Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko Garraio Partzuergoaren gardentasunaren alde egiten du apustu eta Metroaren proiektu nagusiak bermatu ditu

2010.eko ekainak 21

Kontseilu Nagusiak Juan Cruz Nieves zuzendari gerentea kargutik kendu du

Ernesto Gasco, Garraio sailburuordea, Bizkaiko Foru Aldundiari Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) kudeaketaren inguruan adostasun bat lortzen laguntzearen alde agertu da. Gascok José Luis Bilbao diputatu nagusiak sustatutako kanpaina “demagogikoa” eta “liskargilea” salatu du eta aurten Partzuergoak Metro Bilbaoren proiektu nagusietarako (Santurtzi, Basauri eta Maidagan) bideratutako 220 milioiak gauzatuko direla bermatu du.BGParen Kontseilu Nagusiaren gehiengoak zuzendari-gerentearen azalpenak urriak izan direla erabaki du, izan ere, 127 milioi euroko zorra onartu nahi zuen, zorpetze-beharrak txikiagoak izango zirela aurrez ikusi gabe. Hain zuzen ere, gero diruzaintzan 56 milioi euroko soberakina aurkitu zen. Gascok esan du Nievesen jarrerak “inolako justifikaziorik ez daukan zor bat” eragin zezakeela.

Kontseilu Nagusiak ezohiko bilera baterako deia egin du Partzuergoko egungo alboko zuzendariak kargua behin-behinean onar dezan. Gascoren hitzetan Nievesen ordezkapena aldundiarekin adostu nahi izan da, baina aldundiak ez du onartu. Sailburuordeak ostiralean EAJren dei bat jaso zuela azaldu du, zehazki, Nievesen ordezkoaren inguruko adostasuna eskaini zioten zuzendari-gerentearentzako “kalte-ordain handiago” baten truke.Gascok hori krisi ekonomikoko garai honetan “ez dela ez arrazoizkoa, ez zentzuzkoa” esan du.

Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) Kontseilu Nagusiak egungo zuzendari-gerentea, Juan Cruz Nieves, kargutik kendu du haren jarduna "eskasa" izan dela uste duelako. Haren zereginak BGPko alboko zuzendariaren esku geratuko dira. José Luis Bilbaok, Bizkaiko diputatu nagusi eta BGPko presidenteak, gerenteak aurreko kontseilu nagusian aurkeztu zuen txostenaren bozketa galarazi duenean kendu dute kargutik. Ernesto Gascok, Garraio sailburuordeak, ez dagoela inongo interes alderdikoirik eta erabakia datuen analisi “objektibo” baten ondorioz hartu dela azpimarratu du. Zuzendari-gerentea kargutik kendua izan da BGParen diru-kutxan 56 milioi euroko soberakina zegoela ikusi denean, izan ere, hark 127 milioi euroko zorra onartzearen aldeko apustua egin zuen, baina ez zuen kontuan hartu sozietateak bere gain hartu behar zuen zorra txikiagoa zela. “Otsailetik kreditu, zor eta interes gehiago eragin zitzaketen jarrerak ikusi ditugu eta, ondorioz, euskal gizarteak gehiago ordaindu beharko zukeen, eta bereziki bizkaitarrek”, adierazi du Gascok.

Ernesto Gascok, Garraio sailburuordeak, gaur eguerdian agerraldia gauzatu du Metro Bilbaoren egoitzan Andrés Araujo Ogasun sailburuordea, José Antonio López Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura zuzendaria eta Josu Benaito Garraio zuzendariarekin batera.

Bere esku-hartzean, sailburuordeak orain helburua BGPren gestioak aldaketa horren eragina ez dezala jasan lortzea dela, eta karguaren zereginak alboko zuzendariaren esku geratuko direla azaldu du. Gascok erakundearen aurrekontuetako 220 milioi euroei esker, Metro Bilbaoren proiektu nagusiak (Santurtzi, Maidagan eta Basauri) gauzatuko direla berretsi du.

Gascok Eusko Jaurlaritzak egoera honen inguruan adostasuna lortzen lagundu duela, baina diputatu nagusiaren erantzuna “kanpaina demagogikoa” eta “liskargilea, zatitzailea eta borroka sustatzekoa” izan dela adierazi du. “Arrazoizko inbertsioak egiteko unea dela pentsatzen jarraitzen dugu, ez da beste garai baten eta beste egoera ekonomiko baten ondoriozkoak diren gutizia neurrigabeak eta luxuzko inbertsioak egiteko unea”, azpimarratu du Gascok, eta Gobernuaren adostasun eskaintzari EAJk kargutik kendua izan den zuzendariarentzako kalte-ordain handiagoa lortzeko eskaera batekin erantzun diola azaldu du. “Ostiralean EAJren dei bat jaso genuen eta adostasuna eta akordioa eskaini zizkiguten Juan Cruz Nievesentzako kalte-ordain askoz handiago baten truke, baina hori ez zela Bizkaiko interesentzako egokiena pentsatu genuen”, argitu du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Ernesto Gasco