Berriak Lehendakaritza
Eu

Erabakia, Garapenerako Lankidetzaren III. Plan Zuzentzailea onartzeko dena (2015-02-10(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko otsailak 10

LABURPENA

GARAPENERAKO LANKIDETZAREN ARLOAN DATOZEN URTEETARAKO ILDO ESTRATEGIKOAK ONARTU DITU JAURLARITZAK

  • III. Gida Planak Eusko Legebiltzarrak onarturiko eta lankidetzaren arloko EAEko eragile nagusiekin modu zabalean adostutako jarraibide nagusiak garatu ditu.
  • Gobernuaren Programan legegintzaldi honetarako bilduriko konpromisoetako bat bete du planak.
  • Plan honek lankidetza deszentralizatuaren eredurako oinarriak finkatzen ditu.

Eusko Jaurlaritzak Garapenerako Lankidetzaren III. Gida Plan berria onartu du gaur. Bertan, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak-Elankidetzak hurrengo urteetan gauzatu beharreko estrategiaren plangintza bildu da.

Gaur onartutako plana lan-, eztabaida- eta adostasun-prozesu garrantzitsu baten emaitza da; bertan parte hartu dute EAEko lankidetzako eragile nagusiek, bai publikoek, bai sozialek. Horretaz gain, legegintzaldi honetarako Gobernu Programan aurreikusitako konpromisoetako bat betetzen du. Planaren bitartez, garapenerako lankidetzaren aldeko apustua berritu du Eusko Jaurlaritzak, ulertuta lankidetza hori politika publiko parte-hartzailea, koherentea eta ibilbide luzekoa dela, eta munduko egiturazko pobreziaren eta desorekaren aurkako borrokarekiko hartutako konpromiso etiko eta politikoa indartzen duela.

Zehazkiago, gida planak Garapenerako Lankidetzaren Urte Anitzeko Plangintza Estrategikoaren Jarraibide Nagusiak garatu ditu, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Herritarren Partaidetzako Batzordeak aurreko urteko apirilean onartuak.

Planaren helburua garapenerako lankidetzaren egungo erronkei erantzutea da, Euskadiko egungo lankidetza-eredua eguneratzeko, haren ezaugarri espezifikoak eta lankidetzako euskal eragile bakoitzak bete beharreko zereginak eta jarduteko modu eta eremu garrantzitsuenak adostuta.

Aurreko guztia betetzeko, dokumentuak hurrengo urteetarako garapenerako lankidetzako politiken plangintza egiteko funtsezko elementuak biltzen ditu, eta zazpi kapitulutan banatzen ditu:

Lehenengo kapituluak ezartzen du zer nazioarteko esparrutan eta testuingurutan kokatu behar den lankidetza deszentralizatua, oro har, eta, zehazkiago, Euskadiko lankidetza.

Bigarren kapituluak aurrera egiten du Euskadiko lankidetza-ereduaren sendotze-prozesuan. Abiapuntu gisa, Euskadiko lankidetzaren indarguneak eta abian jarri beharrekoak erakusten dituen argazki panoramikoa erakusten du.

Hirugarren kapituluak euskal lankidetza-politikaren ikuspegia aurkezten du, oinarritzat hartuta giza garapen jasangarria eta Euskadiko lankidetza-jarduketa guztiak zer printzipio zuzentzailetan kokatu behar diren.

Laugarren kapituluan hurrengo urteetarako plangintzaren funtsari heltzen dio planak, eta Euskadiko lankidetzaren hobekuntza nabarmentzen du, horretarako lau jardun-ildo ezarrita:

1. Euskadiko lankidetza-eredua birpentsatzea eta eguneratzea, lankidetza deszentralizatuaren eredu baterantz.
2. Ebaluazio-kultura sustatzea.
3. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak gai hori diseinatzeko eta kudeatzeko dituen gaitasunak indartzea. Eta
4. lankidetza-politika koherentea, koordinatua eta parte-hartzailea izatea.

Bosgarren kapituluak Euskadiko lankidetza-eragile nagusien gaitasunen indartzea bultzatzeko premiari egiten dio erreferentzia, eta honako jarduketa hauek proposatzen ditu:

1. Eragileen erregistroa garatzea.
2. Gizarte zibileko elkarteei laguntzea, lehentasunezko agente gisa.
3. Ordezkaritza- eta koordinazio-espazioak sendotzea.
4. Garapenerako politiken koherentziaren alde egitea. Eta
5. Elankidetzaren gaitasunak indartzea.

Seigarren kapituluan zehaztu dira aurrekontu-konpromisoak, ekintza positiboen zerrenda bat eta esku-hartze modalitate bakoitzerako aurreikusitako mailak.

Eta, azkenik Amaitzeko, Gida Planaren zazpigarren kapituluak, hartutako ebaluazio-ikuspegia eta hura garatzeko eta bultzatzeko beharrezko mekanismoak biltzen ditu, bai diseinuaren ebaluazioari dagokionez, bai haren ezarpenari dagokionez.

Azkenik, eranskinean, Plangintza eta Jarraipen Ardatza bildu da, eta, bertan, lortu nahi diren helburuak eta haiei dagozkien emaitzak, ekintzak eta adierazleak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau