Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Elena Lete: «Ezin dugu lurra infinituraino kolonizatzen jarraitu»

2015.eko otsailak 12
  • «Ezinbestekoa da kokagune bikainetan dauden hiri- eta industria-espazio agortu edo zaharkituak berreskuratzea eta hiri adimentsuen premietara birbideratzea»
  • Donostiako Teknologia Parkean izan da, «hiri-garapen adimentsuak behar dituen baliabide integral eta berritzaileak» gauzatzeko ahaleginean diharduten ETEen ConpyBasque plataformaren aurkezpen-ekitaldian

 Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren zuzendari Elena Leteren iritzian, «Euskadik ezin du lurra infinituraino kolonizatzen jarraitu, berez urria dena, azalera, agortu arte. Horrenbestez, premiazkoa da hiri- eta industria-espazio agortu edo zaharkituak, asko kokagune bikainetan, berreskuratzea eta irizpide jasangarri, teknologiko eta etorkizun handiko irizpide berritzaileen arabera berrerabiltzea, hiri adimentsu izango direnen premien arabera».

 

Donostiako Miramongo Teknologia Parkean izan da gaur goizean Lete ConpyBasque plataformaren aurkezpenean, Euskal ETEen plataformak gonbidatuta. Plataformaren helburua «hiri-garapen adimentsuak dakartzan erronka nagusiak gainditzeko baliabide integral eta berritzaileak gauzatzea da, erakundeek eta enpresek erabiltzeko».

 

Aurkezpenean, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako zuzendaria pozik agertu da deialdiaren xedearekin, «Euskadi hiri adimentsuen garapenaren abangoardian kokatuko da eta».  «Lurralde-ordenamenduaren, garraioaren eta ingurumenaren ikuspegitik, argi daukat zein ekarpen egingo diogun Plataforma horri, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa industria- edo etxebizitza-azpiegitura edo -espazio zaharrak berreskuratu eta berrerabiltzera bideratuta dagoelako, horien bizi-zikloa luzatzeko. Hain zuzen ere, hori da Lurraldearen Antolamendurako Artezpide zaharrak berrikuspenaren oinarria. Orain gutxi hasi gara horretan, eta Etxebizitza-zenbaketaren Artezpidea ere aldatzen ari gara, datorren astean behin behinean onartuko dena».

 

Garraio adimentsua

Leteren arabera, «salgaien eta bidaiarien garraioari dagokionez, gure hiri adimentsuen, edota gure Euskal Hiriaren helburua ondo pentsatutako intermodalitatea lortzea izan behar da, lotura onekoa eta zerbitzu adimentsu erakargarriak eskaini eta eskatuko dituena, kale eta errepide gainezkatu, zaratatsu eta kutsatzaileen ordezko aukera sendo eta jasangarri bihurtuz. Hori horrela, Euskadiko trenbide-sarea –salgaien garraioarekin bateragarria– eraikitzeko lanak amaitzear gaude. Kohesio sozial handiagoa ekarriko du, ez gure herri txiki honen gizartean, baizik eta Euskadi kokatuta dagoen Europako arku atlantikoaren lotune-giltzaduraren eremuan».

 

Klima-aldaketa

Zuzendariak nabarmendutakoaren arabera, «gero eta gehiago dira Europako estandarrak, EMAS edo antzekoak, tartean, bere egiten dituzten euskal enpresak; izan ere, ziurtagiri horiek edukita ate eta merkatu asko irekitzen dira, ondo egindako lanaren berme direnez. Eusko Jaurlaritzatik Ingurumen Esparru Programa bultzatu dugu, hobekuntza-bitarteko gisa eta enpresek, taldeek, pertsonek eta gure lurraldeko edozein jarduera-adierazpidek erabiltzeko ohitura hartzeko. Ondo dakigu zer mehatxu dakarren Klima-aldaketak eta etengabe ari gara lanean horren ondorioak murrizteko eta, Europako herrialde aurreratuenekin bat eginik, 2050eko horizonterako ondorioak minimizatzeko».

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)