Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Biogurutzeta zoriondu du, Ikerketa Sanitarioko Institutu akreditazioa lortzeagatik

2015.eko otsailak 04
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Osasun Sailak ikerketaren eta berrikuntzaren alde egindako apustuaren onespena da, BioGurutzeta biomedikuntzako ikerketaren elitean kokatzen baitu

Carlos III.a Institutuak ematen duen Ikerketa Sanitarioko Institutu akreditazio ofiziala lortzeko prozesu zorrotza arrakastaz bukatu du BioGurutzetak. Horixe iragarri du gaur goizean Iñigo Urkullu lehendakariak, ikerketa-institutu horrek Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean dituen instalazioetara egin duen bisitan. Lehendakariak BioGurutzeta biomedikuntzako ikerketaren elitean kokatzen duen akreditazioa lortu duten ikertzaileen ordezkaritza bati aurrez aurre eman dizkio zorionak. Bisitan, Urkullu lehendakariarekin batera, Osasuneko sailburu Jon Darpón, Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberria, Osasuneko sailburuorde Guillermo Viñegra, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Itziar Alkorta, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Iñaki Goirizelaia, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendari Maria Aguirre, BioGurutzetako zuzendari zientifiko Luis Castaño, Gurutzetako gerente Santiago Rabanal eta BioGurutzetako Batzar Nagusiko kideak izan dira, besteak beste.

Iñigo Urkullu lehendakariak poza adierazi du aitorpen honen aurrean. Bere ustez, Osasun Sailak eta Eusko Jaurlaritzak, oro har, «ikerketaren, berrikuntzaren eta gure pertsonen dohainen eta gaitasunen alde» egiten duten apustu sendoaren onespena da. 

Osakidetzak eta BIOEFek 2008an BioGurutzeta Institutua sortzeko hitzarmena sinatu zutenetik, Eusko Jaurlaritzaren helburua osasun arloko ikerketa bultzatzea izan da, ospitaleetan aplikatzeari begira, baita ikerketa eta berrikuntza babestea ere. Lehendakariaren hitzetan, «lortutako akreditazioa kalitatearen eta zentroen elite bateko kide izatearen zigilu bat da, baina gainera elementu instrumental bat da; izan ere, gure ikertzaileak eta beren ikerlana babesten jarraitzeko finantzazio espezifikoa eskuratzea ahalbidetuko digu».        

Halaber, lehendakariak BioGurutzeta osatzen duten eta prozesu osoan lan egin duten pertsona guztientzako zorionak eman ditu, bere iritziz urte hauetan guztietan egin duten lanari eta dedikazioari zor zaiolako aitorpen hau lortu izana. Iñigo Urkulluk EHUrekiko hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du, baita BioGurutzeta bestelako eragile zientifiko-teknologikoentzat eta enpresa-sektorearentzat irekita egotea ere, Euskadin aberastasuna eta lana sortzen laguntzeko. 

OSASUNA, HERRIALDE MAILAKO APUSTUA

Azken finean, osasun-zientzien aldeko herrialde mailako apustua da, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren eta Espezializazio Adimendunaren Estrategiaren barrukoa, zeinetan osasun sistema oinarrizko zutabea den. BioGurutzeta eta Biodonostia institutuetan, Bioaraban eta Basurtu eta Galdakaoko ikerketa-unitateetan islatutako ikerketa- eta berrikuntza-potentziala lehiakortasun-bektore giltzarria da Euskadirentzat, 2 milioi biztanleko lurraldea izanik.  

Osasuneko sailburu Jon Darpónen ustez, BioGurutzetari Ikerketa Sanitarioko Institutu akreditazioa ematea, hala ere, zentro gisa garatzeko hasiera besterik ez da. Orain, tokian tokiko, Estatuko eta nazioarteko harreman- eta elkarlan-sare bat eratzen jarraitu behar du, biomedikuntzako ikerketa-zentroen elitean jarraitzeko. «Eta horretarako –adierazi du–, Osasun Sailaren inplikazioa ez ezik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarena eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailarena ere izango ditugu».

BIOGURUTZETA IKERKETA INSTITUTUA

BioGurutzeta Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta erakunde sanitario integratuko (ESI) Ikerketa Sanitarioko Institutua da; hau da, Euskadiko osasun-arretako erreferenteetako batekoa, bai irakaskuntzan bai ikerketan ibilbide sendokoa. Hain zuzen ere, bere ikerketa-unitatea antzinakoenetakoa da, ISAFek 1993an akreditatu zuen, eta hasieratik, Carlos III.a Osasun Institutuko ikerketa-egituretan (RETICS, CIBER eta Plataformak) parte hartzen du. 

Urte hauetan, antolaketa- eta zientzia-egitura eratzen joan da, baita institutuaren barruan taldeak, unitateak eta organizazioak integratzeko akordio eta hitzarmenak egiten ere. BioGurutzeta osatzen duten kideen artean, Osasun Saila, Osakidetza, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) eta BIOEF Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioa daude. Gainera, zientziaren eta teknologiaren arloetako hainbat eragilerekin aliantza-sare bat eratu du. Horren barruan, CICbioGUNE, BCAM, BERC Achucarro eta Ikerbasquerekin egindako akordioak nabarmentzen dira. 

BioGurutzetak 58 ikerketa-talde dauzka, 7 ikerketa-arlotan banatuta: Osasuneko Lehen Mailako Arreta, Prebentzioa eta Gaixotasun Kronikoak; Minbizia; Endokrinologia, Metabolismoa, Elikadura eta Giltzurrunetako Gaixotasunak; Gaixotasun Autoimmuneak, Hanturazkoak eta Infekziosoak; Nerbio Sistemako Gaixotasunak; Kirurgia, Transplante eta Osasun Teknologietako Berrikuntza, eta Ama-Haurrentzako Osasuna eta Laguntza Bidezko Ugalketa. Bere lana egiteko, Animaliategi bat eta Animaliekin Esperimentatzeko Unitate bat, Biobankua eta Genetika-Genomika, Metabolomika eta Proteomika, Zelula Hazkuntza, Fluxu Zitometria, Mikroskopia, Terapia Zelularren Areto Zuria, Biomedikuntza Kuantitatibo, Epidemiologia Kliniko, Euskarri Metodologiko eta Entsegu Klinikoetako plataformak dauzka.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @CyberEuskadi
    2015.eko otsailak 05

    Comentario de Twitter:
    "El lehendakari felicita a Biocruces por la obtención de la acreditación como Instituto de Investigación Sanitaria" http://t.co/vf8lPjyFCD

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Goirizelaia,