Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Unibasq-en zuzendaritzan aldaketa

2015.eko otsailak 06

Gaur arratsaldez Bilbon burutu den Unibasq-en Gobernu Kontseiluan, eta aipaturiko erakunde publikoko presidente gisa, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak Eva Ferreiraren izendapena proposatu du, Unibasq-en zuzendari berri izan dadin. Ferreirak Juan Andres Legarreta ordezkatuko du zeregin horretan. Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia ENQUAn (Goi-Mailako Irakaskuntzan Kalitatea Bermatzeko Europako Elkartea) sartu ondoren lekukoa ematea eskatu zuen Legarretak. Errelebu hau, gainera, UPV/EHUko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan Katedradun kargutik hartuko duen erretiroarekin batera dator. Eusko Jaurlaritzak Unibasq agentziaren zuzendaritzan egin duen ahalegina eta erakutsi duen profesionaltasuna eskertu nahi dizkio Juan Andres Legarretari, baita azken urte hauetan Unibasq-ek izan duen hazkunde eta gailentasunerako egin duen ekarpena ere.

Eva Ferreira UPV/EHUko Ekonomia Zientzien Fakultatean irakasle da egun. UPV/EHUn eta New Yorken burutu ditu ikasketak. Matematikako lizentziaduna, masterra estatistikan eta doktoretza ekonomian. Ikerkuntzan eta hezkuntzan ibilbide sendo eta egiaztatua egindakoa, nazioartean oihartzuna izan duten artikuluak argitaratu ditu hainbat aldizkaritan. Ferreira errektoreorde eta idazkari nagusi gisa jardun da unibertsitateko gobernuan. Ebaluazioan esperientzia du, ANEPentzat eta ANECArentzat ebaluazioak egiten dituen CNEAIn seiurtekoen ebaluazio-batzordeko kide den aldetik. 

Unibasq ENQAn sartzeak onura asko ekarri ditu; nagusia, euskal agentziak Euskadin emandako titulu ofizialak baliozkotzeko eta aldatzeko lege-gaitasuna izatea, unibertsitate-sistemaren berezitasunak aintzat hartuta. Era berean, aurrerantzean euskal agentziak gainerako europar kideen baldintza berdinetan parte hartu ahalko du unibertsitateetako irakaskuntzaren kalitateari buruzko estandarrak eta zuzentarauak zehazteko garaian. Gainera, Uinbasq-en jarduerak nazioarteko goi-mailako estandarrek bermatuta egongo dira. Mugarria da euskal agentziaren ibilbidean, 2009an hasi baitzuen erakunde prestigiotsu horretara egokitzeko prozesua.

Unibasq unibertsitate arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailaren mende dago eta Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea garatzeko helburua du, alderdi guztiak barne hartuta: irakaskuntza, ikaskuntza, ikerkuntza eta kudeaketa. 2004an sortu zen eta 2009an antzeko erakundeei zuzendutako Europako zuzentarauetara egokitzeko prozesua hasi zuen. Ondorioz, estatutuak aldatu eta egungo izena hartu zuen.

 

 

 

Bilbon, 2015eko otsailaren 6an

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)