Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak larrialdietako emakume profesionalak omendu ditu 112 Europako Telefonoaren Egunean

2015.eko otsailak 11

Larrialdietarako telefonoak milioi bat dei eta 177.000 gertakari baino gehiago artatu zituen 2014an

112 Larrialdietarako Europako Telefonoaren Egunean, Eusko jaurlaritzak larrialdietako zerbitzuak beren lan eta ibilbideagatik hobetzen lagundu duten pertsonen, kolektibo profesionalen eta/edo boluntarioen lanari aintzatespen publikoa egin dio. Oraingoan larrialdietako emakume profesionalen kolektiboak egindako lanaren balioa nabarmendu nahi izan dute, eta omenaldia hiru emakume hauetan pertsonalizatu dute: Pilar García suhiltzailea, Miren Izquierdo ertzaina eta Mar Martínez erizaina.

Pilar García Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzailea da 2013tik. Aurretik Bergarako Udalean lan egin zuen. Larrialdien munduari lotutako familia bateko kidea da, suhiltzailea ere baita haren senarra.

Miren Izquierdo ertzaina da, eta SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan lan egiten du 1984ko otsailetik.

Mar Martínez, berriz, Osakidetzako Larrialdietako zerbitzura atxikitako erizaina da 1997tik aurrera. Uneotan anbulantzia medikalizatuak eta helikoptero sanitarioak uztartzen ditu.

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako profesionalen eta boluntarioen lana, eta, zehazki, oraingoan, emakumeek egiten dutena goretsi du SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan egindako ekitaldian. Segurtasun Saileko arduradun nagusiak adierazi duenez, «Keinu honen bidez, haien dedikazio pertsonala onartu ez ezik, kolektibo horietan gero eta emakume gehiagok parte hartzea ere aldarrikatu nahi dugu». Omenaldian, sailburuarekin batera, hauek ere izan dira: Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari Pedro Anitua eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako Koordinazio Zerbitzuaren arduradun José Ignacio Trancho.

Artatutako deiak eta gertakariak

Omenaldian Segurtasun Sailaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzara atxikitako 112 telefonoaren jardueraren balantzea ezagutarazi dute. 112 telefonoaren bidez, 2014an, EAEn 1.046.000 dei eta 176.996 gertakari artatu zituzten, 2013ko antzeko kopurua (1.145.000 dei eta 169.000 gertakari).

Aurreko urteetan bezalaxe, artatutako gertakari gehienak hauekin dute zerikusia: larrialdi medikoak, bide publikoko arriskuak eta zirkulazioko istripuak.

2014an artatutako gertakari guztietatik, % 22,38 larrialdi medikoekin lotuta egon ziren, % 20,92 bide publikoko arriskuekin, % 15,05 istripu pertsonalekin eta % 12,18 zirkulazioko istripuekin.

Lurraldeen arabera, Bizkaian 86.212 gertakari artatu zituzten, Gipuzkoan 62.044 eta Araban 28.740.

Kasu egindako deiei dagokienez, 548.794 izan ziren Bizkaian, 320.377 Gipuzkoan eta 145.278 Araban.

Larrialdietako deiak eta gertakariak artatu eta kudeatzeaz arduratzen diren SOS Deiak Koordinazio Zentroek egindako lana nabarmendu du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak. «Eguneko 24 orduetan, urteko egun guztietan larrialdiei erantzuten dien sistema edukitzea zer garrantzitsua den nabarmentzeko eta goratzeko aukera bat da. Sistema integrala, erakundeen artean koordinatua eta langile profesionalek zein boluntario ugarik parte hartua», adierazi du Segurtasuneko sailburuak.

112ren Europako eguna

112 Larrialdietarako Telefonoaren Europako Eguna otsailaren 11n (2. hilaren 11. eguna) ospatzen da Europar Batasun osoan.

112 telefono-zenbakia estatu kide guztietan jardunean dagoela herritar guztiei gogoraraztea da ospakizun horren helburu nagusia, baita kabina batetik zein telefono finko edo mugikor batetik markatu daitekeela ere.

Euskadin 1998an jarri zuten martxan 112 telefono-zenbakia, 1983an ezarritako 088a ordeztuta. Era horretan, larrialdietarako telefono-zenbaki komun bat ezartzeko Europako erabakia bete zen.

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @inmaizcoa
    2015.eko otsailak 11

    Comentario de Twitter:
    RT @SATSE_Euskadi: Muy bien el reconocimiento, pero queremos ver los auténticos “gestos” #a1nuestroderecho. Si se nos quiere... http://t.co

  • @mirenepalacios
    2015.eko otsailak 11

    Comentario de Twitter:
    El Departamento de Seguridad homenajea a las mujeres profesionales de las emergencias coincidiendo con el Día Eu... http://t.co/XBEBz35hgu

  • @djjacomenorato
    2015.eko otsailak 11

    Comentario de Twitter:
    RT @SATSE_Euskadi: Muy bien el reconocimiento, pero queremos ver los auténticos “gestos” #a1nuestroderecho. Si se nos quiere... http://t.co

  • @SATSE_Euskadi
    2015.eko otsailak 11

    Comentario de Twitter:
    Muy bien el reconocimiento, pero queremos ver los auténticos “gestos” #a1nuestroderecho. Si se nos quiere... http://t.co/J13AD8LkWr

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • José Ignacio Trancho, Responsable del Servicio de Coordinación de la Dirección de Atención de Emergencias y Meteorología