Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak agenteak izango ditu lehentasunezko turismo-merkatuetan Euskadi eta bertako produktuak sustatzeko

2015.eko otsailak 09

Epalzak 2015eko estrategia aurreratu die turismoko eskualde-erakundeei, aldundiei eta hiru lurraldeetako hiriburuei

Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Itziar Epalzak, Turismoko zuzendari Mertxe Garmendiarekin eta Basquetourreko zuzendari Arantza Madariagarekin batera, 2015eko Turismo Plan Operatiboa aurkeztu dio gaur Gasteizen Euskadiko Turismo Helmugen Batzordeari. Lan-jardunaldi horretan, halaber, turismoko eskualde-erakundeek, foru-aldundiek eta hiru lurraldeetako hiriburuek ere parte hartu dute.

Eusko Jaurlaritzak aurten turismo-sustapenean zer lehentasun izango dituen azaldu du Epalzak, eta, hasteko, lehentasunezko merkatuetan agente espezializatu propioak egongo direla nabarmendu du. Hots, Euskadi saltzeko zuzenean prestatutako ordezkariak egongo dira lehentasunezko merkatuetan (Alemania, Frantzia, Ingalaterra, bai eta Madril eta Katalunia ere). Gaur egun Jaurlaritzak eta SPRIk dituzten kanpoko ordezkaritzez gain (zeregin horretan ari dira jada), AEB eta Beneluxen ere egongo dira agenteak, besteak beste.

Horiek izango dira Jaurlaritzaren merkatu horietako «ordezkariak»: bertako turismo-adituak, merkatua zein bere aukerak ezagutzen dituztenak; merkataritzako eta harreman publikoetako lanak egingo dituzte horiek, eta Euskadi Basque Countryren «begiak eta ahotsa» izango dira merkatu horietan.

Eusko Jaurlaritzak, agente horiekin batera, honako estrategia hauek lehenetsiko ditu:

  • Agerpen handiagoa lehentasunezko eskari-segmentuetan eta produktu-marketineko ekintza gehiago. Jaurlaritzak gehiago landuko du turismo-produktu espezifikoaren sustapena, alegia: gastronomia, surfinga, natura, touringa, kultura-turismoa, senior turismoa, premium turismoa, beti helmugari lotuta. Segmentazio horri esker errazago iritsiko gara garatutako produktu bakoitzak helburu duen publikoarengana. Euskadi lehiakorra da horretan.
  • Sustapen-ekintzetan segmentazio soziodemografikoa ere gehituko da: familia, 50+ eta 18-29 urte arteko gazteak. Profil horientzat dagoen eskaintza espezifikoaren inbentarioa egingo da eta haientzat bereziki diseinatutako komunikazio-euskarriak eta sustapen-ekintzak garatuko dira (gehienbat 50+ eta gazteen segmentuentzat).
  • Euskadi helmuga sustatzeko ekintzak landuko dira hauentzat:
    • Prentsarentzat
    • Traderentzat (RACC bezalako elkarteen tankerako bitartekariak, bidaia-agenteak, turoperadoreak)
    • Azken hartzaileentzat

Halaber, jaurlaritzak turismo-azoka nagusietan parte hartuko du (FITUR, ITB Berlin, Mahana Toulouse, WTM Londres), eta agerpen handiagoa izango du beste batzuetan, hala nola MICEko EIBTMn edo Bordeleko VINEXPOn.

Euskadi/Euskal Kostaldea Parisen aurkeztea aurreikusita dago, eta Buy Euskadi ekitaldia/azoka lehen aldiz egingo da nazioarteko bidaia-agentzia eta turoperadore nagusiak etor daitezen. Euskadi Basque Country marka, orobat, EAEko hiru jazzaldietan edo Zinemaldian ere bultzatuko da, besteak beste.

Lan horretara 4 milioi eta erdi eurotik gora bideratuko dira; Euskadi Turismoaren web-atari berria ere gehitu behar diogu horri.

www.turismoeuskadi.eus webgunearen irudi berriak 2020rako Turismoaren Plan Estrategikoan jarritako helburuei erantzuten die, eta funtsezko sustapen-tresna bat da Euskadiko turismoaren irudia eta egoera hobetzeko. Udarako egongo da abian, hala ordenagailu eta tabletentzat nola smartphoneentzat. Bisualagoa eta mezu anitzekoa izango da; baliabide garrantzitsuenak nabarmenduko ditu, eta askotariko helmugak erakutsiko. Halaber, sinergiak bilatuko ditu erabiltzailearen interesa pizteko, eta Euskadi helmugaren irudia eta egoera bultzatu eta indartuko ditu beti marka-herrialdearen estrategiaren bitartez.

Era berean, Basque Country Magazine aldizkari digitalaren banaketa sendotuko da. Doako aldizkari horrek Euskadi helmugaren berri modu interaktiboan ematen du hainbat hizkuntzatan.

Turismoaren Lege Berria

Azkenik, legebiltzarrean Turismoaren Legea aurkezteko aurten arau-arloan egingo den ahalegin handia nabarmendu zuen sailburuordeak.

Eusko Jaurlaritzak, modu horretan, indarreko arau-esparruaren ahalmenak indartu eta eguneratuko ditu, eta hala, sektorea eta erabiltzaileak hobeto babestuko ditu. Hartarako, eskudun erakundeekin eta turismoaren sektoreko ordezkariekin batera lan egiten ari da, egungo arau-esparrua behar berrietara egokitzeko. Lege horrek turismo-araudia egokituko du sektoreko lehia laguntzearren, bereziki ostatatze-eskaintza arautuz lehia desleiala saihesteko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)