Berriak Segurtasuna
Eu

2015-2020 aldirako Bide Segurtasun eta Mugikortasun Seguruko Plan Estrategikoaren helburua urtean 33 pertsona baino gutxiago hiltzea da, Europar Batasunak adierazitakoa betez

2015.eko otsailak 04

Lehen aldiz, planak helburu nagusiak eta helburu estrategiko zenbagarriak ezarri ditu, bide-segurtasunarekiko konpromisoa handiagoa denaren seinale

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga eta Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevo lagun zituela, gaur goizean aurkeztu ditu 2015-2020 aldirako Bide Segurtasun eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarriko Plan Estrategikoan jasotako helburuak, asmo argi bat dutenak: Euskadiko errepideetako istripu-tasa are gehiago murriztea, azken urteetan euskal gizartean mugikortasun seguru eta jasangarriaren esparruan gertatzen ari den aldaketa indarberrituz.

«Planaren xedea da Euskadi mugikortasun seguru eta jasangarriko eredu bihurtzea, bide segurtasuneko eta trafikoa kudeatzeko estrategia eraginkorretan oinarrituta. Horretarako, herritarrek jokabide arduratsua izan beharko dute eta erakunde publikoek, agente pribatuekin elkarlanean, modu koordinatu eta eraginkorrean egin beharko dute lan, trafiko-istripuen kopurua eta larritasuna murriztuko bada», adierazi du Segurtasun Sailaren buru Estefanía Beltrán de Herediak.

Planak argi eta garbi bereizitako hiru zati ditu. Lehenik, Euskadiko istripu-tasaren bilakaera eta arrisku-taldeen gaineko analisia barne hartzen dituen azterketa estrategikoa gauzatu behar da. Bigarrenik, ikuspegia, helburu nagusiak, estrategiak, adierazleak eta helburuak zehaztuko dira, hala nola jarduteko ildoak eta ekimen estrategikoak. Azkenik, Plana kudeatzeko eta segimendua egiteko jarraibideak jasoko dira.

Dokumentua, gaur goizean aurkeztu dutena Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan, nazioarteko zein Estatuko bide-segurtasuneko politiken eta Eusko Jaurlaritzaren zeharkako plan eta programetatik –Euskadiko Segurtasun Publikoko Plan Nagusia, Mugikortasuneko Gida-plana edo 2013-2020 aldirako Euskal Osasun Plana, tartean– eratorritakoen barne dago.

«Euskadiko bide-segurtasunaren eta mugikortasun seguru eta jasangarriaren gaineko gogoeta eta azterketa sakonak egin ondoren, Segurtasun Sailak asmo handiko plan bat diseinatu du. Asmo handikoa da bost helburu nagusi eta lehendabizikoz 21 helburu estrategiko zenbagarri ezarri direlako, 2013ko egoeran oinarrituta eta 2020rako betetzeko», adierazi du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak.

Helburu nagusiak eta helmuga zenbagarriak

Kolektibo zaurgarrienak babestea (oinezkoak, motorzaleak, txirrindulariak, gazteak eta zaharrak), errepide nagusietako trafiko-kudeaketa hobetzea, bigarren mailako errepideetako bide-segurtasuna hobetzea, jokabide desegokiak zuzentzea (arreta-galtzeak, abiadura, alkohola, drogak, etab.) eta hiriguneko mugikortasun seguru eta jasangarria bultzatzea, horiek dira Planak datozen bost urteetarako ezarritako 5 helburu nagusiak.

Alabaina, plana ez da mugatuko helburu estrategiko horiek eta konpromiso zenbagarrien sorta bat ezartzera, euskal errepideetako eta kaleetako istripu- eta heriotza-tasak murrizteko asmoz.

Aipatutako helburuetatik lehena betetzeaz ariko gara jarraian, kolektibo zaurgarrienen babesaz hain zuzen. Planak Europar Batasunak zehaztutakoari heldu dio eta errepideetan urtean 33 pertsona baino gutxiago hiltzea du xede nagusietako bat, betiere 2013ko datuetan oinarrituta eta 2020rako betetzeko. Zauri larriak dituzten pertsonen kasuan, % 40 murriztea da helburua. Era berean, 14 urtetik beherakoei dagokienez, trafiko-istripuetan bat bera ere ez hiltzea da helburua.  Gainera, trafiko-istripua izan zuten eta eusteko sistemak erabiltzen ari ziren 14 urtetik beherakoak % 100 izatea lortu nahi da.

Ez da haurrena, ordea, babesa behar duen kolektibo bakarra. Txirrindulariak ere ardura-iturri dira; horrenbestez, hildakoen eta zauritu larrien kopurua % 75 murriztu nahi da. 64 urtetik gorakoen kasuan, % 50 murriztea da helburua; motorzaleen kasuan, berriz, % 40, oinezkoen zein in itinere eta misioko istripuen kasuan bezala.        

Dena dela, kolektibo zaurgarrienetako bostei emandako babesaz gain, Planak errepide nagusietako trafikoaren kudeaketa hobetzeko helburua du. Horretarako, datozen urteetan lortu beharreko hiru helmuga estrategiko diseinatu ditu: trafiko-gorabeherak konpontzeko batez besteko denbora % 10 gutxiagotzea, trafiko-gorabeheren ondorioz gidariek galdutako orduen kopurua ere hein berean murriztea, baita gorabehera horien guztiek eragindako ondorio ekonomikoak ere.

Bigarren mailako errepideetako bide-segurtasuna hobetzea da hirugarren helburua. Helburu zenbagarria, aldiz, datozen bost urteetan % 50 murriztea bigarren mailako errepideetako biktimadun istripuak.

Laugarrenik, errepide-istripuak eragiten dituzten jokabide desegokiak zuzentzea. Arlo honetan ere lehendabiziko aldia da helmuga zenbagarriak ezarri direna. Hala bada, 2015 eta 2020 artean % 50 murriztu nahi dira alkoholagatik eta drogengatik emandako positiboen kopurua, hala prebentzio-kontroletan, nola istripuen ostekoetan.

Azkenik, hiriguneetan mugikortasun seguru eta jasangarria sustatu nahi da. Horretarako, % 30 murriztu behar da hiriguneetan hildako eta larri zauritutako pertsonen kopurua. Edonola ere, oinezkoen kasuan, murrizketa % 40 izatea nahi da. Txirrindulariei dagokienez, hildakorik bat ere ez egotea eta % 40 gutxitzea zauritu larrien kopurua, horiek dira ezarritako helburuak.

Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoak, horiek guztiak bete eta lortzeko, barne hartzen ditu inplikatutako agente guztien artean, izan Eusko Jaurlaritzakoak, izan bestelako elkarte eta/edo taldeak, garatu beharreko 5 estrategia, 12 jarduera-ildo eta 60 ekimen baino gehiago.

«Trafiko Zuzendaritzak gogor egin du lan 2014an zehar, etorkizunari begirako proiektu serio eta arduratsua osatzeko. Gurekin elkarlanean aritu dira Jaurlaritzako hainbat Sail, beste erakunde batzuk eta arloan inplikatutako agenteak. Horiek horrela, helmuga zenbagarrien sorta bat ezarri dugu, Segurtasun Saila Bide-segurtasunarekin konprometituta dagoela agerian uzten duena», adierazi du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok. «Aginte-koadro estrategikoa, neurketa-adierazle guztiekin, arduratuko da emaitzak balioesteaz eta lanean behar bezala ari garen zehazteaz».

Bilakaera

2003-2013 aldian, Euskadin gertatutako istripu biktimadunak erdira jaitsi dira, % 48,1. Istripu-tasak joera positiboari eutsi dio urtez urte. Guztizko datu horiek direla eta, Euskadi Europako istripu-tasa baxuenetako bat duen eskualdea da. Dena dela, oraindik ere urrun dago Europar Batasunak ezarritako helburutik: 2010eko datuetan oinarrituta, errepide-istripuetan hildakoen kopurua erdira murriztea 2020rako.

Euskadiko istripu-tasak azken hamarkadan izandako bilakaerari esker, Euskadiko trafiko-istripuetan 30 egunera hildako pertsonen kopurua milioi bat biztanleko arlo horretan punta-puntakoak diren herrialdeen antzekoa da; Suedia (28), Erresuma Batua (29) eta Danimarka (32). Izan ere, 2013ko datuen arabera, Euskadiren aurretik Suedia (28), Erresuma Batua (29) eta Danimarka (32) bano ez daude.

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @CHACHE_DIONI
    2015.eko otsailak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @LoliRicoG: Reducir por debajo de 33 el nº de personas fallecidas al año: objetivo Plan de #SeguridadVial 2015-2020 del Gob Vasco http:/…

  • @LoliRicoG
    2015.eko otsailak 06

    Comentario de Twitter:
    Reducir por debajo de 33 el nº de personas fallecidas al año: objetivo Plan de #SeguridadVial 2015-2020 del Gob Vasco http://t.co/hNuSVFFhuj

  • @rgartzia
    2015.eko otsailak 04

    Comentario de Twitter:
    Plan Estratégico de Seguridad Vial y Movilidad Segura 2015-2020 persigue reducir por debajo de 33 el número de... http://t.co/dauQh32oWK

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)