas ➡ http://t.co/PJsQyR8hxI #ForoEu…

  • @Gob_eus
    2015.eko otsailak 16

    Comentario de Twitter:
    [#INDUSTRIA] @Arantxa_Tapia anuncia incentivar la inversión industrial en áreas desfavorecidas ➡ http://t.co/X6ABUC6aS9 #ForoEuropa

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Joe Luis Larrea