Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritza Berlinalean

2015.eko otsailak 10

Berlinaleak antolatutako ekitaldien artean dagoen Cine Regio sarearen osoko bilkuran parte hartu du Eusko Jaurlaritzak. Europako Eskualdeen Funtsen Sare horretan EBko 12 estatu kideren eta 43 eskualderen funts daude ordezkatuta, Norvegiakoez eta Suitzakoez gain.

Bilera horretan, Clara Montero Kultura Sustatzeko zuzendariak hizkuntza ez hegemonikoetako zinemen Europako sarea eratzea proposatu zuen, Europako bestelako filmografien gaineko ikuspegia eraberrituz. Monterok proposatutakoaren arabera, «premiazkoa da lantalde bat eratzea, eztabaidaren, lankidetzaren eta elkartrukearen bidez, funtsezko erronkei, –ikusgarritasuna, nazioartekotzea, koprodukzioak edota jasangarritasuna, kasu– baldintza hobeagoetan aurre egin ahal izateko».

Gogora ekarri zuen «badela zinemaren beste mapa bat, Europako hizkuntza nagusien –ingelesa, frantsesa, alemana, espainiera edota italiera– zinemarenaz harago. Hizkuntza-komunitate txikiagoen zinematografiez ari naiz, kulturgintzan zein industriagintzan bere mugez kanpo eskuragarri egon ohi ez diren hizkuntzetan diharduten horiez». Horrenbestez, ikusgarritasun gutxiago izan ohi dute eta, askotan, Europako kultura-merkatuan sartzeko traba handiagoak. Hala ere, azken urteetan filmografia periferiko horien eskutik ezusteko ederrak jaso ditugu, erakutsitako sormen- eta industria-heldutasuna direla eta. Horien artean dago euskarazko zinematografia, eta Loreak filma, hizkuntza ez hegemoniko batean egindako eta nazioarteko oihartzuna xede duen zinema berriaren adibide garbia dena.

Konbentzituta gaude euskarazko zinemaren etorkizuna Europan kultura-topografia berria, hizkuntza ahaltsuenetako kultura-produkzioez haragokoa, ezartzearen mende dagoela. Hala, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordetzak hizkuntza ez hegemonikoetako filmak trukatzeko eta nazioartean emateko zirkuituaren proiektua proposatu du, era berean, gure zinematografien prestigioa eta gure berezko ikusleen babesa areagotu ditzakeena.

Iazko Donostia Zinemaldian hainbat bilera informal egin ziren zinematografia ez-hegemonikoetako ordezkariekin. Orduan adierazitako zalantza berberak azaldu ditugu Cine Regioren osoko bilkuran: Zer erronka eta aukera eskaintzen ditu hizkuntza- eta kultura-konplexutasun honek industriarentzat eta sortzaileentzat? Posible ote da herrialde edo hizkuntza periferikoetako zinematografian nazioartekotzea? Posible ote da koprodukzio baterako bazkideak topatzea? Zer bideragarritasun edota jasangarritasun ote dauka masa kritiko txikiagoko ekoizpen kultural batek? Interesgarria ote litzateke erakundeen, industriaren eta sortzaileen artean aliantzak sortzea gure kultur ekoizpena promozionatzeko? Zirkuituak, estrategia partekatuak?

Horiek dira Euskadiren zalantzak, baina baita Islandia, Letonia, Flandria, Gales, Eskozia eta beste herrialde askorenak ere, Eusko Jaurlaritzak, antolatzaileek gonbidatuta, Berlinalean plazaratu ahal izan dituenak. 

Clara Monterok argi adierazi du Berlinen: «Honen guztiaren atzean uste sendo bat dago. Euskarazko zinemak etorkizuna du, zinemagileek eskura dute nazioarteko ingurunea eta enpresa ekoizleek euskararen alde egiten dute. Horrelakoa da Europako kultura-, hizkuntza- eta zinematografia-aniztasunaren mapa. Eta horregatik jarraituko dugu lanean gure herrialdeko sortzaileekin, baita Europa konplexu, askotariko eta anitzeko herrialdeetakoekin ere».

 

Gasteizen, 2015eko otsailaren 10ean

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @KristinaZA
    2015.eko otsailak 10

    Comentario de Twitter:
    RT @CamiladeEpalzaA: Eusko Jaurlaritza Berlinalean
    http://t.co/hTtfYv6cei

  • @CamiladeEpalzaA
    2015.eko otsailak 10

    Comentario de Twitter:
    Eusko Jaurlaritza Berlinalean
    http://t.co/hTtfYv6cei

  • @CamiladeEpalzaA
    2015.eko otsailak 10

    Comentario de Twitter:
    El Gobierno Vasco, en la Berlinale
    http://t.co/08tBTFtQ6n

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)