Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Euskadiko ingurumen-interpretaziorako zentroek hezeguneen ingurumen-balioa nabarmendu dute

2015.eko urtarrilak 30

Astelehena, otsailaren 2a, Hezeguneen nazioarteko eguna 

Amaia Barredo: “asteburu honetan jarduera entretenigarriak izango ditugu Txingudi eta Urdaibain, eta une ona izango da, halaber, Guardia, Arreo-Caicedo Yuso edo Ulibarri-Ganboako aintzirak ezagutzeko” 

Datorren asteburuan, Eusko Jaurlaritzak Txingudin eta Udaibain dituen Ingurumen-interpretaziorako zentroek hainbat jarduera garatuko dituzte Hezeguneen balioa nabarmentzeko eta zerbitzu horiek komunitateari eskaintzen dizkioten zerbitzuak azaltzeko. Denbora aldetik, ekimena bat dator Hezeguneen Mundu Egunarekin, zeren hau datorren astelehena izango baita –otsailaren 2a-; aurten, ekimenaren lema “Gure etorkizunerako Hezeguneak” izango da.

Urtero, otsailaren 2a Hezeguneen Mundu Eguna izaten da. Egun horretan, Hezeguneei buruzko Ramsar Konbentzioaren onarpena gogoratzen da. Hasieran, konbentzio horren ardatza hezeguneen kontserbazioa izan zen, Hegazti urtarren habitat gisa; orain, baina, ekosistema hauen kontserbazio eta erabilera arrazionalaren alderdi guztiak hartzen ditu barne, zeren garrantzitsutzat jotzen baitira bai Biodibertsitatearen kontserbazio globalarentzat eta bai giza komunitateen ongizatearentzat.

Nazioarteko Garrantzia duten Hezeguneen Zerrendan, mundu osoko 2000 hezegune inguru daude sartuta, eta horietako sei Euskal Autonomia Erkidegoan daude : Urdaibai, Txingudi, Guardiako Aintzirak, Ullibarri-Ganboako Urtegiaren adarrak, Salburua eta Gesaltza Añana-Caicedo Yuso Aintzira. Guztira, hezegune horiek 1.734,1 hektarea okupatzen dituzte,  lurraldeko osoko azaleraren % 0,23.

“Heguneak Ramsar Zerrendan sartzeak haien ezaugarri ekologikoak bermatzeko neurriak hartzera behartzen du”, azaldu du Amaia Barredok, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Plangintzaren zuzendariak. “Hezeguneek ingurumen-zerbitzu ugari eskaintzen dituzte. Espazio horiek funtsezkoak dira ur gezaren hornidura eta arazketarako; izan ere, lagungarriak dira lurpeko akuiferoak betetzeko, eta milaka milioi pertsona elikatzen dituzten elikagaiak ematen dituzte.

 “Gainera, hezeguneek belaki natural gisa funtzionatzen dute uholdeen eta lehorteen kontra, eta kostaldeak babesten dituzte modu naturalean. Biodibertsitatez josita daude, eta ezinbesteko baliabideak dira karbonoa metatzeko. 1900 urteaz geroztik, planetako hezeguneen % 64 desagertu da giza jardunaren eraginez; alde horretatik, nazioarteko jarraibideek bultzatzen gaituzte ekosistema horiek eskaintzen dituzten zerbitzuak kontuan hartzen dituzten politikak garatzera, joera horri buelta ematen laguntzeko”, gaineratu du Barredok.

Eusko Jaurlaritzak ildo horretan lan egin du 2004az geroztik, haien babesera zuzendutako nazioarteko planekin konprometituta. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezguneen Lurralde Plan Sektoriala landu du, EAEko hezeguneak identifikatzeko eta inbentariatzeko. Lurraldea antolatzeko tresna horren helburua da lurzoruaren erabileren erregulazioa ezartzea, antolamendu kategoria multzo baten arabera.

“Otsailaren 2ak, Hezguneen nazioarteko eguna denez, herritarrak gehiago sentsibilizatzeko jarduera ugari egiteko aukera eskaintzen die Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Sailak kudeatzen dituen Txingudiko ingurumen-interpretazio zentroari eta Euskadiko Biodibertsitate Zentroari; jarduera horien bidez, hezeguneetako ingurumen-balioak eta ekartzen dituzten onurak nabarmenduko dira, eta ezagutzera emango da esparru horiek babesten dituen Ramsar Konbentzioa”, adierazi du Amaia Barredok.

Txingudi eta Madariaga Dorreko jarduerak

Bere Txinbadia programaren baitan, Ekoetxea Txingudi interpretazio zentroak ekintza hauek eskainiko ditu: ornitologia ezagutzera emateko ibilbide naturalista bat Jaizubian; hegaztiei eta haien sekretuei buruzko solasaldi bat; hezeguneei buruzko haur-tailer bat; hezegunea bisitatzeko ibilbideak, gazteengana zuzenduak; eta argazki-lehiaketa bat, hau ere gazteentzat, Ramsar hezeguneei buruzkoa. Jarduera horietako edozeinetan parte hartzeko, webgunea kontsulta daiteke eta izena emateko modua zein den begiratu: www.txinbadia.eu.

Beste alde batetik, Euskadiko Biodibertsitate Zentroa – Madariaga Dorreak 2015eko urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean gauzatuko ditu bere jarduerak. Hala, urtarrilaren 31n, larunbata, goizeko 10:00etan, doako bisita gidatu bat egingo da Kanalako polderrean (Ramsar gunea). Geroago, 11:30ean, aurreikusita dago haur-tailer bat egitea, hezegune naturalizatu bat sortzeko zentroaren kanpoaldeko esparruak. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Aztarna eta arrastoen tailer bat egingo da hezeguneetan: haur-tailer bat, hezeguneetan bizi diren espezieen aztarna eta arrastoen eskulan dibertigarriak eskaiolaz egiteko. Azken bi tailer horiek 6 urtetik gorako haurrentzat dira, eta bakoitzaren tarifa 2 € dira.

 Otsailaren 1ean, igandea, goizeko 10:00etan, ibilbide gidatu bat egingo da Urdaibaiko Paduretatik (Ramsar gunea), eta geroago zentroa bisitatuko da. Ibilbide hau era guztietako publikoentzat da egokia, eta 3 €ko tarifa du pertsona bakoitzeko. Horren ostean, 12:00etatik aurrera, mahai-joko bat izango dugu: “Hezeguneak”; bertan, parte-hartzaileei erakutsiko zaie nola presta daitekeen hezeguneei buruzko mahai-joko bat. 6 urtetik gorako haurrengana zuzentzen da, eta parte-hartzeak ez du inolako kosturik.

17:00etan, larunbateko tailerra errepikatuko da, hau da, eskulanak egitea hezeguneetan bizi diren espezieen arrastoez. 17:30ean, berriz, “Tierras de Agua Dulce” dokumentala emango da. Dokumental horrek gizakiaren eta uraren arteko harremana esploratzen du, eta garapen jasangarria bultzatzeko beharraz ohartarazten gaitu, uraren zikloa ez nahasteko. Bukatzeko, 18:00etan, bisita gidatu bat izango dugu: Hezeguneak eta Biodibertsitatea. Zentroko erakusketa-guneak zeharkatuko dituen doako ibilbide bat, era guztietako publikoentzat. Gainera, asteburu osoan, hezeguneei buruzko Informazio Puntu bat egongo da.

Euskadiko Biodibertsitate Zentroak antolatutako jardueretan parte hartu ahal izateko, lekua erreserbatu behar da 946870402 telefonoan edo info@torremadariaga.org Helbidean.

Bestalde, Ramsar Konbentzioak argazki-lehiaketa bat antolatuko du; bertan, parte-hartzaileek hegaldi bat irabazi ahal izango dute, munduko edozein lekutako hezegune batera joateko. Baldintzak hauexek dira: argazkia hezegune batean hartzea otsailaren 2a eta martxoaren 2a bitartean, eta autorea 15 eta 24 urte bitartekoa izatea. Informazio gehiagorako, kontsultatu webgune hau: http://www.worldwetlandsday.org/es.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)