Berriak Lehendakaritza
Eu

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Mari Aburtok agur esan dio Eusko Jaurlaritzari

2015.eko otsailak 03

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Mari Aburtok datorren asteartean kargua utziko duela adierazi du gaur goizean. Gobernu-kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan egin du iragarpena. Horrez gain, Hirugarren Sektorearen Lege Proiektua ere aurkeztu du Aburtok. Bilboko alkategaia izango da Aburto datozen udal-hauteskundeetan.

«Hau bezalako proiektu batean parte hartzeko aukera» emateagatik eskerrak eman dizkio lehendakariari sailburuak, baita gobernu eta saileko kideei ere. Aburtok «pertsona ahulenen gizarte-eskubideen alde» lan egiteagatik ere eman ditu eskerrak hitzaldian. Gobernuan emandako denboran egindako proiektuetan, besteak beste, hainbat erakunderen arteko gizarte-zerbitzuetako zorroaren dekretuari buruz, bere iritziz, egindako hitzarmen «historikoa» nabarmendu du Aburtok, baita gaur aurkeztutako Hirugarren Sektorearen Legea edo Gizarte Elkarrizketarako Mahaiaren eraketa ere. Hala ere, atsekabetuta agertu da hori ez delako osorik sortu, bai eta gizarte-babeserako sistema «eztabaida antzu»ekin zalantzan jarri dutelako ere.

Halaber, hedabideek egindako galderei erantzunez, Josu Erkoreka bozeramailea harrituta agertu da Kutxabanken salaketari dagokionez, Jaurlaritzak ez baitzuen horren berri. Jaurlaritzak ez du horri buruzko iritzirik emango ikerketa judiziala argitu arte, zehaztu du bozeramaileak. 

Maite Iturberi dagokionez, EITBko zuzendariak berak lan-eskaintza publikoaren gainean hartutako erabakiak azaltzeko Eusko Legebiltzarrean agerraldia egitea eskatu duela adierazi du Erkorekak. Jaurlaritzaren iritziz logikoa da lehenik haren azalpenak entzutea kargutik kentzeari buruzko proposamenak egin aurretik. Nolanahi ere, aipatutako deialdia abiarazteko erabakia EITBko administrazio-kontseiluaren % 70ak hartu zuela zehaztu du Erkorekak. 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)