Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestraren sorrera bultzatu du: EIJO

2015.eko otsailak 11
  • Orkestrako kideak hautatzeko probak Euskadiko Kontserbatorioetako eta Musika Eskoletako ikasleen artean egin dira
  • Getxo, Gasteiz eta Donostiako Nazioarteko Jazz Jaialdietan kontzertuak eskainiz ekingo dio ibilbideari EIJOk

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestraren (EIJO) jaiotza aurkeztu du gaur goizez Gasteizen. Berak zuzentzen duen Sailaren menpeko Musika Kontserbatorien eta Musika Eskolen arteko lankidetzatik sortutako proiektua honek, ikasleen artean musika modernoa sustatzea eta lantzea du helburu, jazz bertsioan. Aurkezpenean partaide izan dira Angel Ugarteburu, EIJOren koordinatzailea, eta Euskadiko Nazioarteko hiru Jazz Jaialdien zuzendariak ere: Iñaki Saitua, Getxoko jaialdiaren zuzendaria; Miguel Martin, Donostiako Jazzaldikoa; eta Alberto Ibarrondo, Gasteizko jaialdiaren zuzendaria. Izan ere proiektuak aitaponteko ezin hobeekin hasiko du ibilbidea, Euskadiko hiru Jazz Jaialdi handien eskutik. EIJOk Getxo, Gasteiz eta Donostiako jaialdietan eskainiko ditu bere lehen kontzertuak uda honetan.  

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Jazz eta musika modernoa ikasi ahal izateko bidea ireki du profesional mailako musika ikasketen curriculum-aren barruan, bai Kontserbatorietan eta baita Musika Eskoletan ere. Modu honetan, jazz musika eta modernoa ikasi nahi duten ikasleen interesei erantzuna emateaz gain, goi mailan sartu nahi duten ikasleei oinarrizko hezkuntza bat eskaintzen zaie. Aurkezpenean, Uriarte sailburuak azpimarratu du bere sailak konpetentzia artistikoak bultzatzen egiten duen lana. “Behin baino gehiagotan azpimarratu dugu Sail honetan konpetentzia artistikoak bultzatzeko dugun interes berezia. Nire ustez, ikasleen formazioan zeresan handia dauka, beste ikasgaiekin batera, eta osagarri gisa, etorkizuneko gizarte orekatu bat eraikitzeko. Musikak gizartearen beharra du, baina gizarteak ere badu musikaren beharra. Eta helburu horrekin gabiltza” baieztatu du.    

Era berean, Uriarte sailburuak datu esanguratsu bat ere gogorarazi du. “Ikasleei dagokienez, Austriaren ondoren, gu gara Europan, ohiko ikasketekin batera musika gehien lantzen dugun gizartea, dela kontserbatorioetako ikasketa arautuetan, dela musika eskoletako ikasketa ez arautuetan”

EIJO proiektuak aurrez Euskadiko Ikasleen Orkestrak (EIO) irekitako esperientziari jarraitzen dio. EIO ere Euskadiko Kontserbatorio eta Musika Eskoletako Ikasleek osaturiko orkestra sinfonikoa da, 80 musikari gazte biltzen dituena “eta azken kontzertuetan egiaztatu ahal izan dugun bezala, gero eta maila hobea erakusten duena” sailburuak nabarmendu duenez.

EIJO osatuko duten kideak

Proiektu hau Jazz Big-Band batean oinarritzen da, talde honi dagozkion haize-egur, haize-metal eta perkusio instrumentuekin:

 

EGURREZKOEN ATALA
 6 saxofoi (saxofoi altuak, tenoreak, baritonoak)

METALEZKOEN ATALA
 5 tronpeta
 5 danbor (tronboi baxua barne)

ERRITMIKOEN ATALA
 1 piano akustiko 1
 teklatuetan espezialista 1
  gitarra elektriko 1
 kontrabaxu 1
 baxu elektriko 1
 2 perkusio jole (bateria & perkusio latinoa)

Orotara 23 ikaslek osatzen dute EIJO, guztiak ere Euskadiko Kontserbatorioetako eta Musika Eskoletako ikasleak. EIJOn parte hartzeko aukeraketa-probak joan zen larunbatean, otsailaren 7an egin ziren Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan. 55 musikari gazte aurkeztu ziren probetara.

Kontzertuak, Euskadiko nazioarteko jazz jaialdietan

Hautaketa-proben ondoren, eta orkestra bere kide guztiekin osatua denean, entsegu eta topaketen egutegia hasiko da, udako kontzertuei heldu aurretik. Martxotik maiatzera bitartean, EIJO hiru alditan elkartuko da, egun osoko saiotan (larunbatez), eskola teoriko-praktikoak hartu eta entseguak egiteko. Ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran, Barriako aterpetxean (Araban) bost eguneko egonaldia egingo dute musikari gazteek, eta horren ondotik, orkestraren estrenaldia iritsiko da, Euskadiko nazioarteko hiru jazz jaialdietan:

            Uztailak 5:     Kontzertua Getxoko Jazz Jaialdian

            Uztailak 15:   Kontzertua Gasteizko Jazz Jaialdian

            Uztailak 22:   Kontzertua Donostiako Jazzaldian

Proiektua

Sei izango dira proiektu honen oinarri pedagogiko eta musikalak:

  1. Topagune bat antolatzea EAEko edozein musika zentrotan matrikulaturik dauden 14 eta 18 urte bitarteko ikasleekin.
  2. Jazz musikan egon diren garai ezberdinetako gai klasikoen eta, batez ere, XX. mendeko korronte ezberdinetako musiken ezagupena eta interpretazioa.
  3. Berezko errepertorio bat edukitzea, konpositore euskaldun eta nazioarteko pertsona ospetsuen hainbat enkargurekin osaturik. Konpositore egoiliar baten aukera ikusi daiteke etorkizunari begira.
  4. Euskal folklorearen hedapena eta berrikusketa garaikidea musika obra ezberdinen moldaketak erabiliaz.
  5. Egiten diren prozesu musikal guztien dokumentazio grafikoa sortzea (argazkiak/bideoak/CDak/blog-a).
  6. Aurkezpena kontzertu publikoetan eta EAEko Jazz Jaialdietan parte hartzea.

Sei oinarri hauek Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrari (EIJO) identitate propio bat ematea dute helburutzat. Horretara laguntzeko, norberaren lana, klase teoriko-praktikoak, analisi saioak, jazz-aren historiaren azalpenak eta topaketaren bidez egingo diren entseguak erabiliko dira.

EIJOri buruzko informazio gehiago, blog honetan:

http://eijoweb.com/

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Angel Ugarteburu (EIJOren koordinatzailea), Iñaki Saitua ( Getxoko Jazz Jaialdia); Miguel Martin (Donostiako Jazzaldia); Iñaki Añua (Gasteizko Jazz Jaialdia)