Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

"Eta txipa aldatuko bagenu?": Euskararen inguruko aurreiritzi eta jarrerak aldatzeko egitasmo berria jarri du abian Eusko Jaurlaritzak

2015.eko otsailak 12
  • Umorea erabiliz, euskal hiztunen artean ohikoak izaten diren hainbat egoera azalduko dira www.aldatutxipa.eus webgunean. Esketxen bidez, zenbait aurreiritziren inguruko gogoeta eragitea da asmoa
  • Euskal hiztunak esketx horietako batean baino gehiagotan ikusiko du bere burua islatua: txip aldaketa da helburua

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Jokin Azkue, Euskara Sustatzeko zuzendariak, “eta txipa aldatuko bagenu?” egitasmoa aurkeztu dute gaur goizez Donostian. www.aldatutxipa.eus webgunean gaur hasi eta datozen hilabeteetan azalduko diren esketxen bidez, euskal hiztunen ohiko hainbat egoera eta aurreiritzi islatuko dira. Umorea lagun hartuta, euskararekiko oraindik indarrean diren aurreiritzien gaineko gogoeta eragitea da helburua: txipa aldatzea.  

Euskal hiztun bati baino gehiagori gertatzen zaio, egunerokoan, beste euskaldun batzuekin euskaraz egin arren, kalean topatzen duen ezezagunari gazteleraz galdetzea automatikoki; edo haurrari euskaraz mintza dadila eskatu, baina bikotekidearekin “gauza serioez” gaztelaniaz egitea; edo euskaraz ikasten ari direnak animatu, baina beraiekin hizkuntza horretan hizketaldi bat izateko pazientziarik izan ez...

Egoera hauek eta antzeko beste hamaika azaleratuko ditu “eta txipa aldatuko bagenu?” egitasmoak, umorezko esketxen bidez. Ikusle askok euren burua ikusiko dute ispilu horretan islatuta. Horixe baita helburua: gogoeta eragin, euskaldunen artean euskararekiko jarrera aldaketa erraztu, txip aldaketa bultzatu. Jarrera positiboa eta aktiboa bultzatu nahi du egitasmoak. Aurreiritziak alde batera utzita ahal den guztietan euskaraz jarduteko eskaera, edonorekin, edozein egoeratan. Poziktibity jarrera azken finean. Modu honetan, Eusko Jaurlaritzak indarrean daukan Poziktibity ekimenarekin bat egiten du “eta txipa aldatuko bagenu?” egitasmoak ere.

Webgunea eta esketxak

Gaur goizez aurkeztu den egitasmoak abiatu du dagoeneko bere ibilbidea sarean, eta datozen sei hilabeteetan www.aldatutxipa.eus webgunean egongo dira ikusgai aipaturiko esketxak. Atalka-atalka, euskal hiztunen artean oso ohikoak diren egoerak irudikatuko dira. Hona hemen adibide batzuk:

  • Lehen hitza euskaraz: euskal hiztunak egoera guztietan lehen hitza euskaraz egiten al du? Ala aurreiritziz jokatzen du ezezagunaren aurrean? Errealitate honetaz ohartarazten duten zenbait egoera islatzen dira esketxetan
  • Euskaldun berriarekin pazientziarik ez: Euskara ikasten ari direnak gogotsu daude, euren maila hobetu nahi dute eta horretarako inguruneak bilatu nahi dituzte. Euskaldunak nola hartzen du bere ahalegina? Ba al du pazientziarik?
  • Taldean erdaraz batengatik: Oso ohitura zabaldua da, euskaldunon artean, erdarara jotzea taldeko kide batek euskaraz ez dakienean.
  • Haurrari euskaraz eta bikotearekin erdaraz: Seme-alabek erabiltzen duten hizkuntzaren arduradun sentitzen da guraso euskal hiztuna. Baina bikotearekin umeen aurrean erdaraz egiten dugu.

Egoera hauek irudikatzeko umorearen aldeko apustua egin da, kritika hutsak egitea baino hobe baita umorearekin jokatzea. Eraginkorragoa da emaitzatan.

#aldatutxipa

Bestalde, “eta txipa aldatuko bagenu?” egitasmoak sare sozialetan ere oihartzuna izan nahi du. Horregatik, ekimenak herritar guztiak animatu nahi ditu sare sozial eta bestelako bitartekoen bidez, esketx hauen zabalkundean lagun dezaten. Kontzientzia sortzen eta  txipa aldatzen laguntzeko beste pauso bat, #aldatutxipa traola izan daiteke.

Bestalde, Argia astekariaren Interneteko azal nagusian (www.argia.eus) ere banner batek deia egingo du, esketxak ikusi eta egitasmoarekin sare sozialetan bat egiteko.

 

 

Donostian, 2015eko otsailaren 12an

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @langune
    2015.eko otsailak 12

    Comentario de Twitter:
    Euskararen inguruko aurreiritzi eta jarrerak aldatzeko egitasmoa abiarazi du Jaurlaritzak http://t.co/PekNrS8yji @iametza #aldatutxipa

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)