Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

URAk uholdeen aurkako Areatzako babesaren obrak amaitu ditu Arratia ibaiaren gaineko zubi berriarekin

2015.eko otsailak 13

Oregi sailburuak, Ansolak eta Basozabal alkateak Zubizaharra bisitatu dute

(Mapa elkarreragilea eta ortofotografía kontsultatu ezazu:  GeoEuskadi n)

«Arratia ibaia bideratzeko lanei eta Areatzako (Bizkaia) Zubizaharra ordeztekoei esker, udalerriko biztanleen segurtasuna areagotu da uholdeen aurka», adierazi gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik, Iosu Basozabal alkatearekin eta Iñigo Ansola URAko zuzendariarekin Zubizaharraren ingurune eraberritura eginiko bisitaldian

URA-Uraren Euskal Agentziak 1,7 milioi euro inbertitu ditu Arratia ibaia egokitzeko lanetan, Areatzan, hustubidearen ahalmena handitzeko, eta ibilguko eta ertzetako ibai-habitata leheneratzea sustatu du.    

Oregik azaldu duenez, «orain, erronka prebentzioa da; alegia, urpean gera daitezkeen lurzoruak ez okupatzea, ibaiaren goraldiak kontuan hartzea eta ibai-eremua ingurumenaren ikuspegitik errespetatzea».  «Areatzakoa da Euskadin uholdeen aurka egin beharreko babes askotako bat, ibai-eremua erabilera sentiberekin eta zaurgarriekin okupatzearen ondorioz».

Oregik gaur goizean adierazi duenez, «ibaia bideratzeko eta Areatzan barrena duen ibilgua zeharkatzen duten egungo azpiegiturak aldatzeko proiektua erkidego osoan egin beharreko obren multzoan dago, uholdeen kudeaketa arloan. Izan ere, kontuan hartu behar da lurraldea oso kaltebera dela uholdeekiko, uholde-arrisku handiko 100 eremu baitaude, gehienak Kantauri isurialdean. Hain zuzen ere, Arratia ibaiak Areatzan egiten duen bide-zatia Euskadiko 100 Uholde-arrisku Potentzial Nabarmeneko Eremu horietako bat da». 

Oregi sailburuak gomendatu duenez, «kontuan hartu behar dira ibaiak hirigintza-jardueretan, eta kalitatezko espazio publikoak sortu behar dira, ibaiak gora egin ohi duen guneetan erabilera kaltebera gehiago ipintzea saihestuz, urpetu daitezkeen hiri-esparruak defendatuz –ibaian ahalik nahasmendu txikiena eragiteko– eta ibai-ekosistema errespetatuz».

Oregiren ustean, «Arratia bideratzeko eta Zubizaharra ordezteko proiektua udalerriko uholdeen aurreko segurtasuna handitzeko premiazko neurrietako bat da. Edonola ere, ibai-goraldietan ezin da bermatu arriskurik batere ez dagoenik».

FOTOS / ARGAZKIAK: flicker URA

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iosu Basozabal, Areatzako alkatea, Esther Solabarrieta, Álvaro San Cristobal.