Berriak Segurtasuna
Eu

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak «Arkaute Parez Pare» izeneko jardunaldien bigarren zikloa antolatu du

2015.eko otsailak 16

2015ean landuko diren hamaika gaietako batzuk hauek izango dira: adingabeen kriminalitatea EAEn, ingurumen-kriminologia, polizia-bitartekaritza, pertsonen desagertzea edo segurtasuneko zein larrialdietako komunikazioaren kudeaketa

2015. urtean zehar, gaur egungo hamaika gai landuko dira «Arkaute Parez Pare» izeneko polizia-jardunaldien zikloan, eta horixe aurkeztu du Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Herediak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari Malentxo Arruabarrenarekin batera. Ostegunean hasiko diren jardunaldiak honako erakunde hauekin elkarlanean egingo dira: Kriminologiako Euskal Institutuarekin, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailarekin, Integraziorako eta Kulturen arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzuaren bidez (Biltzen), Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarekin eta Ertzaintzaren Zuzendaritzarekin.

Arkauteko akademian, aurten, otsaila eta azaroa bitarte, landuko diren hamaika gaiak hauek izango dira: Adingabeen kriminalitatea EAEn; ingurumen-kriminologia eta delituaren prebentzioa; laneko berdintasuna eta diskriminazio eza; polizia-instituzioko kontu-ematea, polizia-bitartekaritza; biktimak, biktimizazio- eta desbiktimizazio-prozesua; desagertutako pertsonak: dizplinarteko eta diziplina anitzeko ikuspegi batetik helduta; suizidioak, segurtasuneko eta larrialdietako komunikazioaren kudeaketa eta trenbide-istripuetako esku-hartzea.

«Jardunaldi hauen helburuak dira profesionalen ideiei eta esperientziei buruz gogoeta egitea eta horiek partekatzea. Etorkizuneko lanerako ikerketa- zein gogoeta-ildoak ahalbidetuko dituzten ideiak eta esperientziak izango dira horiek, euskal segurtasun-sistemakoak diren pertsonen hobekuntza profesionalari mesede egiteko, batik bat.», azaldu du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak jardunaldien zikloak aurkeztu dituenean.

Iaz izan zen lehenengo edizioa eta, bertan, guztira, batez ere, polizia-jardunaldiak izan ziren zazpi jardunaldi antolatu ziren eta horrelako gaiak landu ziren: Delinkuentzia antolatua; nazioarteko terrorismoa, batez ere, jihadismoa; ziberdelinkuentzia; herritarren segurtasuneko ikuspegi berriak; prebentzioaren eta aurreiritziaren arteko poliziaren jardunbide egokiak; lurraldearen nahiz hirigintzaren antolamenduaren kontrako delituak eta, azkenik, profil kriminologikoa.

Guztira, 1.060 pertsonak (gehienak, ertzainak, udaltzainak eta UPV/EHUko ikasleak) hartu zuten parte Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak antolatutako polizia-jardunaldien lehenengo zikloan iaz. Hala, jardunaldi bakoitzean, batez beste, 150 pertsonak parte hartu zuten.

«Jardunaldietara bertaratu ziren eta parte hartu zuten pertsonei buruzko datuak kontuan izanik, edizio berri honetan, jardunaldi tematikoen kopurua handitu da eta gaurkotasuneko gaiak eta gai transbertsalenak jarri nahi izan dira, segurtasun publikoa osatzen duten hainbat kolektiboren arteko, hau da, ertzaintza, udaltzaingo, larrialdietako profesional, babeste zibil, boluntario eta ikasleen arteko interakzioa errazteko.», adierazi du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari Malentxo Arruabarrenak.

Oraingoan, Kriminologiako Euskal Institutua eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaz gain, elkarlanean aritu dira Integraziorako eta Kulturen arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzua, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza eta Ertzaintzako zuzendaritza ere.

Adingabeen kriminalitatea EAEn

Adingabeen kriminalitatea Euskal Autonomia Erkidegoan gaia landuko da lehenengo jardunaldian. Otsailaren 19an, Arkauteko Akademiako Ekitaldi Aretoan izango da jardunaldi hori.

Gazteen delinkuentzia eta justizia ikuspuntu kriminologikotik eta juridiko penaletik izango da goizeko bederatzietan hasiko den lehenengo mahai-inguruko gaia. Mahai-inguru horretan, Kriminologiako Euskal Institutuko (UPV/EHU) ikertzaile Estefanía Ocáriz Passevantek parte hartuko du eta gai honi buruzko txosten bat azalduko du: Adingabeen kriminalitatea: fenomenologia kriminala EAEn eta erantzun juridiko/penala. Kataluniako Ikasketa Juridikoen eta Prestakuntza Espezializatuaren Ikerketa Zentroaren arduradun Manuel Capdevilak ere parte hartuko du eta gai honi buruz hitz egingo du: Gazteen justiziaren efikazia: gaur egungo egoera eta etorkizuneko erronkak.

Bigarren mahai-inguruan gai hauek planteatuko dira: Adingabeen kriminalitatearen gaur egungo adierazpenak: indarkeria-era berriak eta gauzatze-era berriak. Hizlarietako lehena Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko Prestakuntza diputatu Miguel Alonso Belza izango da eta gai honi buruz arituko da: Adingabeen delinkuentzia eta teknologia berriak: sare sozialen bidez gauzatutako delituei aipamen berezia. Azkenik, Euskal Herriko Unibertsitateko Portaeren Zientzien Metodologiaren arloko Psikologia irakasle Izaskun Ibabek gai honi buruz hitz egingo du: Aurreko ahaideen kontrako indarkeriaren errealitatea EAEn. Seme-alaben eta gurasoen arteko indarkeriari buruzko azalpen-eredua eta aurreikuspen-faktoreak.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2015.eko otsailak 16

    Comentario de Twitter:
    Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak «Arkaute Parez Pare» izeneko jardunaldien bigarren zikloa antolatu du http://t.co/HS8tf1VtSW

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)