Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Gabonetako kanpainaren amaierak lan merkatuaren portaera baldintzatu du urtarrilean

2015-02-03

Gabonetako kanpainaren amaierak eta plantillak birdoitzeak, urte berriarekin batera, urtarrilean 6.394 lagun lanik gabe gelditzea eragin dute. Urteko lehen hilabetea amaituta 172.165 lagun zeuden Lanbideko zerrendetan izena emanda, 2014ko abenduan baino % 3,86 gehiago.

 

Urtarrila garai txarra izan ohi da enpleguarentzat, Euskadin ez ezik, baita Estatuan ere. Hala eta guztiz ere, azken hilabetean erregistratutako 6.394 langabe berrien kopurua langabeziaren bigarren igoera txikiena da krisialdia hasi zenetik. Horrenbestez, 2014ko azken hiletan antzemandako lan-merkatuaren susperraldi apala (eraikuntzan eta industrian bereziki) aurrera doala baieztatzen da.

Gizarte Segurantzaren erregistroek ere izan dute antzeko portaera, 9.570 kotizatzaile gutxiago jaso baitituzte. Kopuru horrek % 1,08ko beherakada dakar, arrazoizko ehunekoa, beraz, afiliazioaren beheraka handiak izan ohi dituen hilabetean, urtarrilean alegia. Horri dagokionez, kontuan hartu beharra dago oparoaldi ekonomikoaren urteetan urtarrileko afiliazio-beherakada aurtengoa baino handiagoa ere izaten zela.

Urtarrileko datuetan ez dago lurraldeen arteko alde handirik. Gipuzkoan izan du eragin txikien (langabezia % 3,4 igo da), eta ondoren Araban (% 3,8) eta Bizkaian (% 4,1). Eskualdeen arabera, langabeziaren hazkundea egon da hauetan: Ezkerraldean (1.334), Bilbon (955), Gasteizen (856), Donostian (525), Ibaizabalen (419), Gobelan (280), Bidasoa Behean (260) eta Oarsoaldean (242).

Langabezia gehiago handitu da emakumeetan (4.770) gizonetan baino (1.624). Gaur egun, LANBIDEn erregistratutako langabeen % 52,34 emakumeak dira. Langabeziak adin-tarte guztietan egin du gora, baina handiagoa izan da adin gazteenetan, batez ere 34 urtetik beherakoetan.

Gabonetako kanpainan dagoen jarduera-hazkundea amaitzeagatik zerbitzuen sektorean izandako hazkunde handia nabarmentzekoa da. Industrian, % 0,88ko hazkundea izan du langabeziak, eta eraikuntzan zein lehen sektorean, berriz, ez da ia gorakadarik izan (% 0,10 eta % 0,36, hurrenez hurren).

Langabezia-igoera handiena izan duten jarduerak honako hauek izan dira: txikizkako merkataritza (1.176); egoitza-establezimenduetako laguntza (591); otordu- eta edari-zerbitzuak (590); eraikinetako zerbitzuak eta lorezaintza-zerbitzuak (537), eta osasun-jarduerak (448). Langabezia murriztu zen, aldiz, honako jarduera hauetan: hezkuntzan (261), motordun ibilgailuen fabrikazioan (72), eraikinen eraikuntzan (66), metalezko produktuen fabrikazioan (44), kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioan (38) eta ingeniaritza zibilean (21).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)