Berriak Lehendakaritza
Eu

EUSKO JAURLARITZAK HIZKUNTZA ESKUBIDEEN EUROPAKO GUTUNA ERATZEA PROPOSATU DIO EUROPAKO PARLAMENTUARI

2015.eko otsailak 05

Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Baztarrikak Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orriaren lantzamendu ekitaldia itxi du Europako Parlamentuan

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarrak (NPLD) osatu duen Bide Orriak, Europan hizkuntza aniztasuna sustatuko duen hizkuntza politika proaktiboaren alde egiten du, eta Batasuneko lurralderen batean ofizialtasuna duten hizkuntzentzat Europako erakundeetan ere ofizialtasuna aldarrikatzen

Eusko Jaurlaritzak proposamen zehatzak ere eraman ditu Bruselara, egun ofizialtasun hori ez duten hizkuntzen trataera era progresiboan aldatzen hasteko

 

  Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Baztarrikak Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orriaren lantzamenduari itxiera eman dio gaur eguerdiz Bruselan, Europako Parlamentuaren egoitzan. Ekitaldi honen ondoren, Europako erakundeek eta kideek ekarpenak egin ahal izan ditzaten kontsulta epea irekiko da. Ekitaldian, Eusko Jaurlaritzarekin batera dokumentua atontzen lan egin duten gainerako kide europarrek ere parte hartu dute, hala nola: NPLD sareko zuzendari nagusia, Meirion Jones galestarra, eta presidentea, Jannewietske de Vries, Frisia Probintzia Autonomokoa (Herbehereak), bai eta Gaeltacht deituriko auziez (irlandera mintzatzen den eremuak) arduratzen den ministro irlandarra ere, Joe McHugh. Eusko Jaurlaritzak oso modu aktiboan hartu du parte Bide Orria prestatzeko prozesuan, eta bere kide europarren hautatu dute itxierako iruzkinak egin eta kontsulta fase berria irekitzeko.

Bere hitzaldiaren amaieran, Baztarrikak “irismen zaileko” proposamena mahairatu du: Europako Parlamentuaren baitan eta Batasunaren lurralde guztirako, Hizkuntza Eskubideen Europako Gutuna sortzea. “Ezin dugu ahantzi babestu beharreko hizkuntza eskubide batzuen subjektu direla Europako herritarrak” arrazoitu du bere proposamena azaltzean. “Europako erakundeen betebeharra litzateke berau betetzea, eta betearazpena sustatzea. Izaera horretako Gutun batek, EBko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 22 artikuluari edukia emateko gaitasuna eduki lezake”. Baztarrikak gogorarazi duenez artikulu horrek dio “Europako Batasunak kultura, erlijio eta hizkuntza aniztasuna errespetatzen” dituela, “eta loteslea da Batasuneko Estatu guztientzat”.

 

Hiru mezu euskaraz

Patxi Baztarrikak euskaraz hasi du bere hitzaldia Bruselan, eta hiru mezu labur bezain zuzen igorri ditu: “Europako Batasunak hizkuntza aniztasuna babesteko duen konpromisoa berretsi eta eguneratu egin behar da. “Aniztasunean bat” esaldiak lelo huts bat baino gehiago izan behar duelako”. Horra bere lehen mezua.

Jarraian, Europako erakundeei eskatu die hizkuntza ofizial kontzeptuaren eta Estatu hizkuntzaren artean egiten den lotura askatzea. “Europako Batasunaren instituzioek barneratu behar dute Europako hizkuntza aniztasuna Estatu hizkuntzetatik harago doala. Gaur, hizkuntza ofizialaren izaera Estatu hizkuntza izate hutsaren baitan dago. Europan Estatua baino eremu txikiagoetan ofizialak diren hizkuntzen artean lehentasunak ezartzea ez da planteamendu Europazalea, ezta integratzailea ere; planteamendu erredukzionista eta zatikatzailea baizik”, azaldu du. Sailburuordearen esanetan ““Estatu-Nazio-Hizkuntza” eredu zaharra horixe bera baita, zaharra eta hegemonista; baztertzailea da, inklusibo eta berdinkidea izan beharrean. Haren ordez, hizkuntza aniztasuna kudeatzeko eredu demokratiko eta iraunkorra behar da. Eta Europak aitzindaria izan behar du eginkizun horretan”.

Hirugarren mezuan, Batasuneko erakundeei eta bereziki Europako Batzordeari eskaera gin die, hizkuntza politika propioa har dezaten, “iraunkortasuna ardatz duen diskurtso berri baten gainean bermatua, eta aniztasun hori bera sustatzeko neurri aktiboak gauzatzen dituena. Hizkuntza minorizatuen erabilera benetan sendotzen lagunduko duen hizkuntza politika propio bat, kontuan izanik hizkuntza minorizatu horiek ez direla beti minoritarioak, eta jakinik, baita ere, Europako lurralderen batean ofizialak direla erregioetako hizkuntza edo hizkuntza ertainak deitu ohi diren europar hizkuntza horiek, hala baitira, adibidez, katalana, galiziera, galesa, frisiera edota euskara bera”.

 

Neurri zehatzak

Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orriari gaur ireki zaion kontsulta epe berriaren aurrean, Patxi  Baztarrikak neurri zehatzen bila hasteko premia ere aurketu die kide europarrei. Adibide gisa, lau proposatu ditu:

  • Europako Curriculum Vitae Elektronikoak (Europass) errekonozitzen dituen hizkuntzen kopurua zabaltzea. Egun, Batasuneko 24 hizkuntzak bakarrik hartzen ditu Europass-ek. “Europako milaka ikaslek beste  hizkuntza batzuetan jasotzen dituzten lanbide heziketak edo unibertsitate ikasketek ez dute balio curricularrik ala?” galdetu du.
  • Europan itzultzaile beharrei erantzuten dien “Juvens Traslatores” programan hizkuntza gehiagori leku egitea. Egun, 24 hizkuntza ofizialen artean soilik aukeratu daitezke itzulpenetarako jatorri hizkuntzak eta helmuga hizkuntzak.
  • Beste hizkuntzetako banku terminologiko publikoak IATEren datu basean sartzea. EBn erreferentziazkoa den datu base terminologiko honek, 24 hizkuntza ofizialak bakarrik hartzen ditu.
  • Erasmus+ programaren Hizkuntza  Laguntzarako Plataforman 24 ofizialez gain hizkuntza gehiago ere eskaintzea. “Erasmus eskualdeetan lan esparruan, hezkuntzan nahiz ekonomia arloan usu erabiltzen direnez, zergatik ez sartu beste hizkuntza ofizialak ere?” galdetu du sailburuordeak

 

Aukerak eta mehatxuak

Europako hizkuntza aniztasunaren ibilbidean, iraunkortasuneranzko bidean, izango omen da “aukera nahiz mehatxurik”, Baztarrikaren aburuz. Aukeren artean, honako hauek aipatu ditu, besteak beste: gaur aurkeztu den Bide Orria bera, 2013an Europako Parlamentuak onartu zuen Alfonsi Ebazpena, Eskualde bateko edo hiztun gutxiko hizkuntzen Europako Gutuna, edo Europakp Parlamentuan hizkuntza aniztasunaren gaia aztertzen duen taldea.

“Baina mehatxurik ere atzeman daiteke”, ohartarazi du. Mehatxuetako bat da, Europako Batasunean ofizialtasuna Estatu hizkuntza izaerarekin uztartzen duen diskurtsoa. “Ahaztu egiten da hizkuntza gutxitu deitzen zaien horietako asko lehen hizkuntza gisa sentitzen dutela milioika europarrek, eta usu erabiltzen direla hezkuntzan, unibertsitatean, enpresan, administrazioan, kultura sorkuntzan, IKTetan, eta hedabideetan. Zein aitzakiarekin utzi daitezke ofizialtasunik gabe Europako erakundeetan?”

Baztarrika sailburuordeak beste kezka bat ere erakutsi du. “Balio ekonomikoa globalizazioaren hizkuntzei edo Estatu hizkuntzei soilik ematen dien ikuspuntu merkantilista. Ikuspuntu honek ahaztu egiten du Estaturik gabeko beste hizkuntzek ere balio ekonomiko sendoa dutela, enplegu zuzena nahiz zeharkakoa sortzen dutena, eta BPGren hazkunderako ekarpena egiten duena”. Ildo horri jarraiki, azpimarratu du, hizkuntza guztiak direla gizarte kohesiorako elementu, kultura aberastasunaren faktore eta gero eta gehiago, ekonomiaren dinamizaziorako faktore.

Azkenik, EBko Estatu guztiek euren lurraldean Eskualde bateko edo hiztun gutxiko hizkuntzen Europako Gutuna indarrean jartzeko beharrezko urratsak egiteko beharraz. 22 urteren ondoren aipaturiko Gutuna Batasuneko 14 Estatutan soilik jarri dela indarrean. “Zalantzarik gabe, Gutuna EBko lurralde guztian indarrean sartzea norabide onean eginiko atzera bueltarik gabeko urratsa litzateke: Europako hizkuntza aniztasun iraunkorrerako noranzkoan. Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 22. artikulua hobeto betetzea ekarriko luke. Gaur NPLDtik aurkeztu dugun Bide Horri honekin helburu horri ekarpena egin nahi diogu”

 

 

Bruselan, 2015eko otsailaren 5ean

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AndoniBarrena
    2015.eko otsailak 06

    Comentario de Twitter:
    RT @Poziktibity: [CAST] El Gobierno Vasco propone al Parlamento Europeo una carta Europea de los Derechos Lingüisticos, http://t.co/YnBjt5R

  • @Poziktibity
    2015.eko otsailak 06

    Comentario de Twitter:
    [EUS] Eusko Jaurlaritzak hizkuntza eskubideen Europako Gutuna eratzea proposatu dio Europako Parlamentuari, http://t.co/4GaFjuOjDZ

  • @Poziktibity
    2015.eko otsailak 06

    Comentario de Twitter:
    [CAST] El Gobierno Vasco propone al Parlamento Europeo una carta Europea de los Derechos Lingüisticos, http://t.co/YnBjt5R3Fc

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)