Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak 2015eko lau oposizioetatik lehena deitu du, hezkuntzarako EEP. (2015-02-03(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko otsailak 03

LABURPENA

Haur eta Lehen Hezkuntzako 275 maisu-maistra lanpostu bete nahi dituzte. Izena emateko epea otsailean hasiko da, eta lehen azterketak uda baino lehen egingo dituzte.
EEP honez gain, Eusko Jaurlaritzak Osakidetzarako, Ertzaintzarako eta Administrazio Orokorrerako enplegu publikoko deialdiak egingo ditu 2015ean, 1.573 lanpostu sortzeko.
Gainera, otsaileko azken asteburuan, 9.343 lagunek BECen egingo dituzten hautaketa-probetan parte hartuko dute, Euskadiko Administrazio Orokorreko lan kalifikatuko 9 poltsetan sartzeko.
Eusko Jaurlaritzak enplegu publiko egonkorrarekin eta kalitatezkoarekin duen konpromisoa azpimarratu du, zerbitzu publikoen funtzionamendu eraginkorra bermatu ahal izateko.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoaren Hezkuntza Administraziorako enplegu publikoko 2015eko eskaintzaren deialdia onartu du gaur. Eskaintza horren bidez, Haur eta Lehen Hezkuntzako 275 maisu-maistra lanpostu bete nahi dira. Hautagaiek bigarren hizkuntza-eskakizunari dagokion euskara maila izan beharko dute.

ESPEZIALIDADEA ESKAINITAKO LANPOSTU KOPURUA
Haur Hezkuntza 110
Lehen Hezkuntza 60
Ingelesa 50
Musika 15
Heziketa fisikoa 15
Hezkuntza berezia Pedagogia terapeutikoa 25
GUZTIRA 275

Hautaketa-prozesuaren deialdia otsailaren erdialdera argitaratuko dute Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Interesa duten pertsonek, 20 egun izango dituzte izena emateko. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP) arduratuko da hautaketa-prozesuaz. Aurreikusi duenez, ekainean egingo dute lehen hautaketa-probak. Gainera, EHAAn deialdi ofiziala argitaratu ondoren, Jaurlaritzak www.euskadi.eus ataria erabiliko du herritarrei deialdiaren berri emateko, baita ZUZENEAN herritarrei erantzuteko bulegoen zerbitzua ere.

Lehen eskaintza honen bidez, 275 lagunek lanpostu finkoa lortuko dute, eta Euskadiko hezkuntzaren egonkortasuna eta kalitatea hobetuko da.

4 EEP eta 9 LAN POLTSA 2015EAN

Hezkuntzako enplegu publikoko deialdia 2015ean, enplegu publikoarekin, egonkorrarekin eta kalitatezkoarekin duen konpromisoari eusteko, Jaurlaritzak deituko dituen lau eskaintzetako lehena izango da. Guztira, 1.573 lanpostu eskainiko dituzte Jaurlaritzak herritarrei ematen dizkien zerbitzu publikoen funtzionamendu egokia bermatzeko:

Ertzaintza: 250 plaza, XXV. promoziorako.
Osakidetza: 968 lanpostu (Txanda askekoak: 484 eta barne-promoziokoak: 484)
Administrazio Orokorra: 80 lanpostu Eustateko inkestatzaile gisa.

Gainera, otsailaren 27an, Euskadiko Administrazioan lan egiteko lan kalifikatuko eta profesionaleko bederatzi poltsetan sartzeko hautaprobak hasiko dira. Hainbat arlo hartuko dituzte, besteak beste: zuzenbidea, ekonomia, arkitektura, epidemiologia, adingabeen zentroetako hezkuntza, berdintasuna, itzulpengintza, hizkuntza normalizazioa eta Administrazio Orokorreko Goi Mailako Kidegoa.

9.343 pertsonek eman dute izena; beraz, denentzako lekua izateko, Barakaldoko BECen egingo dituzte asteburu osoan.

Probak gainditzen dituztenek euskal administrazio publikoan bitarteko funtzionario gisa lan egiteko aukera izango dute, eta, besteak beste, aldi baterako ezintasun-egoeran dauden, lan- eta familia-bizitza uztartzeko baimena duten eta errelebo-kontratua duten funtzionarioak ordezkatuko dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau