Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Eduardo Puellesen omenaldian parte hartu du

2010.eko ekainak 19

Duela urtebete ETAk Eduardo Puelles hil zuen, Arrigorriaga herri bizkaitarreko Santa Isabel auzoan bere autoa hartzera zihoala

Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkari batzuek omenaldian parte hartu dute Polizia Nazionaleko inspektorearen familiarekin batera. Lehendakariaren hitzetan, “ETA garaitu dugu, inoiz ere ez baitu inolako helbururik lortuko” eta ezker abertzaleari “ekintza argien” bidez talde terroristatik bereiz dadila eskatu dio.

Patxi López lehendakariak gaur Eduardo Puelles Polizia Nazionaleko inspektorearen omenaldian parte hartu du. ETAk duela urtebete hil zuen. Lehendakariak “indarkeria desagerraraztea eta desberdinak garenok elkarrekin bizitzea lortzeko” konpromiso pertsonal eta kolektiboa adierazi du eta Ertzaintzaren eta Estatuko segurtasun indar eta gorputzen eraginkortasunari esker ETA “gero eta ahulago” dagoela esan du. Horrez gain, justiziaren irmotasuna eta nazioarteko lankidetzari esker, eta terrorismoaren deslegitimazioari eta ETAren kontrako borrokan gizarteak eskaini duen babesari esker, talde terroristaren azkenera hurbiltzen ari garela ziurtatu du.

Puellesen omenaldian gauzatu duen esku-hartzean, lehendakariak ezker abertzaleari “indarkeriarekin hausteko” eskatu dio, "beraiek baitira” politika egiteko “beren erabakiak hartu behar dituztenak” eta “dagoeneko hitzak soilik ez direla nahikoa” gehitu du.

ETA garaitu dugu, inoiz ere ez baitu inolako helbururik lortuko, izan ere, bizikidetza libre eta demokratikoa Euskal Herri osotik zabaltzen ari baita” esan du lehendakariak eta ezker abertzaleari terrorismoaren alde jarduteari uko egiten diola frogatzeko "ekintza argiak" gauzatu behar dituela esan du eta “ETA lehenbailehen desagerrarazteko demokratekin batera lan egiteko” eskatu dio.

Lehendakariak Eduardo Puelles “gutariko bat eta gure askatasunen zaindaria” zela gogoratu du. Gaur Polizia Nazionaleko inspektorearen familiak loreak jarri ditu Eduardo Puelles hil zen tokian. Haren senideekin batera, lagunak, auzokideak eta Eusko Jaurlaritza eta beste euskal erakunde batzuetako ordezkariak bildu dira ekitaldian.

Amaieran, ETAren biktima guztiak gogoratzeko bideo bat proiektatu da eta bertaratuek "Edu gogoan zaitugu. ETA kanpora" zioen pankarta sinatu dute, inspektorearen senideek haren omenez azken hamabi hilabeteotan egin diren kontzentrazioetan eraman duten pankarta, hain zuzen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria