Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak baccharis landare inbaditzailea desagerrarazteko egindako lanek Europako Batzordearen aitorpena jaso dute

2015.eko urtarrilak 30
  • Ekimen hau Best of the Best sarietako hautagaia izango da, ekaineko Aste Berdean

Europako Batzordeak Eusko Jaurlaritza Txingudi, Urdaibai eta Lean baccharis landare inbaditzailea desagerrarazteko egiten ari den lana aukeratu du bere LIFE programan, «2014n Europa osoan ebaluatutako 46 LIFE-Natura proiektuetatik 13 onenen arteko bat» gisa.

Simon Grossek, Europako Batzordeko Ingurumen zuzendaritza nagusiko Life programako Bruselako arduradunak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari esan dionez, Txingudi, Urdaibai eta Leako paduretan baccharis landare inbaditzailea desagerrarazteko jarduera «2014n ebaluatutako 46 LIFE-Natura proiektuetatik 13 onenetako bat gisa aukeratu da, eta ekainaren 4ko Europako Aste Berdean aurkeztu ondoren, onenetan onenak izendatuko diren hiru proiektuetako bat izateko aukera du».

Datozen egunetan, Europako Batzordeak «Best LIFE Natura» aitortza emango dio eta liburuxka batean aurkeztuko du, baita LIFEn webguneko berariazko orrian ere. Estatu kideek aurtengo proiekturik onenak ebaluatzen jarraitzen dute, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren ekimena, hiru Best of the Best LIFE-Natura eta Best of the Best Life-Informazioa proiektuak aukeratzeko. Emaitzak apirilean iragarriko dira.

Sari-emate ekitaldia ekainaren 4an, osteguna, egingo da, Bruselan, eta han, hainbat herrialdetan egindako ekimenak aurkeztu eta azalduko dira

 

INFO+

          LIFE Estuarioak proiektuak geldiarazi egin du Baccharis halimifoliaren zabalkundea euskal kostaldean

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak garaturiko eta  Europar Batasunak finantzaturiko LIFE Euskadiko Estuarioak proiektuak geldiarazi egin du Baccharis halimifolia landare inbaditzailea –chilca izenez ere ezaguna–  euskal kostaldean hedatzea, Urdaibaiko, Leako eta Txingudiko estuarioetako 780tik gora hektareatan eginiko eliminazio-tratamenduei esker. Guztira espezie inbaditzailearen 570.000 zuhaixka tratatu dira eta 5 milioi plantula kendu dira eskuz; horri esker, Batasun-mailako intereseko 300 hektarea inguru habitat hobeto dira ingurumenaren aldetik.

LIFE Estuarioak proiektuak bere lau urteko ibilbidean lorturiko emaitzak biodibertsitatearen arloko ehun bat profesionalei aurkeztuko zaizkie bihar Euskadiko Biodibertsitate Zentroan, Busturian (Bizkaia), Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendari Amaia Barredok inauguraturiko jardunaldi tekniko batean.

«Bertakoak ez diren espezieak lurralde berrietara ekartzen direnean, nahita edo nahi gabe, ingurumen-inpaktua oso handia izan daiteke, baita inpaktu ekonomikoa eta soziala ere. Europar Batasunaren kasuan, urteko 12.000 milioi eurotan baloratu dira eragin horiek», adierazi du Barredok.

Natura Ingurunearen zuzendariak nabarmendu duenez, espezie inbaditzaileak ekartzeak eragin negatiboak izan ditzake, esaterako «gizakiei gaixotasunak transmititzea, biodibertsitatea galtzea, baita tokiko espezieak desagerraraztea ere. Horren adibide dira bisoi europarraren kontserbazio arazoak, amerikarraren lehiaren ondorioz, edo estuarioetako habitaten hondatzea eta galera, Baccharis halimifoliaren okupazioa dela-eta. Euskadiko estuarioak leheneratzeko LIFE proiektuari esker, ihitokiak, larre gaziak eta lezkadiak berreskuratu ahal izan dira, guztiak ere habitat garrantzitsuak hegazti-espezie babestuek habiak egiteko», zehaztu du Amaia Barredok.

Edozein espezie inbaditzaile behar bezala eliminatzea lortzeko gakoetako bat hark bere inbasio-tresnak martxan jartzea eragoztea da. Baccharis halimifolia espeziearen kasuan tresna horiek hazi-ekoizpen handia, ernaberritzeko gaitasuna eta hazkunde azkarra dira. Planteamendu hori oinarri hartuta hasi ziren 2011n LIFE proiektuaren lanak. Une horretan, eraginik handiena jasotako eremuari eman zitzaion lehentasuna: Urdaibai. Lehenengo urtean landare helduak zituzten 200 hektarea inguru tratatu ziren estuario horretan, eta 80 hektarea plantula erauzi ziren eskuz. Hurrengo bi urteetan, Urdaibain chilca ernaberritutako lekuetan lan egiten jarraitzeaz gain, Lean eta Txingudin ekin zitzaien lanei.

Guztira 780 hektarea gordinetan egin dira basoko lanak, eta, kalkuluen arabera, 570.000 landare heldu deuseztatu dira, eta 75 cm-ra arteko bost milioi plantula erauzi dira eskuz. Lanak urte osoan egin dira, urtaro bakoitzean egokienak ziren metodologiak txandakatuta eta, bai neguan, bai udan, baldintza-meteorologiko oso txarrei aurre eginda, baita itsasaldiei, paduretako irisgarritasun-zailtasunei eta abarri ere, eta, betiere, espezie babestuen ziklo biologikoak errespetatuta.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko