Berriak Osasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Txorierriko Mankomunitateak pazienteei kirol jarduera agintzeko programa bat, patologiaren eta adinaren arabera egokitua, jarri dute abian herritarren osasuna hobetzeko asmoz

2015.eko otsailak 09

Eusko Jaurlaritzako MUGIMENT planaren eta Kirol Errezeta proiektuaren barne egongo da

Hilabeteak dira Osakidetzak kirol-errezeta darabilela Getxon, Uribe ESIren eta bertako Udalaren bidez, eta Bilbon, bertako Udalaren eta Bilbo-Basurtu ESIren arteko lankidetzaren bidez

Osakidetza, Eusko Jaurlaritzako Kiroletako Zuzendaritza eta Txorierriko Mankomunitateko Esku-hartze Komunitarioko Zerbitzua elkarlanean ari dira patologia kronika dituzten pertsonen jarduera fisikoa areagotu eta, horrenbestez, osasuna hobetzeko. 

Eusko Jaurlaritzaren MUGIMENT proiektuaren eta Osasun Sailaren eta Osakidetzaren kirol-errezetaren programaren barne dagoen MUGIMENT TXORIERRI izeneko ekimen pilotua jarri da abian, Txorierriko mankomunitatea osatzen duten udalerri guztiek parte hartuko dutena (DERIO, LARRABETZU, LEZAMA, LOIU, SONDIKA eta ZAMUDIO). Hala, patologiaren eta adinaren araberako jarduera fisikoa aginduko da, kirol-eragileek pazienteetara eta udalerrian eskainitako jardueretara egokituko duena.

Hala, mankomunitatea osatzen duten udalerriei dagokien Osakidetzaren Uribe ESIko 12 familia-medikuk 12na paziente hautatuko dituzte (55 urtetik gorako emakumeak eta 45 urtetik gorako gizonak) modu mailakatuan otsailean zehar eta osasun-azterketa osoa egingo zaie. Gaixotasun kardiobaskularrei loturiko gutxienez bi arrisku-faktore (hipertentsioa, kolesterola, glukosa gehiegi odolean edo obesitatea) hauteman zaizkien pazienteak lehen mailako arretako medikuak Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako Mugikoneko kirol-jarduerako eta osasuneko espezialistarengana bidaliko ditu eta horiei egokitu zaie, azken batean, paziente bakoitzari egokitutako jarduera-plana diseinatzeko ardura.

Jarduera-planak hainbat ariketa fisiko eta bizi-ohitura osasuntsu barne hartuko ditu, pazientearen ahalmen eta gaitasun fisikoaren araberako jarduera sustatzeko diseinatuko direnak. Gainera, lan-plana udalerri bakoitzaren katalogoko kirol-zerbitzuen sare zabalaz elikatuko da, ibilbideak erabiltzea, txangoak egitea, kiroldegira joatea, etab., sustatuz.

Era berean, jarduera fisikoko eta osasuneko espezialistek taldekako jarduerak antolatuko dituzte, pazienteei orientabideak eta prestakuntza emateko, eta parte-hartzaileen banako segimenduak egingo dituzte prozesu osoan. 

Mugiment Txorierri ezartzeko fasea amaituta, jarduera fisikoko eta osasuneko espezialistek pazienteak dagozkien osasun-zentroetara bidaliko dituzte berriz ere azterketa egin eta osatutako lan-planaren onurak balioesteko. Aurreikusitakoaren arabera, maiatzaren amaieran amaituko da.

Pazienteek, familia-medikuekin batera eta lortutako emaitzen arabera, bizi-ohitura osasuntsuko plana diseinatuko dute eskuratutako ezagutzak aplikatu eta ohiturak ez galtzeko, emaitzak denboran iraunaraziz eta programari atxikita jarraituz.

Hilabeteak dira Osakidetzak kirol-errezeta darabilela Getxon, Uribe ESIren eta bertako Udalaren bidez, eta Bilbon, Bilboko Udalaren eta Bilbo-Basurtu ESIren bidez, erakunde eta sektore arteko lankidetza esku-hartze komunitarioak gauzatuz, sedentarismoa ekidin eta pertsonen osasunean onura handiak eragiten dituen jarduera fisikoa sustatzeko.

Osasun Saila ekimen horretan eta beste batzuetan ari da lanean Euskadikoa gizarte aktiboagoa izan dadin, 2013-2020 Osasun Planaren arlo lehenetsietako bat denez. Planaren helburuen artean dago jarduera fisikoren bat burutzen duten pertsonen kopurua ugaritzea, eta egungo jarduera ezaren portzentajea % 10-% 15 murriztea. Horretarako, inguru egokiak eta biztanleriaren bizitza estilo osasuntsuak sustatzea ezinbestekoa da, erakundeen arteko lankidetzan, herrietan eta komunitateetan lan eginez. 

Horiek guztiak daude jasota Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Sailak eta Osasun Sailak Euskadiko jarduera fisikoa areagotu eta sedentarismoa murrizteko helburuarekin osatutako MUGIMENT planean; izan ere, herritarren jarduera fisikoa areagotzeak hainbat onura eragingo lituzke arlo askotan, komunitatean eta bizi-baldintzetan zuzen eraginez. MUGIMENT 8 estrategiatan egituratuta dago, beste hainbeste helburuko hartzaileri bideratuta daudenak (herritarrak, haurrak, zaharrak, profesionalak, adituak, etab.).

Jarduera fisikorik eza da munduan eta Euskadin heriotza arrazoien artean laugarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Osasunaren azken inkestak jaso dituen datuen arabera, biztanleen % 31k ez dituzte betetzen Munduko Osasun Erakundeak jarduera fisikoaren praktikarako ezartzen dituen gutxienekoak. Multzo horrek ez-aktibotzat hartzen du bere burua, eta portzentajea handiagoa da emakumeen artean (%34), gizonezkoen artean baino (%27). 

2015/02/09

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ikasfit
    2015.eko otsailak 12

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Eusko Jaurlaritzak eta Txorierriko Mankomunitateak pazienteei kirol jarduera agintzeko... http://t.co/GHJA5BBtVN

Komunikabideek behera kargatzeko