Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Hizkuntza aniztasuna, Europako Parlamentuan protagonista

2015.eko otsailak 04

  • Eusko Jaularitzak lehen mailako papera jokatuko du Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orriaren aurkezpenean. Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak itxiko du dokumentua aurkezteko ekitaldia.
  • Bide orriak, Europako hizkuntza aniztasuna sustatuko duen hizkuntza politika proaktiboaren alde egiten du, eta Batasuneko lurralderen batean ofizialtasuna duten hizkuntzentzat Europako erakundeetan ofizialtasuna aldarrikatzen du

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orria Europako Parlamentuaren aurrean aurkezteko ekitaldia itxiko du bihar osteguna, otsailak 5, Bruselan. Eusko Jaurlaritza eskubide osoko kide den NPLD sareak (Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarea) osaturiko dokumentua da Bide Orri hau. Ekitaldian, Baztarrikarekin batera parte hartzaile izango dira, NPLD sareko zuzendari nagusia, Meirion Jones galestarra, eta presidentea, Jannewietske de Vries, Frisia Probintzia Autonomokoa (Herbehereak), bai eta Gaeltacht deituriko auziez (irlandera mintzatzen den eremuak) arduratzen den ministro irlandarra ere, Joe McHugh. Eusko Jaurlaritzak oso modu aktiboan eta lehen lerroan hartu du parte Bide Orria atontzeko prozesuan, bai zirriborroak idazterakoan, bai eta zuzenketen prozesuetan ere. Era berean, Europako Parlamentuan egingo den lantzamenduan ere maila goreneko papera izango du Jaurlaritzak.

Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orriak hainbat ekintza eta neurri proposatzen dizkie Europako erakundeei, xede hauek jomugan direla: eleaniztasuna sustatzeko hizkuntza politika; hizkuntza guztiek gizarte kohesioan eta garapen pertsonal nahiz ekonomikoan duten ezinbesteko funtzioa aitortzea; eta Europako hizkuntza guztien arteko elkarbizitza harmonikoa bultzatzea. Horretarako, bihar aurkeztuko den Bide Orriak, besteak beste, honako ekintza hauek proposatzen dizkie Europako erakundeei:

·         Estatu hizkuntzak ez izanda ere, Europako lurralderen batean ofizialak diren hizkuntzei Europako Batasunak ofizialtasuna aitor diezaien sustatzea

·         Europako erakundeek hizkuntza europar guztien erabilera bultza dezaten sustatzea

·         Hizkuntza eskubideak Europako Oinarrizko Eskubideen Kartan sar daitezen bultzatzea

·         Europako Kontseiluarekin harreman estuan lan egitea, Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren betetzea hedatzeko, EBko Estatu kide guztiek itun hori sinatzen edo berresten dutela ziurtatuz

 

Ekonomia oparoak eta gizarte kohesioa

Europako Batasunak hizkuntza aniztasuna sustatzeko hartu beharko lukeen konpromisoa berresten du Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orriak, hizkuntzak ondasun komun gisa ulertuta. Gainera, Bide Orriak hizkuntza aniztasuna ekonomia oparoarekin eta gizarte kohesionatuarekin uztartzen du zuzen zuzenean. Horregatik, beharrezko jotzen du Europako erakundeek hizkuntza politika komun proaktiboagoa hartzea, hizkuntza aniztasunaren sustapenean oinarritua, dela Europako Batasun osoan, dela bertako Estatuetan edo lurraldeetan. Egoerarik ahulenean dauden hizkuntzen biziberritzea eta normalizazioa bere egingo duen eleaniztasun orekatua hartzen du helburuen artean Bide Orriak. Beste helburu bat: hizkuntzen arteko, eta batez ere horien hiztunen arteko elkarbizitza egokia garatzea.

 

Era berean, hizkuntzak eta Europako herritarren hizkuntza gaitasuna garapen ekonomikoaren, garapen kulturalaren eta hezkuntza garapenaren eragile gisa ere ulertzen ditu Bide Orriak. Beraz, Europako Batasunari honako hau ere eskatzen dio:

·         Hizkuntza guztiak lekuko, eskualdeetako nahiz nazioarteko ekonomien hazkunderako, lehiakortasunerako eta enplegu sorrerarako estrategia europarrean sartzea.

·         Eremu sozioekonomikoan Europako hizkuntza guztien erabilera bultzatzea, kontsumo arloa barne hartuta

Lehen urratsak: 2013ko apirila

Bide Orriaren prestaketa prozesua 2013ko apirilean hasi zen, Irlandak Bruselan duen Enbaxadan burututako ekitaldi batean. Europako hizkuntzen egoera izan zen aztergai. Ekitaldi horren ondoren, Europako hizkuntzek dituzten erronka nagusiak nabarmentzen zituen lehen zirriborroa osatu zen, arreta berezia ipiniz eskualde hizkuntzetan, hizkuntza gutxituetan edo galbidean direnetan. Txosten hau NPLD sarearen Batzar Nagusian aurkeztu zen.

2013ko irailaren 11n, Europako Parlamentuak Alfonsi Txostena deritzona onartu zuen (“Galzorian diren Europako hizkuntzak eta hizkuntza aniztasuna Europako Batasunean” ebazpena), bozen %92 alde zirela. Bide Orria ebazpen horrek jasotzen dituen gomendioetan oinarritzen da.

Bihar Bruselan aurkeztuko den dokumentua kontsultarako fasean sartuko da, behin betiko lantzamendua 2015eko urrian egiteko. Goi mailako konferentzia baten baitan gertatuko da hori Bruselan. Partaide izango dira Europan hizkuntza aniztasunaren alde lanean ari diren elkarteak, Europako Parlamentua, Kontseilua edo Batzordea. NPLD sarearen proposamena da Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orria 2016-2019 aldian ezartzen hastea.

Zer da NPLD?

Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarra, NPLD (Network to Promote Lingüistic Diversity) 2007 amaieran sortu zen. Europako hizkuntza konstituzional, eskualdeetako eta Estatu txikietako hiztunen interesak ordezkatzea du helburu nagusi, eta bertako kide dira Estatuak, autonomia erkidego edo eskualdeetako gobernuak, Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta hizkuntza plangintzaren alorrean lanean diharduten erakundeak. NPLD Europan ahots bakarrez aritzen den plataforma da, eta agintari politikoei aholku ematen die. Arduradun politikoak hizkuntza aniztasunaren aldeko ekinean animatzea du xede, aniztasun hau Europako Batasunaren politikan helburu eta zehar-balio izan dadin.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetza NPLD sareko kide da, eta bere parte hartzeak Euskadiren Europako Batasuneko Ordezkaritzaren babesa du.

NPLD sarea 35 kidek osatzen dute egun. Horietatik 12 Full Members dira (eskubide osoko kideak) eta beste 23 Associate Members (kide laguntzaileak). Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren bidez, eskubide osoko kide da NPLD sarean, honako beste hauekin batera: Kataluniako Generalitatea, Galiziako Xunta, Nafarroako Gobernua, Galeseko Gobernua, Frisia Probintzia Autonomoa, Korsikako Lurralde Erkidegoa, Trento eta Friuli Probintziak, edo Finlandiako Komunitate Suediarra (Folktinget).

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @PatxiSaez
    2015.eko otsailak 05

    Comentario de Twitter:
    .

    Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orria aurkeztuko du gaur Jaurlaritzak Bruselan.

    1)http://t.co/qg4sVDuYoM

    .

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)