Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak 'Euskal Etxeak' direlakoen ekimena aurkeztu du Bruselan kokatutako euskal komunitatearen aurrean

2010.eko ekainak 21

Eusko Jaurlaritzak bilera bat izan du Bruselan, bertan bizi diren euskal herritarrekin eta Belgikako hiriburuan kokatutako autonomia-erkidegoen eskualdeko etxeetako arduradunekin

 

Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako zuzendariak, Julián Celayak, eta Euskadiren Bruselako ordezkariak, Marta Marínek, bilera bat izan dute Belgikako hiriburuan, estatu horretan kokatutako euskal komunitatearekin.

Topaketak, Kanpoan diren Euskal Gizataldeentzako zuzendari batek Bruselara egin duen lehen lan-bidaia denak, helburu hau izan du: komunitate horri azaltzea Eusko Jaurlaritzak duen filosofia euskal etxe bat sortzen denean, Zuzendaritzak dituen hainbat programa jakinaraztea, eta Bruselan euskal etxe bat sortzeko asmoa dutenekin ikuspuntuak trukatzea.

Euskal Etxeak elkarte sozial eta kulturalak dira, eta helburutzat dute kanpoan dauden euskal gizataldeen lokarriak indartzea eta Euskadi gure autonomia-erkidegotik kanpoan ere ezagutaraztea.

Ekitaldia Euskadik Bruselan duen Ordezkaritzaren egoitzan izan zen, horixe baita gure autonomia-erkidegoaren interesak Europar Batasuneko erakunde eta organoen aurrean ordezkatzen dituen organoa.

Gaur egun, ez dago ezarrita Belgikan Euskal Etxe bakar bat ere, eta, hori dela eta, interes handia izan zen, bertaratuen aldetik, etxe horien funtzionamendua eta egitura ezagutzeko.

Julián Celayak eta Marta Marínek azpimarratu zuten Euskal Etxeak euskal herritarren euren ekimenak direla, eta "Ordezkaritzako ekitaldia positiboa izan zen oso; izan ere, ekitaldi horren ondotik, pertsona-talde bat abian jarri da, eta haiek lehenengo urratsak emango dituzte Belgikan Euskal Etxe bat izan litekeenaren oinarriak finkatzeko".

Euskal ordezkariek, era berean, bilera batzuk izan zituzten beste elkarte batzuetako ordezkariekin (Casal Català, Asociación de Asturianos en Bruselas, bai eta Centro Gallego ere), Belgikan ezarritako beste eskualdeko etxe batzuk hobeto ezagutzeko.

Gaur egun, Euskal Etxeen nazioarteko sarea 24 herrialdetan (Ameriketan, Asian, Europan eta Ozeanian) egoitza duten eta Eusko Jaurlaritzak ofizialki aitortu dituen 173 euskal etxek osatzen dute.
 

 

Estekak

- Euskal Herritarrak eta Gizataldeak kanpoan

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Julián Celaya, Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako zuzendaria, eta Marta Marín, Euskadiren Bruselako ordezkaria