Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatuko du prezipitazio iraunkorrengatik, elurragatik eta olatuengatik

2015.eko urtarrilak 29

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja deitu du biharko (ostirala) 00:00etatik 24:00etara eta etziko (larunbata 31) 12:00etara bitartean, prezipitazio iraunkorrak direla eta. Itsasoan eta kostaldean ere alerta laranja dago deituta 00:00etatik 24:00etara eta alerta laranja elurragatik larunbateko 15:00etatik 24:00etara bitartean.

Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenen arabera, bihartik aurrera, denborale gogor bat jasango dugu EAEn, ipar-ekialdeko korridore bat sortuko baita Azoreetako antizikloiaren eta Europako iparraldean dagoen depresio sakon baten artean.

Korridore horretan hainbat fronte sortuko dira eta bete-betean eragingo dute EAEn. Hala, prezipitazio ugari eta iraunkorrak izango ditugu, baita ipar-ekialdetik joko duten haize bortitzak ere, eta elurteak ere izango dira, gero eta maila baxuagoetan egunek aurrera egin ahala. Itsasoaren egoerak ere nabarmen egingo du okerrera.

Eurite ugari eta iraunkorrak

Euskalmeten arabera, gaur, hilak 29, goizeko bigarren erditik aurrera prezipitazioak nabarmenagoak izango dira. Oro har, iraunkorrak eta intentsitate ertainekoak izango dira. Gainera, baliteke uneren batean intentsitate handikoak izatea, batez ere bihar, ostirala.

Kantauri isurialdean hurrengo bost egunetan euri ugari egitea espero da. Arabako Lautadan ere euri ugari egitea dago iragarrita, neurri txikixeagoan izango bada ere.

Gainera, ostiral gauetik aurrera eta asteburu osoan, txingor-zaparradak izango dira Kantauri isurialdean. Prezipitazio kantitate handienak ostiralean izango dira. Baliteke metatutako gehienekoak 80 mm-tik gorakoak izatea Kantauri isurialdean, eta 30-40 mm-tik gorakoak Arabako Lautadan. Ez du gainera atertuko astelehenera bitartean (hilak 2).

Elurra

Lehen egunetan elur-maila 1.000 metroren inguruan kokatuko da, eta baliteke asteburuan jaistea. Horrenbestez, prezipitazioek elur-forma izango dute gero eta maila txikiagoetan: larunbatean, hilak 31, 1.000 metrotik 600-800 metrora jaitsiko dira arratsaldean eta 300-400 metrora egunaren amaieran. Gainera, baxuagoak izango dira ekaitzen eremuetan.

Elur-kota igandean jaitsiko da gehien, otsailaren 1ean, eta baliteke 200-300 metroraino jaistea. Halaber, elur-ekaitzen ondorioz, baliteke 100-200 metrora ere jaistea aldian-aldian. Bestalde, igandean baliteke ekaitz-zaparradak ohikoak izatea, batez ere kostaldean.

Itsasoaren egoera

Euskalmeten iragarpenaren arabera, itsasoaren egoerak ere okerrera egingo du nabarmen, eta egoera zakarra izango dugu. Gaurko egunean zehar olatuak gero eta altuagoak izango dira, 3 metro ingurukoak goizean eta 5 metrotik gorakoak iluntzean.

Ostiralean, hilak 30, baliteke olatuak altuagoak izatea, 7 metrotik gorakoak, batez ere, egunaren lehen erdian, haizeak mendebaldetik eta ipar-mendebaldetik joko baitu 7 eta 8 arteko indarrarekin. Egunaren amaiera aldean, olatuak txikiagoak izango dira, 5 metro ingurukoak, eta baliteke asteburuan maila horri eustea.

Laburbilduz, itsasoaren egoeragatik eta mendebaldetik eta ipar-mendebaldetik joko duen haize bortitzagatik, nabigatzeko baldintza oso txarrak izango dira. Hala ere, nabarmendu behar da olatu altuek marea hilekin bat egingo dutela eta, horrenbestez, ez dela aparteko ondoriorik espero kostaldean.

Haizea

Haizeak mendebaldetik eta ipar-mendebaldetik joko du, eta indarra hartuko du gaur arratsaldean. Baliteke gune irekietan 100 km/h-tik gorakoak izatea, bereziki, kostaldean eta Kantauri isurialdeko mendietan. Gune ez irekietan

70-80 km/h-ko abiadura izango dute, batez ere, kostaldetik gertu. Horregatik, baliteke batzuetan 80 km/h-tik gorakoak ere izatea.

Ostiral goizean, egoera antzekoa izango da, baina haizeak indarra galduko du egunak aurrera egin ahala. Asteburuan, ordea, haizeak indarra hartuko du berriz, eta baliteke kostaldean eta mendi inguruetan 80100 km/h-koa eta gainerakoan 60-80 km/h-koa izatea.

Fïnean, egoera aurreikusitakoa bada, aurtengo neguko denborale gogorrena izango dugu, eta prezipitazio ugari, haizea, egoera txarreko itsasoa eta elurteak izango ditugu. Elurteei dagokienez, asteburuan, igandean batez ere, elur-maila baxua izango da eta baliteke elur kantitate nabarmenak pilatzea.

 

Oharra: Kontuan hartu behar da denborak aurrera egin ahala aurreikuspenen fidagarritasunak behera egiten duela; hori dela eta, iragarpenen eguneraketak jarraitzea gomendatzen dugu Euskalmeten orria bisitatuta ( http://www.euskalmet.net) edota Twitterra irakurrita (@Euskalmet).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko