Berriak
Eu

Euskadi EBren buruan pobreziaren aurkako borrokan

2010.eko ekainak 18

Pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurkako Europako Foroa. Diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko euskal sistema, pobreziaren kontra borrokatzeko errezeta aukeratu dute Europan  

 

Bruselan, Eusko Jaurlaritzako Enplegu, Prestakuntza eta Gizarteratzeko sailburuordeak, Javier Ruizek, pobreziak jotako euskal herritarren kopurua gutxitzeko asmoz Euskadin martxan jartzen ari diren neurriak aurkeztu zituen Pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurkako Europako Foroan.

Sailburuordeak adierazi zuenez, pobreziaren indizea Euskadin %3,2koa da, eta Eusko Jaurlaritzaren egungo helburua indize hori %3tik behera jaistea da. Europako Foroaren arduradunen esanetan, "diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko euskal sistemak Euskadi EBren buruan jarriko luke pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurkako borrokan, eta, horrela, pobreziaren aurka borrokatzeko errezetetariko bat da Europan".

Europar Batasuneko erakundeetako eta Europako eskualdeetako ordezkarien eta gizarte-politiken alorreko adituen aurrean, pobreziaren aurka borrokatzeko Europako politikarik onenak eztabaidatu ziren. Entzule asko izan ziren eta aurrez aurre ezagutu ahal izan zuten gizarteratzeko eta gizarte-babeserako euskal eredu berria. Eredu berri horren ezaugarri nagusia da herritarrek babes ekonomikorako eta gizarteratzeko eta laneratzeko duten eskubidea bermatzen duela.

Krisi egoeretan Europako herritarren arazoei erantzuteko proposamenik onenen gainean eztabaidatzeko Europako erakundeek ezarritako ekimenen barruan kokatzen dira Europako foroak. Sailburuordeak foro horretan Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak eta idazkaritza horrek Bruselan daukan ordezkaritzak bultzatuta -Euskadiren Ordezkaritza Bruselan- parte hartu zuen.

 

Diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko euskal sistema: pobreziaren kontra borrokatzeko errezeta Europan


Sailburuordeak, bere hitzaldian, diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko euskal sistemaren oinarrizko printzipioak aurkeztu zituen, gizarte-babesean eta enplegua sustatzean oinarritutakoak.

Euskadik politika aktiboagoak egiteko beharrizana defendatu zuen, gizarteratzaileak ez diren eta laneratzea eta gizarteratzea bultzatzen ez duten laguntza-ekintzak alde batera utziz. Ruizek zehaztu zuenez, "Eusko Jaurlaritza, gaur egun, gizarteratze politika aldatzen ari da, izan ere, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitzako Gastuak Osatzeko Prestazioa jasotzen dutenek zuzen-zuzenean lotzen baitute hori prestakuntza eta laneratzearekin".

Hasiera batean, errenta horiek baliabide ekonomiko propiorik izan ez eta hileroko diru-sarrerak oinarrizko errenta baino txikiagoak dituzten pertsonentzat ezarri ziren, bai eta diru-sarrerak eta baldintzak aintzat hartuta bizitza duina izan ezin duten pentsiodunentzat ere. Laguntza horiek udalek kudeatzen dituzte orain.

Eusko Jaurlaritzaren hurrengo erronka da Legea aldatzea, diru-sarrerak bermatzeko politikak Lanbidera (Euskal Enplegu Zerbitzua) pasatzeko, eta, horrela, prestaziorako eskubidea lana sustatzearekin lotuta izan dadin. Sailburuak nabarmendu zuenez, "modu horretan Lanbideko bulegoek lotu egingo dituzte prestazioak eta lana sustatzea, bi arloak kudeatuz lehen aldiz".

Halaber, aitzindaria da Europan Errenta Aktiboko Plan Pilotua. Kudeaketa eredu berriaren eraginkortasuna probatzeko abiatu da eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak Euskadiko zortzi udaletan aplikatu du (Elgoibar, Erandio, Amurrio, Agurain, Irun, Portugalete, Lasarte eta Basauri).

 

Estekak:

- Gizarteratzea (Eusko Jaurlaritza - Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila)

- '2010. Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurka borrokatzeko Europako Urtea'

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Javier Ruiz. Enplegu, Prestakuntza eta Gizarteratzeko sailburuordea