Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak Neguko Bidezaintza Plana Koordinatzeko Organoaren krisi-mahaia deitu du

2015.eko otsailak 03

Hainbat baliabide prest egongo dira baldintza meteorologiko kaltegarriei aurre egiteko, esaterako, garabi astunak, Ertzaintzaren Trafiko Unitateko agenteak, elur-kentzeko makinak eta zaintzako ibilgailuak

Euskalmetek hurrengo orduetarako eta egunetarako emandako iragarpen meteorologikoen arabera, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok Neguko Bidezaintza Plana Koordinatzeko Organoaren krisi-mahaia deitu du gaurko 16:00etarako. Neguko Bidezaintza Planaren fase operatiboa atzoko 22:00etatik aktibatuta dago. Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak zuzenduko du bilera.

Elur-maila Araban eta Gipuzkoan 700 metrotik beherakoa eta Bizkaian 300 metrotik beherakoa bada aktibatzen dute fase operatiboa.

Koordinazio organoa ondoko hauek osatzen dute: Trafiko Zuzendaritzak, Ertzaintzaren Zuzendaritzak, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, foru aldundietako errepideetako zuzendaritzek eta autopistetako arduradunek. Gainera, lehen aldiz, Hezkuntza Saileko eta garraiolarien elkarteetako ordezkariak deitu dituzte, hurrengo egunetako egoeraren informazioa izan dezaten.

Ekintza koordinatu horren helburua Euskadiko errepideetan arrisku-egoerak prebenitzea eta, halakorik izanez gero, aurre egitea. Horrenbestez, arlo horretan eskumenak dituzten administrazio guztiek hainbat baliabide jarriko dituzte planaren esku: ibilgailu handiak errepidetik kentzeko zazpi garabi astun Eusko Jaurlaritzako Trafikoa Kudeatzeko Zentroak, elurra kentzeko 160 makina foru aldundiek eta autopistek, eta 112 ibilgailu koordinatze eta zaintza-lanetarako. Ertzaintzak Trafikoko Unitateko patruilak jarriko ditu planaren esku, eta baliteke ertzain-etxeetako ohiko baliabideak ere horretara bideratzea.

2013-2014 ekitaldian, 15 aldiz aktibatu zuten Neguko Bidezaintza Planaren segimendu eta informazio fasea. Horietako zazpitan, fase operatibora aldatu zuten, elur-maila 700 metrotatik behera jaitsi zelako. Hala ere, ez zuten koordinazio organorik deitu.

Neguko Bidezaintza Plana aktibatzeaz eta horren ekintzak zuzentzeaz arduratzen den Trafiko Zuzendaritzako Garbiñe Saéz Molinuevok espero du neurri prebentiboei, erakundeen arteko lankidetzari eta herritarren ardurari eta zuhurtziari esker, Euskadin gorabehera nabarmenik ez izatea, eguraldia txarra izan arren.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau