Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko jaurlaritzak ezgaitasunak dituzten pertsonentzako aparkatze txartelaren erregulazioa baliogabetzeko exijitu dio espainiako Gobernuari (2015-02-10(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko otsailak 10

LABURPENA

Erabakia: Estatuko Gobernuari abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuari dagokion eskumen-gabeziari buruzko errekerimendua egiteko.

  • Hilabeteko epean egiten ez badu, Eusko Jaurlaritzak Konstituzio Auzitegira joko du, Gernikako Estatutuaren 10.12 artikuluak biltzen duen gizarte-laguntzako eskumen esklusiboa hausteagatik.
  • Duela hamabost urtetik, Euskadiko udalek Europar Batasun osoan homologatutako eta erabiltzeko aparkatzeko txartelak igortzeko eta erregulatzeko eskumena dute.
  • Espainiako Gobernuak Gernikako Estatua gainditu du berriz ere, bateratzeko asmo horrekin, herritarren eskubideen eta betebeharren berdintasuna aitzakia gisa erabilita.
  • Legegintzaldi honetan, Eusko Jaurlaritzak konstituzio-kontrakotasuneko 10 errekurtso eta bi eskumen-gatazka positibo aurkeztu ditu Konstituzio Auzitegian.

Gobernu-kontseiluak Espainiako Gobernuaren aurkako errekerimendu bat jartzea onartu du gaur. Horren bidez, abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuaren, ezgaitasuna duten pertsonentzako ibilgailua aparkatzeko txartela igortzeko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautzen dituenaren, hainbat artikulu eta xedapen indargabetzeko exijituko dio, aginpide ezagatik. Eusko Jaurlaritzaren ustez, Espainiako Gobernuaren erregulazioak mugak gainditzen ditu eta ez du Euskadik gizarte-laguntzaren esparruan duen eskumen esklusiboa -Autonomia Estatutuaren 10.12 artikuluan bildutakoa -errespetatzen.

Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du Euskadik ezgaitasunak dituzten pertsonentzako aparkatzeko txartelak igortzeko eta erabiltzeko berezko araudia eduki duela joan diren hamabost urteetan (256/2000 Dekretua, abenduaren 5ekoa). Araudi horren arabera, Euskadin, udalek igortzen dituzte Europar Batasun osoan homologatutako eta erabil daitezkeen txartelak.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak salatu du Espainiako Gobernuaren erregulazio berriak zirkulazioaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren eskumenak gainditu dituela eta Euskal Autonomia Erkidegoaren gizarte-laguntzaren arloko eskumenak zapaltzen dituela. Espainiako Gobernuaren bateratze-helburua dela eta, aparkatzeko txartelak eskatzeko, emateko, berritzeko eta baliagarritasuna aztertzeko prozesuak gehiegizko xehetasunarekin erregulatzen ditu eta ez dio Euskadiri dagozkion alderdietan eta txartelaren prozeduretan esku-hartzeko aukerarik ematen.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du Espainiako Gobernuak herritarren eskubide eta betebehar berdintasunaren aitzakia erabiltzen duela arau hau emateko, eta ez dituela aintzat hartu Konstituzio Auzitegiaren epaiak(*). Horien bidez, Konstituzio Auzitegiak argi utzi zuen berdintasunaren bermeak ezin duela berdintasun bateratzailea ekarri, ezin duela autonomia-erkidegoen jarduera alde batera utzi eta printzipio hori ezin dela ulertu antolamenduaren bateratasun zorrotz eta monolitiko gisa.

ESKUMEN GATAZKA POSITIBOA

Espainiako Gobernuak hilabete dauka errekerimenduari erantzuteko. Bestela, Eusko Jaurlaritzak eskumen-gatazka positiboa (Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoaren 63. artikuluak erregulatua) aurkeztuko du Konstituzio Auzitegian, abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuaren hurrengo artikulu eta xedapen hauek EAEren eskumenak zapaltzen dituztelako:

  • 1. artikulua- Xedea.
  • 2. artikulua- Mugikortasun murriztua duten pertsona ezgaituentzako ibilgailuak aparkatzeko txartelaren definizioa.
  • 3. artikulua- Aparkatzeko txartela lortzeko eskubidearen titularrak.
  • 5. artikulua- Aparkatzeko txartelaren titularrei erreserbatutako aparkalekuak.
  • 6. artikulua- Erabilera-baldintzak.
  • 7. artikulua.- Titularren eskubideak eta erabilera-mugak.
  • 8. artikulua- Titularren betebeharrak.
  • 9. artikulua- Prozeduraren bermea.
  • 10. artikulua- Aparkatzeko txartela berritzea.
  • Lehen xedapen osagarria- Aldi baterako aparkatzeko txartela ematea.
  • Bigarren xedapen osagarria- Osasun-zerbitzuetan eta zentroetan aparkalekuak erreserbatzea.
  • Hirugarren xedapen osagarria- Indarrean dagoen konstituzio- eta estatutu-eskumenen banaketaren errespetua bermatzea.
  • Lehen xedapen iragankorra- Araudiaren egokitzapena.
  • Bigarren xedapen iragankorra- Errege dekretu honen aurretik igorritako aparkatzeko txartelen erregimena.
  • Hirugarren xedapen iragankorra- Epe mugatuko aparkalekuetan aparkatzeko egoerak.
  • Azken xedapenetako hirugarrena-Eskumen-titulua.

GATAZKAK KONSTITUZIO AUZITEGIAN

Legegintzaldi honetan, Eusko Jaurlaritzak konstituzio-kontrakotasuneko 10 errekurtso eta bi eskumen-gatazka positibo aurkeztu ditu Konstituzio Auzitegian.

(*) Konstituzio Auzitegiaren 61/1997 epaia, martxoaren 20koa, eta 37/1981 epaia, azaroaren 16koa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau